Abenduaren 19an bozkatuko da Nafarroako Parlamentuan 2025eko aurrekontua

Nafarroako Gobernuak aurrekontuen lege proiektua onartu du eta parlamentuan aurkeztu du. Hilabete eta erdi inguru iraungo du legebiltzarreko tramitazioak.

Unai Hualde legebiltzarreko presidentea eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. MIGUEL OSES / FOKU
Unai Hualde legebiltzarreko presidentea eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. MIGUEL OSES / FOKU
joxerra senar
2024ko urriaren 30a
16:45
Entzun

Behin EH Bildurekin akordioa lortuta eta etxeko lanak eginda, Nafarroako Gobernu kontseiluak 2025eko lege proiektua onartu du. Eguerdian, 13:00etan, Nafarroako Legebiltzarrean tramitatu du dokumentua, eta orain hilabete eta erdiko bidea egin beharko du bertan. Abenduaren 19ko osoko bilkuran bozkatuko da azkenik, eta EH Bilduren abstentzioak ahalbidetuta aterako da aurrera.

Kopuru handiei begira, 5.986,6 milioi euro izango ditu gobernuak, finantza gastuak kenduta, gastu eta inbertsio publikorako, aurten baino 51 milioi euro gehiago. Arastik nabarmendu du goranzko joera geldiezina dela, eta 2018tik %54 handitu dela. «Deigarria da datua, garai zailak utzi ditugulako atzean. Pandemiak etorkizunari buruzko zalantza ugari piztu zituen, eta ondorengo susperraldia agertoki belikoek astindu zuten, eta ekonomian eragin dute».

EH Bildurekin egin du akordioa gobernuak, eta UPN beste behin bazterrean geratu da. Horri buruz galdetuta, Arastik erantzun du zaila dela haiekin negoziatzea: «Astetik astera, ostegunero, gobernuaren jarduera kolokan jartzeko ahal duten guztia egiten dute, eta, lehendakaria iraintzen dutenez, gobernu osoa iraintzen dute. Beraz, zaila da haiekin esertzea».

Egutegia

Behin lege proiektua aurkeztuta, bere bidea egingo du parlamentuan: azaroaren 5ean kaleratuko da Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean; taldeek azaroaren 11ra arteko epea izango dute osoko zuzenketak aurkezteko eta hil horren 19ra arteko zuzenketa partzialak aurkezteko. Eskuineko alderdiek osoko zuzenketa aurkeztuz gero, azaroaren 21eko osoko bilkuran bozkatuko dituzte.

EH Bilduk horiek atzera botatzeko konpromisoa hartu duenez, abenduaren 9tik 13ra arteko astean eztabaidatuko dituzte zuzenketa partzialak Ekonomia eta Ogasun batzordean. Azkenik, abenduaren 19ko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte eta bozkatuko dituzte aurrekontuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.