Abeberriren ibilbide oparoa ohoratu dute

«Hats luzeko» abertzale eta kulturgilea izan dute gogoan. Eragile anitzetako ordezkariak izan dira miarriztarrari egindako omenaldian

Abeberriren omenezko ekitaldia, atzo, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Garazi Aduriz
Miarritze
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Miarritzeko (Lapurdi) Santa Eugenia eliza hertsi gelditu zen atzo, Jakes Abeberriri egindako azken agurreko mezan. Mugimendu abertzalearen bultzatzaile eta erreferente nagusietako bat izan da urteetan. Iragan astean zendu zen, azaroaren 29an, 92 urterekin. Enbata aldizkariko kideek eta Abeberriren hurbilekoek antolatu zuten omenaldia: kantu liburuxka aldizkariaren azala balitz bezala egina zuten. Abeberriren argazkia, zuri-beltzean, eta hitz hauek: «Agur eta ohore, Jakes».

Oldarra abesbatzako kideak aritu ziren kantari; Abeberri bera kantari eta lehendakari izan zen. Oraingo lehendakari Marc Mariek gogoan izan zuen abesbatza bultzatu zuen gizonaren gisan. Enbata-ko erredaktore Ellande Duny-Petrek, gisa berean, «Enbataren sortzaile eta bultzatzailea» ohoratu zuen.

Mundu politikoko zein kulturaleko ordezkariak ere bertaratu ziren. Maddalen Iriarte EH Bilduko eleduna, erraterako, honela mintzatu zen: «Abeberri abertzale handi bat izan zen, euskal kulturari eta euskalgintzari bizia eman zizkiona. Azken agurra ezin dugu huts egin, bere Miarritze maitean ohore egiteko».

Militantzia aitatxia

Gisa berean mintzatu zen Nikolas Blain EH Baiko bozeramailea. «Militantziako aitatxi bat galdu dugu. Garai batean, basamortua zeharkatu zuen beste zenbait lagunekin batera, gure ideien plazaratzeko. Abeberrik bururaino iraun du, Batera plataforman, EH Bai-n, eta Enbata aldizkarian. Bururaino, azken asteetako EH Bairen kongresuko testuak lantzeraino».

Kristiane Etxaluz ezker abertzaleko militante historikoak «eredu» gisa oroitu du Abeberri. «Militante ezin hobea zen. Gizon irekia zen, beti prest zena. Kontraesanez betea zen, eta, hain zuzen horregatik zen eredu. Gaiztoa ere izan zitekeen etsaiarekin, baina etxekoekin beti alde, beti ona».

Bizia arteari begira

Politikan ez ezik arte munduan eta kulturan ere eragin «handikoa» izan zela oroitu zuten. Abeberriren bidelagun miarriztar Aña Mari Greniek azpimarratu zuen Abeberrik kulturgintzan «sekulako ekarpena» egin zuela Miarritzeko Herriko Etxeko lehen axuant zelarik. Enbata alderdiaren sortzaile gisa ere gogoan izan zuen; nabarmendu zuen abertzaleen kontrakoek «Enbata zikina» irain gisa baliatu zutela luzaz abertzaleen kontra.

Kepa Akixo Zigor eskultorea Abeberriren hurbileko laguna izan zen urte luzez. «Lagun mina izan da Jakes, eta kultur arloan, artea bizitzeko beharrezkoa zela aitzinera eman zuen lehenetarikoa izan zen Lapurdin».

Jean Mixel Bedaxagar kantari zuberotarrak «elkar gurutzatu» zutenekoa izan zuen gogoan, «elkarrekin bestan, dantzan eta musikan» aritu zirenekoa. «Aspaldidanik izen ezaguna» zuen.

Elizkizunaren ondotik, omenaldi publikoa egin zioten Santa Eugenia plazako kioskoan, itsasoari so. Familiako kideek ikurrinaz jantzi zuten hilkutxa, eta Agur, jauna kantuz hartu zuen publikoak. Ondotik, aurreskua eman zioten dantzariek. Irantzu Idoate Funosas bertsolariak honela kantu zion: «Nahiz gazteek urrun sentitzen dugun/ Jakesen ibilbidea [...]/ zure herria, nirea, gurea behingoz librea/ zuen urratsak izan daitezen borroka adibidea». Patxi Amulet eta Xabi Etxeberri musikariek bururatu zuten omenaldia, Izarren hautsa kantatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.