EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak ABB Araba Buru Batzarreko kideak berriro hautatzeko agindu du, joan den larunbatean izandako bozketan «irregulartasunak» egon zirela argudiatuta. EAJko kide batzuek alderdiko Bermeen eta Kontrolerako Batzordean bozketa hori baliogabetzeko eskaera egin zuten, alderdiko estatutuetan jasotako agindua ez zela errespetatu argudiatuta.EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak arrazoia eman die, eta bozketa berriz egiteko agindu dio alderdiari. Hala, ABBko hamalau kide berri aukeratzeko bozketa asteburu honetan bertan egingo dute. Auzitegiak gaur eta igandera arteko epea jarri du bozketa errepikatzeko.
Haatik, alderdiko Justizia Auzitegiak balekotzat jo du Xabier Agirre ABBko presidente izendatzea. Iñaki Gerenabarrenari hartu zion lekukoa Agirrek, 33 boto jasota. Gerenabarrenak 26 boto bildu zituen denera. Baina Agirreren ildokoak gutxiengoan geratu ziren zuzendaritzan: hamalautik, bost kide. Beste bederatziak Gerenabarrenaren aldekoak ziren.
Joan den larunbateko Herrialde Batzarrak honako kideak aukeratu zituen: Monika Arbaiza, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Natalia Elorza, Unai Grajales, Eugenio Jimenez, Izaskun Moyua, Miren Nanclares, Borja Ormaetxea, Iñaki Prusilla, Ana Ruiz de Alegria, Jose Antonio Suso, Jon Uriarte eta Luis Zarrabeitia.
EAJren barne araudiaren arabera,baina, Herrialde Batzarretako kideek uribatzarrek erabakitakoa errespetatu behar dute, lurralde batzarretako kideenbozketaren lehen itzuliari dagokionez. Horrela egin izan balitz, ABB berrian Agirreren ildoko kide gehiago egongo lirateke.
Agirrek ez zuen espero
Justizia Auzitegiaren erabakia jakin aurretik, ABB berriak lehen bilera egin zuen asteazkenean, Gasteizen.Bozketa baliogabetzeko eskaera mahai gainean zegoen ordurako, eta Agirrek adierazi zuen horrek erakusten duela EAJ alderdi «demokratikoa» dela eta «boterebanaketa» badagoela. Nolanahi ere, ABBren presidentea alderdiaren aukeraketa sistema aldatzearen alde agertu zen, «hobetze aldera». Bere ustetan, sistema «gardenagoa, irekiagoa eta kaleko errealitateari» lotuagoa behar da.
Gainera, Agirrek berak astelehenean aitortu zuen ez zeukala nahiko lukeen taldea ABBn. «Ez dakit bozketan esku beltz bat izan zen edo akats arrunt bat. Bozketa ez zen izan esperotakoa», esan zuen ETB2n. Ondorioz, onartu zuen «tentsioa» egon zela batzarrean. Dena dela, adierazi zuen espero zuela Arabako EAJko bi ildoen arteko lehia bukatzea, «EAJk lidergoa berreskuratu eta Araba abertzalea eta demokratikoa eraikitzeko».
ABBko kideak berriro aukeratzeko agindu du EAJk
EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak esan du «irregulartasunak» egon direla; Agirreren izendapena ontzat jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu