Abbadia saria Pello Jauregiri, Euskaraldiaren teorizatzaileari

Euskararen erabilera areagotzeko ezarritako oinarri teorikoa nabarmendu du Gipuzkoako Aldundiak. Azaroaren 27an jasoko du saria

Pello Jauregi, iraileko artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bigarren Euskaraldia egiteko atarian, Gipuzkoako Aldundiak saritu egingo du ariketa soziologiko hori egin ahal izateko oinarri teorikoa jarri zuen ikerlaria: Pello Jauregi. «Merezimendu osoz» jasoko du saria, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak atzo egindako agerraldian azaldu zuenez. Euskararen Egunaren bueltan banatu ohi dute sari hori, eta aurtengoa azaroaren 27an jasoko du Jauregik.

Aldunditik honako arrazoi hauek eman dituzte Jauregi saritzeko: «Euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu ditu, eta egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik abiatuta, dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du; konbinatu egin ditu, gainera, ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita, eta, hori lortzeko, klaseak emateraino iritsi da; bere ikerketarekin, oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu».

Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria da Jauregi, besteak beste. Hizkuntza ohituretan aldaketak izateko zein aldagaik parte hartzen duten aztertu dute, eta metodologia bat sortu horiek bideratzeko. Eusle metodologia horren erakusle da. Horrek eragina izan zuen Euskaraldiaren oinarri teorikoan, baita Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkak ere, eta horri buruz Jauregik egindako ikerketa oinarri esanguratsua izan zen ariketa sozialerako. Horietan guztietan izan duen parte hartzeagatik sarituko du aldundiak Jauregi.

Mendizabalek nabarmendu zuen, gainera, Euskaraldiak «indar eta ilusio kolektibo berriak» piztu dituela euskaldunen artean. «Euskara biziberritzeko lanean, ziur asko, azken urteotako berririk eta ekarpenik nagusietakoa izan da. Ikusi besterik ez dago lehen aldian herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa». Bigarren Euskaraldiaren atarian, ahalegin hori zabala izaten ari da.

Abbadia saria euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko sortu zen, 1996. urtean. Urtero oroigarria artista gazte batek egiten du, eta Jauregik jasoko duena Xabier Anunzibaik egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.