Abascal eta Aiesa ere ageri dira PPren ustelkeria auziko paperetan

Mariano Rajoy: «Nire eta nire alderdikideen inguruan esan direnak ez dira egia, zer edo zer izan ezik»

ELAk deituta, ustelkeriaren aurkako elkarretaratze bat egin zuten, atzo, Bilbon, Mariano Rajoyren gobernuaren ustezko erantzukizun politikoak berehala argitzeko eskatzeko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Duela bi urte arte, eta bi hamarkada osoz, Espainiako PPren kudeatzaile lehenik eta diruzain gero izandako Luis Barcenasek diru beltzarekin alderdiko hainbat buru eta karguduni egindako ordainketak agerian uzten dituzten paperek PPren Euskal Herriko hainbat ordezkari ere zipriztindu dituzte. Azkeneko biak Santiago Abascal Arabako biltzarkide eta Amurrioko zinegotzia eta Calixto Aiesa Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari izandakoa dira. Igandean Espainiako El País egunkariak paper gehiago agerian utzi ondoren agertu dira bien izenak. Aiesak igandean bertan aitortu zuen paperetan ageri ziren ordainketak jaso zituela. Abascalek, berriz, atzo aitortu zuen gauza bera egin izana.

Azken horri dagokionez, 1999ko uztaileko data duen lerroan ageri da «Entrega a Álvaro Lap. (País Vasco) para Abascal» zehaztapenarekin. Zenbatekoa: bi milioi pezeta (12.000 euro). Biltzarkide arabarrak atzo azaldu zuen diru hori jaso zuela Amurrion duen dendari egin zioten eraso batek eragindako kalteen konponketa lanak ordaintzen laguntzeko. Abascalek, dena den, esan zuen ez duela oroitzen dirua nork eman zion, ezta eskura jaso zuen ere.

Aiesak herenegun azaldu zuen dirua jaso zuela 1991-92etan. Epe horretan Jaime Ignacio del Burgo Nafarroako PPko historikoaren izenean sei ordainketa ageri dira, guztira 3,9 milioi pezeta (23.440 euro), eta bitan ageri da «Calixto» izena. Nafarroako Osasun kontseilari ohiak, dena den, igandean esan zuen sei ordainketa horiek berak jaso zituela, ordu arteko lana utzi eta kontseilari kargua hartuta izandako diru galera «konpentsatzeko».

Abascal eta Aiesaren adierazpenak PPko beste batzuen aitortzei batzen zaizkie, eta El País-ek argitaratutako paperen egiazkotasuna auzitan jarri dutenei gero eta argudio gutxiago uzten dizkiete, bereziki PPri berari.

Rajoy, Alemaniatik

Halaxe gertatu zitzaion, atzo, Espainiako gobernuburu Mariano Rajoy berari ere. Alemaniara Angela Merkel kantzilerrarekin biltzera joanda, bilera osteko agerraldian iragan larunbateko adierazpenak baino irmotasun gutxiagokoak egin zituen. «Nire eta nire alderdikideen inguruan esan direnak ez dira egia», esan zuen, bai, baina baita «zer edo zer izan ezik» erantsi ere.

Rajoyk ustelkeria auziari buruzko bi galdera erantzun behar izan zituen, eta alemaniar prentsak ere aferaz galdetu zion. Hala ere, berretsi zuen «indartsu» dagoela eta ez duela dimisioa emateko asmorik.

Merkeli ere galdetu zioten Espainiako PPren aferari buruz. Kantziler alemaniarrak izkin egin zion galderari, eta erantzun zuen «konfiantza handia» duela Rajoyrengan eta «garrantzitsuena» bi gobernuen arteko harremana dela.

Auzia, alderdien hitzetan

PPren ustelkeria auziaren ildotik, Aiesak jasotako dirua legezkoa den argitu beharra dagoela esan zuten UPNk eta PSNk; Bilduk eta NaBaik, berriz, salatu zuten «ustelkeriaren adarrak» beti iristen direla Nafarroara. EAJko Joseba Egibarrek «berehala» dimititzeko eskatu zion Rajoyri, «ez badu egia esan». Aralarrek, berriz, ustelkeria «errotik» amaitzeko, «botereak, legeak, erakundeak eta jokabideak» aldatu behar direla aldarrikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.