Gizon bikote bat jipoitu zuten atzo, goizeko ordu txikietan, Abanton (Bizkaia). Tele7 katearen arabera, 30 urtetik behera dituzte gizonek, eta eskutik oratuta ari ziren oinez, txosnetatik hurre. Goizeko seiak aldera gertatu zen erasoa, Gallarta auzoko jaietan, eta, iseka egiteaz gain, ukabilkadak eman zizkieten bi gizonei.
Kolpeetako baten ondorioz, biktimetako bat atzerantz jausi zen, eta burua lurraren kontra jo zuen. Ospitaleratu egin behar izan dute. Ertzaintzak adierazi duenez, biktimek oraindik ez dute salaketarik ipini, eta ez dituzte erasotzaileak atxilotu. Abantoko Udalak irmoki gaitzetsi du gertatutakoa, eta dei egin die herritarrei gaur 19:00etan egitekoa den kontzentrazioan parte har dezaten.