2019ko urrian (9an, 16an eta 23an), Matienako institutuan, irakasleentzako formakuntza saioak eskaini zituzten, gaztelera hutsean; ikasleek jasaten dituzten tratu txarrak detektatzeari buruzko saioak ziren. "Lehen saioan, irakasleen aldetik protesta sendoak egon ziren, baina aurrera egitea erabaki zen", azaldu du Sarai Isasi irakasleak, agerraldian parte hartu dutenen izenean. "D ereduko ikasguneek, euskaraz ikasteko ez ezik, euskaraz bizitzea posible den guneak izan behar dute, bai ikasleentzat, bai langileentzat", jarraitu du. Bigarren eta hirugarren saioak ere gaztelera hutsean izango zirela jakinda, zigorturiko irakaslea ez zen horietara agertu. Aurretik, Hizkuntza Eskubideen Behatokian eman zuen gertakarien berri.
Gertaera honen ondorioz, irakasleari diziplina espedientearen bidea ireki diote, eta soldatako lau orduri dagokion zigorra ezarri dio Hezkuntza Sailak. Euskal Herrian Euskaraz elkartearen arabera, horrelako gertaerek agerian uzten dute "euskarak hezkuntzan duen bigarren mailako egoera".
(jarraitu irakurtzen Durangaldeko 'Anboto.org'-n atarian)