SOSLAIA. Ibon Sarasola

Abadia saria, batasunerako lana gogoan

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak Abadia saria emango dio Ibon Sarasola hizkuntzalariari (Donostia, 1946), euskara batuaren alde egindako lana eskertzeko. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, aldundiaren arabera.

Sarasolaren lana goraipatu du Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak: «Euskara batuaren sorrera bultzatu zuen taldearen oinordeko da. Oso nabarmena da euskarari egin dion ekarpena, bereziki hiztegigintza eta lexikografiaren ikuspegitik, baina baita beste hainbat esparrutan ere».

Sarasola Euskal Filologiako katedraduna da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta euskaltzain osoa 1988az geroztik. Hiztegigintzan eta lexikografian jardun da bereziki, 1976an euskal hiztegi arauemailerako txostena aurkeztu zuenetik. Euskaltzaindian, Orotariko Euskal Hiztegian eta Hiztegi Batuan jardun da, besteak beste. Gaur egun EHUren Euskara Institutuan dihardu, hiztegigintzaren esparruan.

Hainbat saiakera argitaratuak ditu, horietako batzuk euskara batuari buruzkoak, hain zuzen. 1997an kaleratu zuen Euskara batuaren ajeak, eta iaz, Bitakora kaiera. 2012an Euskadi Ikerketa Saria eskuratu zuen Sarasolak.

Abadia saria emateko ekitaldi ofiziala gaur hamabost egingo dute, abenduaren 1ean, ostiralarekin. 19:00etan izango da, Gipuzkoako foru jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.