AAMko kideek ez dute parte hartuko beren kontrako «sasi-epaiketan»

Defentsa juridikoari uko egin diote, beren kontrako epaia idatzita dagoela uste dutelako

OIHANA ELDUAIEN MADRIL
2008ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionala «Euskal Herriaren kontrako» errepresio estrategiaren barnean dagoela salatu dute Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) kideek, beren kontrako epaiketan. Tribunalak «inpartzialtasunik ez» edukitzeaz gain, beraiek epaitzeko zilegitasunik ere ez duela uste dute, eta halaxe esan zioten atzo Madrilgo Casa del Campon beren kontra abiatu zen epaiketako epaimahaiari. «Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriaren kontra erabiltzen duten errepresioa salatzen» egindako lanagatik «harro» daudela esan zuten, eta lan horregatik norbaitek epaitzekotan Euskal Herriak egingo duela. Beraz, eta beraien kontrako zigorra jasotzen duen epaia idatzita dagoela uste dutenez, ez dutela defentsa juridikorik egingo esan zieten epaileei.

AAMn egindako lanagatik auzipetutako 27 kideen deklarazioarekin hasi zen atzo epaiketa. Banaka banaka errepresioaren salaketa egin ostean uko egin zioten defentsarako eskubideari, epaimahaia osatzen duten Maria Teresa Palacios, Carmen Palomar eta Juan Francisco Martel epaileen aurrean. ETAko kide izatea leporatzen diete auzipetuei, eta bakoitzarentzat 10 urteko zigorra eskatzen du Carlos Bautista fiskalak.

Defentsa prestatzen lanik ez hartzeko ere eskatu zieten auzipetuek Arantza Zulueta, Iñaki Goioaga, Amaia Izko, Haizea Ziluaga eta Ainhoa Baglieto abokatuei. Hala, aurretik aurkeztutako frogak erretiratu egiten zituela jakinarazi zion abokatu taldeak epaimahaiari. Deklaratzera deituta zeunden 250 lagunen tokian, hogeiren bat besterik ez dituzte deituko.

Goiz eta arratsalde egin ziren ahozko saioetan Auzitegi Nazionalaren kontrako salaketa entzun zuen epaimahaiak: «auzitegi politikoa» dela, inkomunikazioarekin «tortura posible egiten duela», presoen eskubideak behin eta berriz ukatzen dituela, ideologiak epaitzen dituela...

Guztien deklarazioak entzun ostean hitz egin zuen epaimahaiburuak, eta jakinarazi zuen ez direla «Auzitegi Nazionala epaitzen ari». Auzitegiaren kontra esan zituztenak beren iritziak direnez berak aldatu ezin dituen arren, epaiketa egin gabe geratuko denik ez pentsatzeko esan zien auzipetuei, eta epaiketa amaitu arte astelehen, astearte eta asteazkenero Madrilen egon beharko dutela jakinarazi zien. Auzitegi Nazionalaren jarduerak zein diren argitzen ere saiatu zen: «Guk ez dugu ideologiarik epaitzen, guk ustezko delituak epaitzen ditugu».

Auzipetuek AAMn lanean egon diren denboran egindako gauza bera egin zuten Auzitegi Nazionalaren ere: «Eskubide urraketa salatu». Bi egunetan ziren deklaratzekoak baina atzo amaitu zuten guztiek. Ez zieten erantzun fiskalaren eta AVT herri akusazioaren galderei, Juan Mari Olanok esan bezala, «fartsan» parte hartzeko asmorik ez dutelako. Auzitegi Nazionalean ez duela «justiziarik espero» salatu zuen Olanok.

Olano izan zen deklaratzen aurrena. Baglietok egindako galderei erantzunez baieztatu zuen urteetan aritu dela AAMn lanean, errepresioaren kontra, torturak salatuz, presoen eskubideak defendatzen eta gatazkaren konponbidearen alde lanean. Bera mugimendu horretarako «kaptatu» zutenak, «Euskal Herriaren kontra errepresioa erabili dutenak» izan zirela esan zuen.

Presoen eskubide urraketaren «lekuko» dela azpimarratu zuen Olanok, eta haien egoera gizarteratzea izan dela bere egitekoetako bat. Cabo Verdeko eta Venezuelako deportatuekin harremanak izan dituela ere onartu zuen, bi toki horietan hil zituzten deportatuen hilotzak ekartzen izan baitzen. Deportatuen senitartekoekin batera haien eskubideen alde, eta haien «bizi duinerako eskubidea» aldarrikatzen toki haietako gobernuekin eta alderdiekin bilerak egin izan dituela ere esan zuen.



HARREMAN UGARI. Kanpoan ez ezik Euskal Herrian ere harreman ugari landu dituela jakinarazi du: «Harritu egingo zinatekete zenbat eragile eta zein desberdinekin batu naizen jakinda». Alderdiei, sindikatuei, herri mugimenduei, mugimendu kulturalei eta beste hainbati Espainiako kartzela politikaren berri eman die. «Gu ekintza errepresiboen lekuko gara, eta haien berri eman diegu». Auzitegi Nazionalean bertan salatu du euskal presoak ez dituztela askatzen zigorra bete arren, Parot doktrinarekin «bizitza osorako zigorra» jartzen dietela, gaixo dauden presoak ez dituztela askatzen eta auzitegi horrek ahalbidetzen duen inkomunikazioaren ondorioz atxilotuak «torturatu» egiten dituztela.

Espainiako Gobernuak Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko borondaterik ez duela ere entzun dute Casa del Campoko egoitzan bildutakoek: «Zergatik ez zaigu galdetzen? Nork diobeldurra autodeterminazio ariketari?». Hain justu, errepresioarekin «gatazka elikatzea» egotzi dio Olanok Espainiako Gobernuari. AAMren egitekoa elkarrizketaren bidez konponbidea bilatzea da Olanoren esanetan. «Libre izan nahi dugu, besterik ez».

Baina, Xabin Juaristiren arabera, asmo horretan Espainiak ez ditu euskal herritarrak ulertzen: «Euskal Herritarrak ez gaituzue ulertzen hemen, argi dago. Baina ez da hizkuntza arazo bat soilik, demokrazia arazo bat da». Espainiako eta Frantziako estatuen egiteko bakarra Euskal Herria aitortu eta errespetatzea dela esan du Juaristik, baina Espainiako Gobernuak «trantsizio garaitik orain arte Euskal Herriaren ukazioa mekanismo errepresiboaren bidez gauzatzen» duela. Bide hori «antzua» dela nabarmendu zuen. Horregatik, bere ustez, atzo beraiek akusatuen aulkian eserarazi bazituzten ere, euskal herritarren gehiengoa «estatu biolentzia epaitzen» aritu zen.



SUSTRAITUTAKO MUGIMENDUA. AAMren eskaerekin euskal herritar gehienek bat egiten dutela ohartarazi zuten auzipetuek. Euskal presoek «beren eskubide guztien jabe» Euskal Herrian egon beharko luketela aldarrikatu zuen Julen Zelarainek eta, euskal gizarteak eskaera horrekin bat egiten duela nabarmendu. Jagoba Terronesen esanetan, AAM ere Euskal Herrian «oso sustraitutako mugimendua» da, «gatazkaren konponbidearen alde eta eskubideen alde» egiten duen lanagatik. Juan Antonio Madariagak nabarmendu zuenez, «oso zaila da torturaren alde dagoela esaten duen norbait topatzea». «Tortura salatzea ez da delitua, torturatzea bera da delitua», esan zuen Iker Zubiak.

AAMko kide izatera behartu egin dituztela salatu zuten Senideak-eko kide Madariagak, Ixone Urzelaik eta Iñaki Loizagak. Madariagak esan zuen «behartu» egin zituztela «izurri honi aurre egiteko elkartzera». Presoak dauden bitartean presoen senideak batzen dituen elkartea egon egongo dela nabarmendu zuen. Ildo berean, errepresioak jarraitzen duen bitartean AAM egongo dela ohartarazi zuten auzipetuek.

Arazo handirik gabe egin ziren atzoko saioak. Juaristiri egokitu zitzaion une bitxia bizitzea. Euskaraz deklaratu zuten gehienek, eta itzultzaileak erdaratzen zuen haiek esandakoa. Arratsaldeko saioa hasi eta ordu eta erdi ingurura Juaristi deklaratzen ari zenean nekatuta zegoela eta atsedena egin ahal zezaketen galdetu zuen itzultzaileak. Juaristiren deklarazioa erdiz erdi moztu zuten.

Akusatuen deklarazioak entzunda, astelehenean jarraituko du epaiketak. Astelehen, astearte eta asteazkenean fiskalaren eta AVTren lekukoek deklaratuko dute, eta gero izango da defentsaren lekukoen txanda.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.