AAMk salatu du Ipiña «oso egoera larrian» dagoela Mexikoko kartzelan

Euskal iheslaria gaixo dagoela eta espetxeko baldintza txarrak ere jasan behar dituela salatu du AAMk

Ipiñaren egoera salatzeko Mexikon egindako prentsaurrekoa. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Luis Miguel Ipiña euskal presoa Mexikoko espetxean «oso egoera larrian» dagoela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.Iheslaria maiatzean atxilotu zuten. 60 urte ditu; diabetesa, hipertentsioa eta likido erretentzioa ditu, eta, ondorioz, oinak handitu egiten zaizkio. Hori guztia kontuan hartuta, sendagilearen arreta eta medikazioa ezinbestekoak dituela ohartarazi du AAMk.

Halaber, Mexikoko espetxean oso egoera eskasean daude presoak. Hamabi lagunentzako ziega batean 53 preso daudela salatu du AAMk, eta ez dutela denentzako oherik. «Bi oheren artean jarritako ohol batean egiten du lo Ipiñak, beste batekin batera». Sei ordu egiten ditu patioan. Lo dagoen orduak eta sei horiek ez beste guztiak zutik egiten ditu, ziegan ez baitago beste ezertarako tokirik. Eta ziega horretan egon ahal izateko, ordaindu egin behar du.

Dirua eta eduki ditzakeen bi liburuak soinean eraman behar izaten ditu, bestela lapurtu egiten dizkiotelako, eta, hala ere, dirua birritan lapurtu diotela jakinarazi du AAMk, eta zapatilak ere kendu dizkiotela.

Larunbatetan izaten dituzte bisitak, «zailtasun handiekin». Jende asko joaten da, eta ilara luzeak egiten dira, beraz, denbora asko behar da bisita egiteko. Bisitara doazenek ezin dute kolore biziko arroparik eraman, eta bisita «arazorik gabe» egin nahi badute, ordaindu egin behar izaten dute. AAMren arabera, bisitak korridore luze batean egiten dira, denak elkarren gainean direla. Esertzea nahi duenak kubo bat har dezake, betiere ordainduta. Igandean bisitak egin nahi dituenak ere ordaindu egin behar du.

Eskutitzak jasotzea eta idaztea debekatuta daukate, eta telefonoz deitzeko «erreserbatu» egin behar du aparatua, ordainduta, bestela ia ezinezkoa baita bat libre topatzea.

Hori guztia eta euskal komunitateak Mexikon pairatzen duen «jazarpen politikoa» salatzeko, prentsaurrekoa eman zuten Mexikon hainbat pertsona ezagunek. Gobernuari eskatu diote, egin behar dituen urratsak «konponbiderako zentzuan» egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.