Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Ainara Ladron epaituko dituzte gaur, Donostiako Auzitegian, 2007ko urtarrilean egindako protesta baten harira. Beste hainbat mobilizazioren artean, bost gazteek A8 errepidea itxi zuten elkarri kateatuta, Zarautz parean (Gipuzkoa), Jarrai-Haika-Segi auziaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak ematekoa zuen epaia salatzeko. Fiskalak bi urte eta erdiko zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Denera, hamabi urteko zigorra galdegin du.
Desobedientzia ekinbidea izan zen 2007ko urtarrilean egindakoa. Protesta harekin bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan zituzten gazteek, joan den astean ohar batean gogoratu zutenez. Batetik, «euskal gazteriak militatzeko zuen eta duen eskubidea aldarrikatzea», eta, bestetik, Segi erakundea «terroristatzat» jotzeak «euskal gazteriaren eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio latzak» salatzea.
Bederatzi urte igaro dira bost gazteek desobedientzia ekintza hura egin zutenetik, eta ordutik hiru aldiz jarri diete epaiketarako data: Espainiako Auzitegi Nazionalean aurrena, eta Donostiako auzitegian gero. Azkenengo aldian, 2013ko urrian, atzeratu egin zuten saioa eta gaur da berriro egitekoa. Orduko hartan, epaiketa hasi baino egun batzuk lehenago, ez zirela aurkeztu behar jakinarazi zuten Ladronek, Azkonak eta Ariznabarretak, eta haiek atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak. Hala ere, bizitza publikoarekin jarraitzea erabaki zuten gazteek, bideo batean azaldu zutenez. Azkenean, baina, prozedura akatsengatik atzeratu egin zuten auzi saioa.
Gazteen aurkako auzia salatzeko hainbat mobilizazio egingo dituzte gaur Euskal Herrian. Besteak beste, Eibarren (Gipuzkoa) Askegune bat antolatu dute, bideo emanaldia 18:00etan eta manifestazioa 19:30ean. Halaber, elkarretaratzeak egingo dira arratsaldean Elgoibarren (Gipuzkoa), 19:30ean, eta Arrietan (Bizkaia), 20:00etan.
A8 errepidea ixteagatik bost gazte epaituko dituzte gaur
Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak bakoitzarentzat.2013an epaitu behar zituztenean ez agertzea erabaki zuten hiruk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu