A1 mailan euskara doan ikasteko aukera izango da irailetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak Euskadi Irratian jakinarazi du urrats bat egingo dutela doakotasunaren arloan, eta euskaltegi guztietan doan ikasi ahalko dela A1 mailan. Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaren alde egin du.

Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, ekainean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, ekainean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
mikel p ansa
2024ko abuztuaren 16a
10:29
Entzun

Euskararen oinarriak ikasteko ikastaroak doakoak izango dira irailetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, A1 mailan euskara ikasteko izena ematen dutenek ez dute ezer ordaindu beharko, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu eta lehen lehendakariordeak Euskadi Irratian gaur goizean jakinarazi duenez.

Bengoetxeak azaldu du euskaltegi guztietan doakoa izango dela A1 mailan matrikulatzea; euskara doan ikasteko helburua lortzeko beste urrats bat izango da hori, beraz. Euskarak gizartea «kohesionatzeko» tresna izan behar duela adierazi du: «Euskaratik urrun dauden edo ezer ezagutzen ez duten pertsonei aukera eman behar zaie euskarara etortzeko». Zehazki, migratzaileak aipatu ditu, askok ez dutelako aukerarik euskara ikasteko, baina euskararen oinarriak ikasi nahi dituzten guztiek jasoko dute onura hori.

Euskalgintza eta euskaltegiak aspalditik ari dira eskatzen indarrean jar dadila euskara doan ikasteko aukera. Urrutira gabe, Euskalgintzaren Kontseiluak orain dela zazpi urte aurkeztu zuen proposamen bat, euskaraz ikasteko prozesua doakoa izan dadin.

Gaur egun, B2 mailara arteko matrikulazioa doakoa da neurri batean, baina ikasleek matrikula ordaindu behar dute izena ematean, eta ondoren itzultzen die Eusko Jaurlaritzak baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte. Eskolen %75era joaten badira, eta ikasturtean aurrera egin dutela egiaztatzen badute, aukera dute matrikula itzul diezaietela eskatzeko. C1 mailan ari diren 16 eta 30 urte arteko ikasleei ere itzultzen diete matrikula, betiere maila gainditu eta baldintzak betez gero.

Nolanahi ere, ikasleek eskatu behar dute matrikula itzultzeko, eta HABEk muga batzuk jartzen ditu: A1 mailan matrikulatutakoei, esaterako, 600 euro itzultzen dizkiete gehienez.

Bengoetxeak ez du xehetasunik eman irratian gaur, baina adierazi du aukera edukiko dutela ikasle guztiek A1 mailan doan izena emateko, eta ikusi beharko da hori nola gauzatuko den, matrikula egitean ezer ordaindu beharko duten edo ez.

Euskarak, bestalde, lan munduan, aisialdian eta Europan ofizialtasuna lortzeko erronkak dituela ere adierazi du. 

Artisten estatutua, legegintzaldi honetan

Sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak asmoa duela legegintzaldi honetan artisten estatutua garatzeko. Adierazi du kultura «herri baten arima» dela, eta sortzaileen egoera hobetzen ahalegindu beharra dagoela. Adierazi du artisten estatutua ez ezik zerga sistema ere landu beharko dela, eta artisten errolda bat egiteko asmoa ere berretsi du.

Urdaibaiko Guggenheimen proiektuari buruz, berriz, esan du gobernuak zilegitasuna duela bere proiektuak aurkezteko, Busturialderako plan orokor bat behar dela, eta artea eta kultura izan litezkeela ardatz bat plan horren barruan, eskualdearentzat «palanka» moduan eragiteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.