A1 eta A2 mailak eskainiko dira euskaltegietan, hasiberrientzat

Ez dira onetsiko administraziorako hizkuntz eskari gisara, baina ziurtagiriak izango dituzte.EGAri buruzko gogoeta presente Jaurlaritzan

arantxa iraola
Donostia
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Gaitasun komunikatiboak». Hara atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aurkeztutako helduen euskalduntzearen oinarrizko curriculum berriaren oinarrizko ardatza. «Indarra jarri nahi dugu trebetasun aktiboetan». Atzo goizean aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta HABEko zuzendari Joseba Erkiziak, Donostian. Curriculum berriak euskararen lehen urratsetan ari diren ikasleentzako bi maila dakartzanez —A1 eta A2— horiek «motibatzeko» giltzarria izango dela esan zuten. Izan ere, maila horiek gainditzean, hori ziurtatzeko agiriak jasoko dituzte ikasleek —dagozkien diru laguntzak ere bai—, eta egoki ikusten duten tokietan erabili ahal izango dituzte. Ez dira aintzat hartuko, hala ere, administraziorako hizkuntz eskakizun gisara. Horretarako gutxienekoa B1 mailan dago oraindik. Aldaketa hori eginda helduen euskalduntzearen curriculuma Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markora guztiz «egokitzen» dela esan zuen Baztarrikak.

Jaurlaritzako ordezkarien arabera, curriculum eredu berri hau lantzeko, HABEko ordezkariekin batera, lankidetzan aritu dira euskaltegietako arduradunak, eta prozesua ontzat eman dute Nafarroako Gobernuak —Euskarabidearen bidez— eta Euskararen Erakunde Publikoak ere. Beraz, pentsatzen dute aintzakotzat hartzekoa dela aldaketaren inguruko «adostasun handia».

Euskaltegietan hastapeneko mailetan ikasleen %22 aritzen direla oroitarazi zuten, eta, beraz, ikasle askori eragingo diela aldaketak. A1 eta A2 mailekin euskararen oinarrizko ezagutza lortzen ari direnak txalotzea eta saritzea lortuko dela uste du Baztarrikak. «Elebakarren zakua husten jarraitu behar dugu», azaldu zuen. «Eta, horretarako, neurri eta modu diferenteetako elebidunak behar ditugu. Euskararik txarrena egiten ez dena da». Esplikatu zuen, esaterako, ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren pertsonentzat aintzakotzat hartzeko modukoak izan daitezkeela maila horien ziurtagiriak.

«Bakoitzak bere buruari nahi duen neurriko helburua jartzea nahi dugu». Jomuga argi du Baztarrikak. «Ez da nahitaezkoa EGAren jabe izatea; maila apalagoek ere errekonozimendua merezi dute». Eta uste du curriculum berria lagungarria izango dela bide horretan. «Amaitu egin behar da Euskara jakitea berdin EGA ekuazioa». Berretsi egin zituen Uriartek sailburuordearen hitzak. «Helburua ez da denek maila hori [EGA titulua] eskuratzea; zerbait lehenetsi behar bada, erabilera lehenetsi behar da».

Datu «apalekin» kezkatuta

EGA azterketaren inguruko —C1 mailarekiko baliokidea da— kezka ere ez zuten ezkutatu. Asteon, PSE-EEk proposamena egin du azterketa hori berraztertzeko, oso ikasle gutxik gainditzen dutela argudiatuz. Baztarrikari nabarmentzekoa iruditzen zaio «goi mailako profesionalen» jardunerako eskatzen dela EGA, eta horren inguruko eskakizunak jasoa izan behar duela ezinbestean. Hala ere, onartu zuen «apala» dela gaur egun etsamina gainditzen dutenen ehunekoa —aurkeztuen %26, 2014ko datuen arabera; azken urteotan, portzentajea pixka bat igo da—, eta kezka dutela beraiek ere. Gaiaren inguruko eztabaida mahai gainean egotea egokitzat du, eta «sakon» aztertzeko konpromisoa du hizpide.

Esperantza dute, hala ere, curriculum berria bera lagun izango dutela aldaketarako bidean. Erkiziak azaldu zuen «ikasketa prozesua eta egiaztatze prozesua gerturatzera» egin dela jarritako lan ereduan, eta, horren emaitza gisara, ebaluazio probetan emaitza hobeak espero dituztela. Bide horretan sakontze aldera, izango da beste aldaketa bat ere heldu den ikasturtean: A1, A2 eta B1 mailen agiriak eskuratzeko probak euskaltegietan egingo dira. Eta lan ildo horretan urratsak egiten jarraitzea da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.