Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskarazko D ereduan ikasten dute ikasle gehienek. Alabaina, oraindik A eta B eredua ere eskaintzen dituzte zenbait ikastetxetan. Horietako batean aritzen dira euskara irakasle Miren Madariaga Tubet (Lemoa, Bizkaia, 1982) eta Felipe Zelaieta Txurruka (Mallabia, Bizkaia, 1962), Gasteizko Francisco de Vitoria eskolan. Egoerarekin kezkatuta, eta EAEko Hezkuntza Legearen harira, A eta B ereduko hainbat irakaslek idatzi bat adostu dute, eta eskatu dute sistema aldatzeko eta eredu bakar bat sortzeko, «benetako integrazioa bermatzen duena».
A eta B ereduko eskolek bermatzen al dute euskalduntzea?
MIREN MADARIAGA: Inondik inora ere ez. B ereduak, neurri handi batean, bai; B ereduan ere egin dut lan, eta aldea itzela da. Egon nintzen zentroan, aldaketa bakarra zen B eredukoek matematika gazteleraz ikasten zutela, musika eta teknologia ingelesez, eta gainerako guztia euskaraz.
FELIPE ZELAIETA: B ereduko ikastetxe batzuek garrantzi handiagoa ematen diote euskarari, eta beste batzuek, aldiz, txikiagoa. Baina A ereduan argi dago ezetz; hiru ordu ematen dituzte euskaraz.
MADARIAGA: Hiru ordu ere ez. Kalkuluak egin nituen, eta urtean ez da ehun ordura heltzen euskararekin duten hartu-emana. Eta ehun ordurekin ikasturte batean ez duzu ezer aurreratzen. A eredukoek A eredukoekin egiten dute kuadrilla, erdara hutsean ari dira denbora guztian, eta ez dute euskararekin ezelako harremanik, ezta euskal kulturarekin ere. Hau da, oso baztertuta daude, sistemak berak baztertzen ditu.
Ezagutzen duzue kasuren bat euskara maila nahikoa lortu duena A ereduan?
MADARIAGA: Sistemak ez du euskalduntzeko modua egiten. Nire ikasle bat euskaltegira joaten zen arratsaldero, bazekielako batxilergoa euskaraz egin nahi zuela. Baina hezkuntza sistemak ez dio aukera hori ematen. Ematen diren eskola orduekin ezin duzu nor-nori-nork ere irakatsi, eta subjuntiboa jakitea eskatzen diote. Eta zer lortzen dugu hainbeste irteera profilekin? Erakarri beharrean, urrundu egiten ditugu. Frustrazioa sortzen dugu, baita irakasleona ere. Ondo pasatu beharrean euskara ikasten, subjuntibora heldu behar dugu. Ikuskariak zera esaten dizu: «Ez zara heldu, ez duzu hau landu...». Baina nola landuko dut laugarren mailan, oraindik izan aditza lantzen ari bagara? A ereduak ez du bermatzen euskalduntzea; orduan, irteera profila lortzea ezinezkoa da. Gutxienez, erakar ditzagun hizkuntzara.
Oharrean diozuenez, A ereduak ez du euskal gizartean integratzea bermatzen. Zergatik?
ZELAIETA: Nola transmitituko diegu gure nortasuna, bertakorik ez badago?
MADARIAGA: Ez dago bertakorik, ikasleek ez dakite bertako errealitatea nolakoa den, ez dakite jendea euskaraz bizi dela, ez daukate harremanik euskaldunekin... Ukatu egiten zaie.
«[A ereduan] Ez dago bertakorik, ikasleek ez dakite bertako errealitatea nolakoa den, ez dakite jendea euskaraz bizi dela, ez daukate harremanik euskaldunekin... Ukatu egiten zaie».
MIREN MADARIAGA
Jatorri atzerritarrekoak dira ikasle gehienak, ezta?
MADARIAGA: Gurean, %99,9 etorkinak dira edo etorkin familiakoak —haiek hemen jaiotakoak—.
ZELAIETA: Gure ikasleen anai-arreba gazteago asko hasi dira D ereduan ikasten. Publikoan batez ere aniztasun horren atea irekitzen ari da, baina Gasteizko itunpeko eskola askotan ez dago kanpotar bat ere. Asko eta asko oso onak dira, langileak, jatorrak... Eta pena da ikasle horiek ez izatea aukerarik bertakoak ezagutzeko, eta bertakoek ez izatea aukerarik haiek ezagutzeko. Eta euskararen kontua dago. A ereduak guztiz baztertzen du euskara. Astean hiru ordu...
MADARIAGA: Bi ordu eta 45 minutu, baldin eta eskolak orduan hasten eta bukatzen badituzu, eta zubirik edota hitzaldirik ez badago. Kontua da ikasle etorri berri asko ditugula, eta sistemak ez die eskaintzen egokitze prozesu bat. Beste hezkuntza eredu batetik datoz, batzuek ez dakite idazten, beste batzuk ez dira sekula eskolara joan... Etorri berri diren nerabe batzuei gogorra egiten zaie egokitze prozesua, depresioak ere izaten dituzte, ez dira integratzen.. Eta ez dira inon integratzen: ez ikasgelan, ez auzoan...
Orduan, ereduen sistemak are gehiago baztertzen ditu lehendik bazterrekoak zirenak?
ZELAIETA: Hori da. Ikasle horietako askok eta askok ez dute aurrera egingo ikasketetan. Gero, adin batera heltzean, zera esango dute: «Euskara ikasi izan banu...». Euskarak ate asko irekitzen ditu, eta aukera hori itxita izango dute.
MADARIAGA: Hezkuntza sistemak, gaur egun, ez die aukera berdintasuna eskaintzen; hor bazterketa bat dago, zuzena, eta ez da justua haientzat. Izan ere, familia ekonomikoki apalekoak dira, eta aukerak murrizten badizkiezu, oztopoak jartzen ari zara etorkizunean lanean hasteko.
Euskara duzue hizketagai nagusi, baina ikasle horiei auzoan integratzea ere ukatzen dietela diozue.
MADARIAGA: Askotan, auzoko beren adinekoekin ez daukate hartu-emanik. Azkenean, kuadrilla zentroan egiten duzu.
ZELAIETA: Ikasle bakoitzak bere auzoan egon beharko luke, eta auzo bakoitzeko ikastetxeetan baliabideak jarri beharko lirateke euskalduntzeko eta integratzeko.
Ikastetxe bakoitzak jaso dezala auzoko errealitatea, ezta?
MADARIAGA: Bai. Horregatik esaten dugu batzen gaituen hezkuntza eredu bat nahi dugula, guztiok batzen gaituena; honek banatu egiten du.
Zein izan daiteke konponbidea?
ZELAIETA: Alde batetik, ereduena: D eredua orokortuko nuke eskola guztietan, eta bakoitzak izan dezala aukera bere auzoko eskolara joateko.
MADARIAGA: Eta behar diren neurriak hartu behar dira euskalduntze prozesu horretan laguntzeko: baliabideak eta bitartekoak jarri behar zaizkie euskaraz ez dakitenei edo etorri berriak direnei. Inbertitu egin behar da, baina dagokion lekuan; banatu beharrean, batu egin behar dituzu. Nahi duguna da benetako errealitatea ikustea ikastetxeetan, eta ikasleek aukera berdintasuna izan dezatela, bai herria ezagutzeko, bai euskara ezagutzeko, bai auzokoak ezagutzeko...
ZELAIETA: Zer gizarte eraiki nahi dugu? Baztertzailea, edo denok elkarrekin biziko garena? Ez dakit nola konpondu, baina argi dago egoera honekin jarraitzeak ez duela gauza onik ekarriko. Oso erosoa da egoera honetan ez daudenentzat, zurien gurasoentzat: «Horiek egon daitezela hor, eta gureak joango dira unibertsitatera, ikasiko dute...».
«D eredua orokortuko nuke eskola guztietan, eta bakoitzak izan dezala aukera bere auzoko eskolara joateko».
FELIPE ZELAIETA
Hezkuntza Lege proiektuari jarritako zuzenketetan hizkuntza ereduak aipatu dituzte. Zuen ustez, zer ondorio izan ditzake horiek mantentzeak?
ZELAIETA: Berdin jarraitzea. Espero dezagun A eta B eredukoak gero eta gutxiago izatea, dauden apurrek ere pausoa ematea D eredukoa bihurtzeko. Horrela, behintzat, segregazioa bukatzen ez bada ere, euskara maila dezente hobea lortuko dute.
MADARIAGA: Horrela jarraituz gero, segregazioarekin jarraituko dugu, eta benetan behar dutenek ez dute izango aukera berdintasunik.