A-8an gertatutako 40 metroko luiziak ez du inor larri zauritu

Zumaia eta Debaren artean dagoen mendi magaletako bat goitik behera erori da eta hiru bide bete-betean harrapatu ditu; Ertzaintzak baztertu egin du lurpean beste ibilgailuren bat edo beste norbait egoteko aukera

Erredakzioa
2005eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Gezurra dirudien arren, atzo goizean A-8 autobidean gertatutako lurjauzi handian ez zen inor larri zauritu. 08:00 inguruan gertatu zen luizia, Zumaia (Gipuzkoa) eta Itziar gainaren artean (Deba, Gipuzkoa), Bilboko norabidean: A-8ko 52,5 kilometroan errepide ertzeko mendi magaletako bat goitik behera erori zen. Errepideko 40 metro estali zituzten lurrak eta harritzarrek Bilbo alderako bi bideak eta Donostia alderako bideetako bat, eta ondorioz, Zumaia eta Itziar arteko errepide zatia itxita egon zen atzo egun guztian zehar. Lurjauzi handiena izan zen lekuan lau metroko altuera hartu zuen harri eta lur pilak.

Luiziak hiru auto eta kamioi bat harrapatu zituen azpian eta, sinesgaitza dirudien arren, ibilgailu horietan zihoazen pertsona guztiak onik atera ziren. Euren kabuz atera ziren ibilgailuetatik. A-8ko Gipuzkoako zatia kudeatzen duen Bidegik adierazi zuenez, soilik pertsona bat eraman zuten erietxera, baina zauri arinak baino ez zituen. Beste bi pertsona han bertan artatu zituen DYAk. Ebaki eta urradura batzuk baino ez zituzten. Lurjauzia gertatu eta berehala jarri zituzten martxan erreskate eta garbiketarako baliabideak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak aditzera eman zuenez. Ertzaintzaren helikoptero bat, suhiltzaileak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingeniari eta erreskate lanetako adituak eta txakurrez hornitutako bilaketa taldeak gerturatu ziren. Lehen lana lur azpian biktima gehiago ote zeuden ikustea izan zen. Goizean goizetik txakurrak harri eta lur artean harrapatuta egon zitekeen jendearen bila ibili ziren. Arratsalderako baztertu zuen Ertzaintzak lurpean beste ibilgailuren bat edota beste pertsonaren bat egoteko aukera. Poliziaren txakurrek goitik behera miatu zutela lurjauzia gertatutako tokia, baina ez zutela ezer aurkitu adierazi zuen Herrizaingo Sailak. Dena den, erabateko ziurtasuna garabiek harri guztiak kendu arte ez zutela izango nabarmendu zuen.Lurrak azpian harrapatutako kamioiak garraiatzen zuen isozianatoa, gai toxikoa, ez isurtzea izan zen goizeko lehen orduetako beste zeregin nagusia. Isozianatoa produktu toxikoa da, Fagor Etxetresna Elektrikoak konpainiak hozkailuak termikoki isolatzeko erabli ohi duena. Erreskate eta garbiketa taldeak presa eta arreta handiz ibili ziren kamioia atera nahian. Ezer larririk gertatu aurretik lortu zuten gai toxikoa ateratzea. Gero hasi ziren errepidea garbitzen, lurra eta harriak kentzen.

«Badaude toki arriskutsuagoak»

Bitartean, Bidegiko arduradunak, ingeniaritzan adituak eta geologoak mendia aztertzen aritu ziren, luizia zerk eragin duen jakiteko. Nestor Arana Bidegiko zuzendariak «toki segurutzat» jo zuen luizia gertatutako gunea. «Leku honetan harkaitza oso ondo estratifikatua dago eta ez dugu ulertzen zer gertatu den», nabarmendu zuen Aranak. Bere esanetan, A-8 autobideko beste toki batzuk «arriskutsuagoak» dira eta lurjauziak gertatzeko «aukera gehiago» dago. Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia ere antzera mintzatu zen. Nabarmendu zuenez, behera etorritako ezpondarekin «ez da sekula arazorik izan». Bere hitzetan, harrizko pareta hori ez da inoiz autobidea zaintzen duten langileen «buruko min» izan eta 30 urtean «sendo eta egonkor mantendu da». «Inork ez zuela espero» gertatutakoa azpimarratu zuen. Biktimarik ez egotearekin pozik agertu zen: «Antza, aingeru guardakoa gaur goizean ez zegoen greban».

Garbiketa lanek zenbat iraungo duten ez dago garbi, ezta noiz zabalduko duten Itziar eta Zumaia arteko errepide zatia ere. Helburua gaur bertan zabaltzeadela azaldu zuen atzo Bidegik, baina ez zuen ordurik zehaztu nahi izan. Norabide bakoitzean bide bat ireki nahi dute. Atzo trafikoa N-634 errepidetik bideratu zuten eta hor ere arazoak sortu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.