A-8 autobidea itxita egon da ordu luzez Deba parean, Gipuzkoan, kerosenoa zeraman kamioi bat errepidetik irten eta irauli egin da eta. 18:30ak aldera lerro bana ireki dute noranzko bakoitzean, eta trafikoa arintzen hasi da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Itziarko tunelaren irteera parean gertatu da ezbeharra, 07:55 aldera; Lapurdirako bidean zihoan kamioia, eta gurutzatuta geratu da. Bi noranzkoei eragin die. Izan ere, kamioiak, errepidea oztopatzeaz gain, isuri bat izan du, eta hura garbitzeko lanetan ari dira.
🚚🚨Kamioia iraulita #AP8 km 56 #Deba-n Bilboko norantzan. ❌Errei bat itxita eta #autopilaketak bi norantzetan.
— Trafiko (@trafikoaEJGV) January 3, 2025
🚚🚨Camión volcado en la AP-8 pk 56 en Deba sentido Bilbao. ❌Un carril cortado y retenciones en ambos sentidos.
☎️011#Trafikoapic.twitter.com/PGaSitGRpU
Zirkulazioa N-634 errepidetik bideratzen ari dira: Bilborako noranzkoan, 48. irteera hartzen ari dira autobidearen erabiltzaileak, Zestoa-Zumaiakoa, edo 54.a, Itziar-Debakoa. N-634tik Elgoibarreraino joan daitezke, eta han berriro sartu A-8ra. Kontrako noranzkoan, Bizkaitik Lapurdirakoan, 64. irteeran atera behar dute gidariek, Elgoibarren, eta Itziar-Deban edo Zestoa-Zumaian batu berriro autobidera. Bigarren mailako errepide horretan hamalau kilometrorainokoak izan dira auto ilarak.
09:00etan, larrialdi zerbitzuak lanean ari ziren istripua izan duen gidaria kamiotik ateratzeko eta ibilgailua bera errepidetik kentzeko. Gidaria kamioitik atera, eta Mendaroko erietxera eraman dute. Beste kamioi bat ere bertan da, istripua izan duen ibilgailuak zeraman erregaia biltzeko. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak espero du arratsaldean zehar irekitzea A-8a, garabi berezi bat beharko baitute kamioia kentzeko, eta hori egin ondoren lurzorua garbitu beharko baitute.
Segurtasun Sailak emandako azken informazioen arabera, eguerdian auto ilarak lau kilometrokoak ziren Bilborako noranzkoan, eta beste horrenbestekoak Lapurdirako bidean. Arratsaldean, berriz, hamazortzi kilometrorainoko ilarak sortu dira N-634 errepidean, Mendaro inguruan, Bilborako noranzkoan.
Harrapatuta geratu diren gidarietako batzuek salatu dute autobidera sartu direnean ordainlekuetan inork ez diela egoeraz ohartarazi, eta irtetean, berriz, ordainsaria kobratu dietela, trafikoa arintzeko hesia altxatu beharrean.