Diskurtso negazionistez ohartarazi dute erakundeek A-25ean

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarretaratzeak egin dituzte Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.

A-25: Iruñeko Udalaren elkarretaratzea, Udaletxe plazan. IRUÑEKO UDALA
A-25: Iruñeko Udalaren elkarretaratzea, Udaletxe plazan. IRUÑEKO UDALA
Ion Orzaiz.
2024ko azaroaren 25a
09:40
Entzun

Erakunde publikoek eta eragile sozialek dozenaka deialdi antolatu dituzte gaur Euskal Herri osoan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karira. Diputazio, udal eta bestelako instituzioek eguerdi partean egin dituzte elkarretaratze eta agerraldi ofizialak, eta iluntzean, berriz, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, manifestazioak eginen dituzte hiriburuetan.

Txibitek diskurtso negazionisten arriskuaz ohartarazi du

Nafarroako Gobernuak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian, eta Maria Txibite lehendakariak hitza hartu du ekitaldi instituzionalean, emakumeen aurkako indarkeria mota oro gaitzesteko eta horiek desagerrarazteko «konpromiso irmoa» berresteko. Hitzaldian, lehendakariak gogorarazi du indarkeria matxista egiturazkoa dela, eta bizitzaren alor guztietan antzeman daitekeela: «Kultura matxista batean bizi gara, eta balio matxistak gure bizitzako arlo eta eremu guztietan daude: familiak, politika, kirola, sexu harreman afektiboak, lan merkatua eta abar. Gure gizarteetan oraindik irauten duten egiturazko desberdinkerien eta genero rol eta estereotipoen adierazpenak dira». 

Hain zuzen, indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoen eta neomatxismoaren arriskuaz solastatu da Txibite: «Diskurtso antifeministaren oinarria da desberdinkeria eta emakumeen aurkako indarkeria ukatzea, biktimei izen ona kentzea edo belztea, eta mugimendu feministak barregarri uztea. Diskurtso horiek —batzuetan muturreko ideologiek eta alderdi politiko erreakzionarioek modu interesatuan bultzatuta— desinformazioan eta gezurretan oinarritzen dira; eremu digitalaren bidez zabaltzen dira, eta gazteak dira xede talde nagusia».

Lehendakariaren aburuz, diskurtso erreakzionario horiek «oso arriskutsuak» dira, «habia egiten baitute erakunde publikoetan ordezkaritza duten zenbait talde politikotan», eta, gero, talde horiek eragina izan dezakete politika publikoetan: «Askotan, indarkeria matxista prebenitzeko edo esku hartzeko politika publikoak murrizten edo, are, desegiten dituzte». Erakunde publikoei dei egin die halakoei aurre egin diezaioten.

Protestak eta hitzaldiak unibertsitateetan

Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoek zenbait jarduera egin dituzte gaur goizean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, esate baterako, unibertsitateko ekitaldi instituzionala egin dute: Norma Vazquez Garcia psikologo eta indarkeria matxistan adituak Ez dago bainarik. Sinisten dizugu izeneko hitzaldia egin du, eta, horren ostean, ekitaldi kulturala egin dute ikasleek.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko campusean, berriz, elkarretaratzea egin dute eguerdian, ikasleen mugimendu feministak deituta. Protesta ekintzaren ondoren, Rut Iturbide Rodrigo ikertzaileak hitzaldia eman du, bikote heterosexualetako botere harreman berriei buruz. Instagram eta Tiktok sareetako kasuak izan ditu hizpide, batez ere.

Matxismo digitalari buruzko inkesta Gipuzkoan

A-25aren harira antolatutako jardueren artean, indarkeria matxista digitalari buruzko lehen azterketaren aurrerapena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Herrialdeko 30 neraberekin eginiko topaketa batean aurkeztu dituzte behin-behineko emaitzak. Inkesta anonimoetan oinarritutako ikerlana da, eta lan sakonago baten lehen urratsa dela azaldu du aldundiak. Irune Berasaluze bozeramaileak azaldu duenez, «emakumeen aurkako indarkeria digitalaren inguruko errealitate kezkagarri bat» islatzen dute datuek, eta «ikusi da plataforma digitalak eraso espazio bihurtu direla». Adibidez, inkesta egin dutenen %38k aitortu dute noizbait Internet bidezko erasoak jasan dituztela; besteak beste, baimenik gabe jasotako eduki sexualak, zita eskaeren presioa, mehatxuak eta irainak. «Egoera horiek errua, segurtasun falta eta estresa eragiten dituzte, eta, beraz, erakusten dute nolako eragin emozional sakona duten halako indarkeriek», adierazi du Berasaluzek.

Gipuzkoako 122 pertsonak parte hartu dute inkestan: %91 emakumeak, %7 gizonezkoak eta %1 ez-binarioak. Gazteenek 17 urte dituzte, eta zaharrenek, berriz, 76. Inoiz indarkeria matxista digitala sufritu dutenen %80k «noizbehinka» jasan dute; %17k, «era jarraituan»; eta %3k, «egunero». Erasotzaileen artean, %37 ezagunak ziren, %33 profil anonimoak, eta %23, berriz, identifikatuak baina ezezagunak.

Hain zuzen, manosfera deritzon eremu digitalaz mintzatu da Donostiako Udala ere, A-25aren harira argitaratu duen adierazpen instituzionalean. Indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoetan arreta jarri du udalak, halakoak «ultraeskuinaren goranzko joera baten erdian» sortzen baitira, «bai Europan, bai mundu osoan». Jokabide erreakzionario horiek, indarkeria matxista ukatzeaz harago, «biktimak gizonak direlako ustea» sustatzen dute. Joera «neomatxista» horiek, hein handi batean, eremu digitalean sortzen direla gehitu du Donostiako Udalak: «Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako ugari daude. Ondorioz, gazteak honelako mezuak jasotzen ari dira: indarkeriak ez duela 'generorik', indarkeria matxista 'asmakizun ideologikoa' dela, eta berdintasun politikak 'urrunegi' iritsi direla».

Negazionismoa «arazo globala» dela nabarmendu dute udal taldeek, eta, hortaz, Donostiako Udalak konpromisoa hartu du diskurtso ukatzaile eta negazionistak baztertzeko, «euste horma kolektibo» bat aktibatzeko eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio neurriak ezartzeko.

EAJ: «Herri gisa heldu behar diogu, segurtasun publikoko arazo nagusia baita»

EAJren Euskadi Buru Batzarrak ere adierazpen baten bidez berretsi du «indarkeria matxisten aurkako borroka kausa kolektiboa» dela, eta «gizarte osoaren konpromisoa» behar duela. Alderdiak adierazi du emakumeen aurkako indarkeria ez dela gertakari bakana, «ezta intimoa edo pribatua ere». Aitzitik, arazoari «herri gisa» heltzeko deia egin du EAJk, «segurtasun publikoko arazo nagusia» den heinean: «Arazoa guztioi dagokigu, eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da, guztiok baikara konponbidea emateko eragile».

Alderdiaren esanetan, indarkeria matxistak desagerrarazteko ezinbestekoak dira «erantzun integralak, politika eraldatzaileak eta ausardia». Azken urteetan eginiko «urrats erabakigarri eta argiak» nabarmendu dituzte, baina onartu dute hori ez dela nahikoa, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak urrats gehiago behar dituela: «Gugandik eskatzen du indarkeria matxistak identifikatzea eta biktimak auzitan ez jartzea». Hain zuzen, urteetan mugimendu feministak bide horretan eginiko lana txalotu dute: «EAJk aitortzen du mugimendu feministaren borroka nekaezinik gabe, indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen kemen eta adorerik gabe, eta gizarte, komunitate, lan, kultura eta kirol eremuetako ahalegin kolektiborik gabe, aurrerabide hori ezin izango zela sekula gertatu».

Itaia: «Matxismoa amaitzeko berme bakarra sozialismoaren eraikuntza da»

Itaia emakumeen antolakunde sozialistak hamaika manifestazio deialdi egin ditu gaurko, Euskal Herriko beste horrenbeste herritan. Horietan guztietan aldarrikatuko dute azaroaren 25a «borroka eguna» dela: «Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoa erauziko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu nahi dugu», adierazi dute A-25erako argitaratu duten manifestuan. Gogorarazi dute aurten bost emakume erail dituztela Euskal Herrian, eta 2023an egunean 24 eraso salatu zituztela emakumeek. Hala ere, erasoak egunerokoaren parte izanagatik, «gizartean gero eta inpaktu txikiagoa» dutela uste du Itaiak: «Beraz, urgentziazkoa da matxismoaren aurkako borroka indartzea».

Matxismoaren oldarraldia eskuin muturraren goranzko joerarekin lotu du erakunde sozialistak: «Oldarraldi erreakzionario horrek badu eragina Euskal Herrian ere. Ideia atzerakoi horiek matxismoaren normalizazioa dakarte: matxismoaren existentzia ukatzea, emakumeon aurkako mezuak zabaltzea, indarkeria matxista areagotzea, eta abar». Jokabide horiek, matxismoa ukatzeaz gain, diskurtso arrazistak zabaltzeko balio dutela salatu du Itaiak, eta, horren ondorioz, gizartean beldurra hedatzen dutela, eta «lege autoritario gehiago onartzeko eta polizia indarrak areagotzeko baldintzak jarri».

«Hitzontzikeriaz eta itxurakeriaz» aritzea leporatu die alderdi politikoei: «Kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute, eta estatuko instituzioetan akomodatu dira». Horren aurrean, «zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten aldeko borroka» aldarrikatu dute, uste baitute «sozialismoaren eraikuntza» dela «matxismoa behin betiko bukatzeko berme bakarra».

Nafarroako udalen adierazpena, indarkeria bikarioaren aurka

Nafarroako udalerri eta toki entitateek adierazpen bateratua argitaratu dute A-25aren harira. Irmo gaitzetsi dituzte indarkeria mota guztiak, baina, aurten, bortxa matxistaren mota batean egin dute azpimarra: indarkeria bikarioan. «Matxismoaren muturreko adierazpen bat da, eta emakumeei kalte egitea du helburu. Horretarako, erasotzaileak gertuko jendea erabiltzen du, batik bat seme-alabak, emakumeari ahalik eta kalte emozional handiena eragiteko», azaldu dute agirian.

Udalek nabarmendu dute indarkeria bikarioak «zauri ezabaezina» uzten duela sufritzen dutenengan, eta, askotan, neska-mutilen heriotza eragiten duela. «Indarkeria mota horretan, agerian geratzen dira indarkeria matxistaren ezaugarri diren botere dinamikak: erasotzaileek ez dituzte beren haurrak izaki independente gisara ikusten, bikotekideen gaineko kontrolaren hedapen gisa baizik». Gizarteak, gainera, emakumeen hitza «zalantzan» jartzen duela nabarmendu dute Nafarroako udalek. Hortik aurtengo leloa: Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da.

Nafarroa osoko 154 udalerri eta toki entitate batu dira adierazpen instituzional horretara.11:00etan, Iruñeko udal ordezkariek elkarretaratzea egin dute udaletxe parean, lelo horrekin.

UGT eta CCOOren elkarretaratzea Iruñean

UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, bi sindikatu horiek Zaragoza etorbideko 1 zenbakian duten egoitzaren parean. Euripean elkartu dira sindikatuko dozenaka ordezkari, #Vivaslibresunidas Berdintasunaren alde leloa zeraman pankarta more baten atzean. Indarkeria matxistaren mota guztiak txarretsi dituzte UGTk eta CCOOk, eta «konpromiso argia» eskatu diete erakunde eta botere publiko guztiei, «errealitate lazgarri hori behingoz buka dadin».

(ID_17325319966815) A-25: UGT eta CCOOren elkarretaratzea
A-25: UGT eta CCOOren elkarretaratzea Iruñean. BERRIA

Zehazki, Espainiako Gobernuari eta «gobernu autonomikoei» galdegin diete «beharrezko baliabideak» jar ditzatela «indarkeria matxisten biktimen arta integrala eta prebentzioa bermatu ahal izateko». Bi sindikatuontzat ezinezkoa izanen da justizia, berdintasuna eta askatasuna bermatzea «herritarren erdiek indarkeria matxistaren ondorioak sufritzen dituzten bitartean».

Jaurlaritzak diru gehiago emanen du indarkeria matxistaren biktimentzat

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak iragarri du handitu egin duela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko diru saila, eskaerari erantzun ahal izateko. Izan ere, diru sail malgua da indarkeria matxistaren aurkakoa: laguntza hori behar duten emakume guztiek jaso dezakete, baldintzak betetzen badituzte. 2024 urterako, 1,6 milioi euroko aurrekontua onartu zuten horretarako, baina beste 774.766 euro jarri behar izan ditu Jaurlaritzak —2,4 milioi euro, guztira—, eskari handia dela eta.

Jaurlaritzak ohar bidez azaldu duenez, laguntza ekonomiko horren helburua da «genero indarkeria jasan duten emakumeei erasotzaileengandik independizatzen eta bizimodu berri bat hasten laguntzea». Iaz, 385 emakumek jaso zuten laguntza hori, aurreko urtean baino %50 gehiagok. Aurten, 322 laguntza eman dituzte jada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 71 eskaera daude ebazpenaren zain.

Ahal Dugu: «Salatu edo ez salatu, onespenik eman ezean, erasoa da»

Ahal Dugu-k adierazpena argitaratu du A-25 dela eta. Alderdiak «emakumeen ahotsen alboan» kokatu du bere burua, «hainbestetan isilarazi dituzten kontakizunen ondoan, eta, era berean, arrazoi bategatik edo besterengatik, oraindik ere hitz egitera ausartu ez direnen ondoan». Alderdiak azaldu du #MeToo eta horren gisako mugimenduek argitara atera dituztela sexu indarkeriaren inguruko lekukotasunak, eta horrek zurian beltz frogatzen duela «zein garrantzitsua den feminismo zaratatsu eta ausarta, gure gizartea guztiz eraldatzeko besteak deseroso jartzeari beldurrik izan gabe».

Alderdi moreak gogorarazi du onespena funtsezkoa dela sexu indarkeria identifikatzeko tenorean: «Salatu edo ez salatu, onarpenik ez badago, erasoa da». Izan ere, Ahal Dugu-k «kezkaturik» erreparatu dio egungo egoerari: «Emakumeen lekukotasunak zalantzan jartzen dira komisarian salatu beharrean beste bide batzuk erabiltzen dituztenean, eta batzuek kezka handiagoa erakusten dute ustezko erasotzaileengatik, biktimengatik edo egin dutenagatik baino». Alderdiaren ustez, horrek erakusten du «feminismo gehiago» behar dela «itun eta konplizitate patriarkalak deuseztatzeko».

ELA eta LABen deialdiak Agurainen, Gasteizen eta Iruñean

ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute mugimendu feministak arratsalderako eginiko deialdiekin, baina protesta eta ekitaldi propioak ere antolatu dituzte A-25erako.

LABek, esate baterako, lantokietako indarkeria matxistan egin du azpimarra, eta «politika eraginkorrak» eskatuko dizkio lan ikuskaritzari, indarkeria mota hori bukatzeko. Horretarako, sindikatuak protesta bana eginen du Gasteizen —Alaba jeneralaren kalean, 10:30ean— eta Iruñean —Sarasate pasealekuan, 11:00etan—, EAEko eta Nafarroako lan ikuskaritzen parean.

A-25: LABen elkarretaratzea, Gasteizen. LAB SINDIKATUA
A-25: LABen elkarretaratzea, Gasteizen. LAB SINDIKATUA

«Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan mantentzen den errealitate bat da», adierazi du sindikatuak, ohar batean. «Lanik gabe gelditzeko mehatxua beti dago horren atzean, eta, horregatik, indarkeria ez da behar beste salatzen ezta aditzera ematen ere». Lantokietan, emakumeek pairatzen dituzten mehatxuak eta zigorrak «askotarikoak» direla uste du LABek: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, emakumeen lana gutxiestea… «Indarkeria matxista dimentsio eta aurpegi asko dituen zigor sistema oso bat da; egiturazkoa eta sistema heteropatriarkal kapitalistaren tresna, emakumeak menpean mantentzeko», diote oharrean.

Aurrekoaren adibidetzat jo dute sexu jazarpena salatu duten bost emakumetik batek lan eremuan sufritu duela, eta, hala ere, gehienek (%72,4k) ez dutela enpresan salatu, «ondorioen beldur zirelako». Egoera horri buelta emateko «politika eraginkorrak» eskatuko ditu LABek gaur goizeko protestetan.

ELAk, berriz, «ekitaldi konfederal berezia» antolatu du Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karira. Agurainen egin dute (Araba), eta autodefentsaren gaia mintzagai izan dute solaskideek, Aitortu, erantzun, erreparatu lelopean. Mugarik Gabe eta Bilboko San Inazio auzoko modulu psikosozialeko kideek ere parte hartu dute ekitaldian.

Sindikatuaren irudiko, ezinbestekoa da «emakumeen ahots eta bizipenei sinesgarritasuna ematea eta horren inguruan memoria kolektibo bat eraikitzea», egia, justizia eta aitortza lortzeko bidean. Azaldu dute lan mundua «indarkeria matxisten agertokia» dela, eta horren aurkako baliabideak indartzea galdegin diete erakunde publikoei. «Indarkeria horiek aitortzeko, erantzuna emateko eta erreparatzeko tresna izan nahi du sindikatuak, bai lan zentroetan, baita sindikatuan eta bizitzako gainontzeko esparruetan ere», azaldu dute ohar batean.

Steilas: «Gure gorputza gudu zelai bat da»

Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak, berriz, Gure gorputza gudu zelai bat da leloa duen kartela igorri du Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek jasaten duten indarkeria salatu nahi izan dute afixarekin. «Gerraren testuinguruan, genero rolak areagotu egiten dira indarkeriaren eraginez; izan ere, oro har, gatazka armatuek rolen hierarkia asimetria dakarte berekin: pribilegio maskulinoak indartu egiten dira, femeninoa den guztia ukatuta», azaldu dute.

Zehazki, Israelgo Estatua Palestinan egiten ari den genozidioa salatu du Steilasek: «Etxebizitzak, ospitaleak, eskolak eta unibertsitateak suntsitzen ari dira; ez dute ez ura ez elikagaiak eskuratzeko aukerarik; lekualdatzera behartuta daude, eta bonbek izu ikaragarria sortzen dute». Egora horretan emakumeen aurkako «indarkeria motak eta bidegabekeriak» areagotu egiten direla gogorarazi du sindikatuak, eta, horrez gain, emakumeen bizkar utzitako zaintza lanak ere «zaildu» egiten direla: «Haurren, adinekoen, gaixoen eta abarren bizitzari eusteaz eta haiek zaintzeaz arduratu behar dute; gatazka garaian, ordea, zeregin horiek oso zail bihurtzen dira, eta, askotan, arriskutsuak ere bai».

Gerra eremuetatik kanpoko indarkeria ere hizpide izan du Steilasek. Sindikatuak salatu du patriarkatua dela emakumeentzako borroka esparrurik handiena: «Bertan, hainbat indarkeria mota jasaten ditugu, nahiz eta ez garen bizi gatazka armatu batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.