Pirinioetako autobideko lehen 72 kilometroak prest egongo dira martxoan. Tiermas eta Zigoze (Espainia) arteko ia zazpi kilometroko zatia 2025. urteko lehen hiruhilekoan zabalduko dutela iragarri du Espainiako Gobernuak, eta, hala, Noaindik kasik Berduneraino (Espainia) joan ahalko da bi lerroko errepide horretatik.
A-21 errepidearen Nafarroako zatia prest dago aspalditik. 12 urte dira Noaindik mugara arteko kilometroak erabilgarri daudela. Baina Espainiako partean errepideak ez du jarraipenik, eta bigarren mailako N-240 errepidea hartu behar da, Esako urtegia inguratuz: errepide sigi-sagatsua denez eta lerro bakarra duenez, ohikoak izaten dira auto pilaketak. Eski garaian, esaterako, trafiko handia izaten da Euskal Herritik Pirinioetara joan nahi duten eskiatzaileen ondorioz.
2021. urtean bukatu nahi zituzten lanak, baina hiru urte baino gehiago berandutu dira jada. Sei urte behar izan dituzte 6,6 kilometro egiteko. 68 milioi euroko aurrekontua izan dute lanek.
Tiermas eta Zigoze arteko zatia bukatuta, azken fasea besterik ez da geratuko Noain eta Jaka (Espainia) arteko errepidea osorik bukatzeko. Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Ministerioak abenduaren bukaeran iragarri zuen Puente de la Reina de Jaca eta Fago (Espainia) arteko lanak lizitatu dituela. Bi zatitan egingo dute, baina ez zuten zehaztu noizko bukatuko dituzten.