95.000 sinadura lortu ditu pentsiodunen mugimenduak

Gainditu dute gutxieneko sinadura kopurua, baina ez dituzte eraman Eusko Legebiltzarrera, gehiago lortu nahi baitituzte. «Hainbesteko babesa» bildu ostean, ez dute ezezkorik onartuko. Pentsioak osatzeko sistema bat sortzera bultzatu nahi dute Jaurlaritza.

Pentsiodunak, Eusko Legebiltzarraren aurrean sinadurak biltzen, urtarrilean egindako topaketa batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Pentsiodunak, Eusko Legebiltzarraren aurrean sinadurak biltzen, urtarrilean egindako topaketa batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 14a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur bi hilabete bete dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua sinadurak biltzen hasi zenetik pentsioak osatzeko sistema propio baten alde. Tarte honetan 95.000 lortu dituzte. «Behar bezala homologatuta» daudela ziurtatu du Arturo Val del Olmo bozeramaileak gaur, Eusko Legebiltzarreko atarian egin duten agerraldian. «Sinadura guztiak hainbat fede emailek eta udal idazkarik egiazkotzat jotakoak dira».

Iazko irailaren 26an aurkeztu zuten HEL herri ekinaldi legegilea Eusko Legebiltzarrean, eta ganberako mahaiak onartua du. Haren inguruko eztabaida egiteko, baina, 10.000 sinadura behar zituzten, eta, kopurua nabarmen gainditu badute ere, ez dituzte entregatu. Iragarri dute maiatzean egingo dutela, eta bitartean are sinadura gehiago lortzeko lanean jardungo dutela. Ez dute zehazki esan zenbat bildu nahi dituzten, baina esan dute kopuru «oso handia» izatea nahi dutela.

Uste dute zenbat eta sinadura gehiago lortu, orduan eta aukera handiagoak izango direla Eusko Legebiltzarrak euren eskakizunak onartzeko. «Ez genuke ulertuko hainbesteko ahaleginak egin eta hainbesteko babesa jaso ondoren Eusko Jaurlaritzak txosten negatiboa egitea eta gizarteko sektorerik ahulenetako baten bizitza hobetuko lukeen ekinaldi hau ez onartzea».

«Herri ekinaldi honen hedapena eta harrera oso arrakastatsuak izan dira orain arte, eta itxaropen oso handia piztu da euskal gizarte osoan», esan du Val del Olmok. Eskerrak eman dizkiete laguntzen ari diren norbanako eta erakunde guztiei. Azaldu dute erakunde sindikal guztien babesa dutela eta milaka lagun aritu direla era batera edo bestera sinadura bilketan laguntzen. Adibidez, 20.000 euroren gastuak izan arren, aurre egin diete herritarren ekarpenei esker. 

Eskakizunak

Pentsiodunek nahi dute Eusko Legebiltzarrak pentsioak osatzeko sistema bat sortzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta dauden 60 urtetik gorako guztiek gutxieneko soldataren pareko pentsioa behintzat jaso dezaten. Haien kalkuluen arabera, pentsiodunen herenen diru saria gutxieneko soldata baino apalagoa da, eta egoera horretan direnen %70 emakumeak dira. Diotenez, hilean 850 euro baino gutxiago jasotzen dituzte, eta ekinaldiak 65.000 emakume pentsioduni egingo lieke mesede.

Erlazionatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.