94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko zahar etxe batean, eta egoiliar bat atxilotu

Ertzaintzak 68 urteko gizonezko bat atxilotu du. Biak ziren Gasteizko IMQ Igurko zahar etxeko egoiliarrak. Zentroak ohar bidez jakinarazi du aurretik ez zela egon bien arteko liskar baten zantzurik.

(ID_14469887) Homizioa, Gasteiz, IMQ Igurko. Ertzaintzak bere gain hartu du 94 urteko emakumearen erailketaren ikerketa
Ertzaintzak bere gain hartu du 94 urteko emakumearen erailketaren ikerketa. L. RICO / EFE
joxerra senar
2024ko azaroaren 28a
10:37
Entzun

Goizaldeko lauretan Gasteizko IMQ Igurco Araba zahar etxetik deitu diote Ertzaintzari eraso larri bat gertatu dela jakinarazteko. 94 urteko emakume bat oso larri zaurituta eraman dute ospitalera, eta bertan hil da. Adinekoen egoitzara bertaratutako ertzainek 68 urteko gizon bat atxilotu dute, hilketa leporatuta.

Segurtasun Sailaren arabera, zahar etxera bertaratu diren ertzainek ikusi dute emakumeak aurpegia odoletan zuela eta oso zauri larriak zituela, ustez objektu zorrotz batek eraginak. Anbulantzian eraman dute Txagorritxu ospitalera. Han baieztatu dute heriotza.

Orduan ez dute aurkitu erasotzailea. Zahar etxea miatzeari ekin diote, eta hiri osoan hura atzemateko operazio bat abiatu dute. Azkenik, egoitzan bertan aurkitu dute, aldagela bateko komunetan ezkutaturik. Gizon horrek 25 urteko kartzela zigorra bete zuen bere aita hiltzeagatik, ikerketako iturriek Efe agentziari esan diotenez.

Gertaerak argitzeko ikerketa bat jarri dute martxan. Biak ziren zahar etxeko egoiliarrak. IMQ Igurko zentroko arduradunek adierazi dute ordura arte ez zela izan bien arteko liskar baten zantzurik.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarentzat «izugarria» da pertsona bat horrela hiltzea, «are gehiago hain edadetua izanda». Sailburuak doluminak eman dizkio hildako emakumearen familiari.

Egoitzaren oharra

Hilketa dela-eta «nahigabetuta eta triste» daudela jakinarazi du IMQ Igurko zahar etxeak, eta gertatutakoa sakonki deitoratzen dutela. Hildako emakumearen familiari «dolumin zintzoenak» adierazi dizkiote, eta oraintxe zentroaren «babes osoa» dutela azaldu dute. Halaber, gainerako egoiliarren senideei helarazi diete adinekoen egoitzan diren profesionalak edozein zalantza argitzeko prest daudela. Azpimarratu dute oraintxe zahar etxeak ohiko zerbitzuak eskaintzen jarraitzen duela.

Beharrezko izanez gero, profesional espezializatuak prest egongo dira egoiliarrei, senideei eta langileei laguntza emozionala eskaintzeko. Oharrean, egoitzak eskertu egin die egoiliarren senideei gertatutakoaren aurrean azaldutako ulermena eta konfiantza. Aldi berean, esan dute erabat prest daudela Ertzaintzak abiatutako ikerketan laguntzeko. 

Beste bost emakume hilik

Euskal Herrian aurten izan den bosgarren hilketa matxista da, eta 2003tik, 124.a. Maiatzean, 33 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabost bat egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.

Ekainean, berriz, 43 urteko emakume bat desagertu zen Urruñan (Lapurdi): Laure Zacchello. Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak.

Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukera urriak zirela iradoki zuen. Bi instrukzio epaile izendatu zituzten instrukzioa eramateko. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme aitzindari izana da, gerra armak bazituen etxean, eta horiek ere desagertuak zirela jakinarazi zuten bere garaian.

Miaketak egiten aritu ziren uda aitzineko egunetan. Lekukotasunen biltzeko deia ere zabaldu zuen Poliziak, Zaccheloren argazki batekin eta senarrarena den kolore gorri biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Inguruko oihan eta mendi eremu guziak arakatu zituzten, baina ez zuten aurkitu emakumearen arrastorik. «Senarra bizirauletzaren zalea da, kirolaria, ehiztaria; Ipar Euskal Herriko barnealdea arras ongi ezagutzen du», zehaztu zuen bere garaian Baionako Polizia judizialeko komisarioak.

Bortizkeria aurrekariak ere bazituen gizonak. Prokuradoreak esplikatu zuen emaztea otsailaren 10ean joan zela polizia etxera, senarra «jazartzen» zitzaiola ohartarazteko, baina salaketarik jarri gabe. Bortizkeria sexisten biktimen elkartekoetara joatea aholkatu zioten. Mont-de-Marsanen (Okzitania) dago preso gizona, eta azaroaren 13an deklaratu zuen epailearen aurrean. Guztiz ukatu zuen desagertzearekin inolako loturarik izatea, eta adierazi zuen kezkatuta dagoela emaztea falta delako.

Irailaren 11n, berriz, gizon batek 31 urteko bikotekidea hil zuen, Yanely Gonzales, goizaldean, Bilboko Santutxu auzoan, arma zuri batekin. Gonzalesek gau hartan bertan amari deitu zion, esanez gizona bere onetik aterata zegoela. Basurtuko ospitalera joan ziren, baina han, gizona artatu eta gero, etxera bidali zituzten. Gero Gonzales hil zuen. 

Emakume Migratu Feministek eta perutar jatorriko herritarren elkarteek —Gonzales sortzez perutarra zen— elkarretaratze bat antolatu zuten hilketaren biharamunean. «Yanely, bere erasotzailearen biktima ez ezik, sistema kolonial, patriarkal eta arrazista oso baten biktima ere bada», salatu zuten.

Urriaren 8an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gizon batek Kayle Villar Pons hil zuen. Villar Ponsek 20 urte zituen, eta arma zuri batekin hil zuten, etxabe batean. Etxabean bizi ziren Villar Pons, erasoa egotzita atxilotu zuten gizonezkoa eta beste hainbat pertsona, maizter denak, hainbat bizilekutan banatuta.

Villar Ponsen aitarena zen etxabea. Aita alaba hil zuen gizona kaleratzen saiatu zen, maizterrek, baita bere alabak ere, liskar ugari izan zituztelako harekin. Alabari hiltzeko mehatxuak egin zizkiola esan zuen. Poliziarengana jo izan zuen, maizter horren kontrako hainbat salaketa jarri zituen, eta urruntze agindua ere eskatua zuen.

Panaman eta Katalunian

Aurreko horiez gain, beste emakume bat hil zuten uztailean Panaman: Eneritz Argintxona Fraile. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.

Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen azaroaren 12an, 2022an emaztea hil izana egotzita. Emakumeak 44 urte zituen, eta Irungoa zen (Gipuzkoa). 2022ko abuztuaren 12an desagertu zen, La Morera de Montsant Kataluniako udalerrian. Han bizi zen.

Mossoen esanetan, ikerketak frogatu zuen gizonak erabilitako alibia gezurrezkoa zela. Ondorio hori ateratzeko, baitezpadakoa izan da akusatuaren sakelako telefonoaren datuak aztertzea. Gainera, poliziek jakin zuten akusatuak bazituela emakumearenak ziren zenbait objektu, hura desagertu eta zenbait hilabete igaro ostean ere. Mossoen arabera, egoera normal batean emakumeak ez zituzkeen ondasun horiek beste inoren esku utziko, eta horrek areagotu egin zituen akusatuaren gaineko susmoak.

Poliziak uste du gizonak emakumea hil zuela, eta gero haren gorpua desagerrarazi. Hilotza ez da oraindik agertu, eta ikerketak zabalik dirau, emakumearen gorpua aurkitze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.