Zahar etxeak. Ahoztar Zelaieta Zamakona. Kazetaria

«90eko urteetan zerbitzu publikoaren eraispen kontrolatua egin zen»

Zahar etxeen atzean dauden enpresei buruzko liburu bat ondu du Zelaietak; sektoreak azken urteotan izan duen «pribatizazioaz» ohartarazi du, eta «ate birakarien» inguruko salaketek ere aparteko tokia dute ikerlanean.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Residencias SA, el negocio de los cuidados en Euskal Herria (Zahar etxeak SA, zaintzen negozioa Euskal Herrian) liburuaren egilea da Ahoztar Zelaieta (Bilbo, 1972). Ikerketa kazetaritzaren bidez erreparatzen die auziei, eta kasu honetan zahar etxeen sektorearen barrunbeak arakatu nahi izan ditu.

Zeinen esku daude egoitzak?

Liburuaren ekarpenetako bat izan da patronalaren argazki bat ateratzea. Patronalak izenak ditu; orokorrean aipatzen da askotan, baina izenak ditu. Bertoko enpresak daude, eta kanpotik etorritakoak. Azken horiek oso ezagunak dira: prentsan egunero azaltzen dira. Horien atzean daude multinazionalak, eta putre funtsak... Bertoko enpresak kanpotik etorritakoak baino lehen sortutakoak dira, aurrez sektorean aritzen zirenak. Euskal Herrian, gure berezitasuna da bertako enpresak oso indartsuak direla.

Tartean hirugarren sektoreko enpresak ere badaude, ezta? Irabazi asmorik gabekoak...

Noski, egoitzen sektorea Ilargia balitz, bada ni Ilargiaren aurpegi ilunenari buruz aritu naiz; baina Ilargiak aurpegi asko ditu, eta egoitzetan ere aurpegi asko daude. Matia fundazioa aipatzen dut, adibidez, liburuan; bertuteak baditu. Baina merkatuan norbait izateko, fundazioek etekinik nola ezin duten eduki, marka bat sortu zuen, eta bere helburua etekinak ateratzea da, baita ere. GSR ere kooperatiba bat da, Mondragon Taldearena, baina horrek ere enpresa pribatu baten gisan kudeatzen ditu egoitzak. Eta modus operandi bat errepikatzen da egoitza askotan: ate birakariak zabaltzen zaizkio politikagintzan eragina duen jendeari. Hori Matiak egin du, baita GSRk ere, eta gainerako enpresek. Beste modus operandi ohiko bat izan da lasterketa horretan ez dituztela egoitza pribatuak bakarrik kudeatzen; zahar etxeetako ohe asko itunpekoak dira, eta diru publikoa jasotzen dute. Beste injekzio bat ere jasotzen dute, halaber, titulartasun publikoa duten egoitzak ere kudeatzen dituztelako.

Joera pribatizatzaile argia deskribatu duzu zure lanean. Zer-nolako prozesua izan da?

Administrazio publikoak erabaki zuen sektorea esku pribatuetan uztea, hor zuen erantzukizuna utzi zuen esku pribatuetan. 1991n hasitako kronologia egin dut, hainbat etapa baitaude. Bat, 2001 artekoa: administrazio publikoa hasi zen erantzukizuna uzten enpresa pribatuen esku; 1990eko urteetan zerbitzu publikoaren eraispen kontrolatua egin zen. 2001etik 2007ra sektorearen boom bat izan zen, eta 2007tik hona ikusi ditugu ondorioak. Eraldaketa oso handi bat gertatu da. 1991n sektore pribatu hutsa %10 besterik ez zen; egun, sektore pribatua %90en jabe da.

Eta nor ari da etekina ateratzen?

Bertako enpresak ondo kokatuta zeuden lasterketa honetan, zeren eta informazio pribilegiatua baitzuten. Bazekiten administrazio publikoak zer helburu zeuzkan sektorearen inguruan, eta eragin politikoa ere bazuten. Gerora, EAJko politikari batzuek enpresa pribatuak sortu ere egin dituzte. Beste batzuk egoitzak zuzentzen hasi ziren; eragin politiko handia zeukaten, eta informazio pribilegiatua. Pentsa zer informazio pribilegiatua eman ahal dion gizarte politikak zuzentzen egon den norbaitek enpresa pribatu bati: sektorearen ahuleziak, administrazioaren etorkizuneko planak eta abar.

Gero, talde handiak iristen hasi ziren, baina bertako enpresen eskutik, eta aliantzak sortu zituzten merkatuan lan egiteko, eta patronalean bat egiteko, zeren enpresa horiek ere ohartu baitira modus operandi-a zela kargudun publiko horien fitxaketa: EAJko kide izan diren edo diren pertsona batzuekin bat egitea merkatuan tokia izateko. Zeren haien abantaila ez baita enpresak eraginkorrak izatea. EAEko Arartekoak esana du zerbitzuak okerrera egin duela, egoiliarren senideen elkarteak hori salatzen ari dira, eta lan gatazkak areagotu egin dira... Iturri oso ezberdinak esaten ari dira enpresa horiek ez dutela zerbitzua hobetu. Zertan zetzan haien abantaila? Eragin politikoa zuten, haien bezero nagusia edo bakarra administrazio publikoa zen, eta horrek ekarri zuen aukera berdintasuna urratzea. Bi norabideetako ate birakarien etsenpluak jarri ditut.

Zer kontrol egiten du administrazioak enpresa horien jardunaren gainean?

Administrazioak beharko luke ikuskaritza bat izatea, zeren eta enpresa pribatuak dira, baina ohe asko itunpekoak dira...

Horregatik du kontrolak aparteko zentzua, itunpeko toki horiek daudelako...

Bai, eta are gehiago, titulartasun publikoak dituzten egoitzak ere kudeatzen dituzte. Ikuskaritzak langileek eskatzen dituzte, egoiliarren senideen elkarteek ere bai... Baina oso ikuskatzaile gutxi daude. Gainera, ikuskaritza horiek ez dira ezustean egiten; gehienetan adostuak dira. Kudeatzaileari denbora ematen diote dena txukun aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.