90 ekintzaile prest agertu dira euskal presoak etxeratzearen aldeko ekintzetan parte hartzeko

Bakegileek iragarri dute otsailaren 18an eginen dutela lehen desobedientzia ekintza. Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeen atarian Frantziako Estatuko «maila gorenean entzunak izatea» lortu nahi dute. Euskal preso eta iheslarien egoera konpondu nahi dute, eta Jon Parot eta Jakes Esnalen askatasuna erdiestea izanen da helburu nagusia.

Eszenatoki gainera igo dira euskal presoen etxeratzeare aldeko ekintzaileak. PATXI BELZAIZ
Uxue Rey Gorraiz - Ekhi Erremundegi Beloki
2022ko urtarrilaren 8a
16:55
Entzun

Euskal Herriko gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernuarekin duten «blokeo egoera» gainditzeko «ekintza azlarako, ausartago eta ikusgarriagoetan» oinarritutako fase berri batera pasatuko direla iragarri zuten Bakegileek abenduan. Gaur, lehen ekintzaren data eman dute: otsailaren 18an izanen da, eta bertan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Gaurdanik, eremu anitzetako 90 ekintzaile prest agertu dira ondoko hilabeteetan egin gogo dituzten ekintzetan parte hartzeko, horien artean, politika, sindikalgintza, kirola, kultura eta elkarte munduko aurpegi ezagunak. Eta beste anitzek ere izena eman dute Bakegileek horretarako prestatutako guneetan. Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak argitu du Frantziako Estatuko «maila gorenean entzunak izatea» lortu nahi dutela. «Ez diegu utziko etorkizuneko belaunaldiei guk burutu ez dugunaren ardura».

Ehunka pertsona bildu dira, gaur arratsaldean, euskal presoen etxeratzearen alde Baionan egin duten mobilizazioan. Forma berezia hartu du aurtengoak, Denbora eskasten ari da! Ion, Jakes eta Unai gurekin! lelopean hiru leku ezberdinetatik abiatu diren hiru manifestazio izan baitira hiriko karriketan. San Andres plazan elkartu dira hiru zutabeak, eta han hartu du hitza Funosasek. Oroitarazi du bertan egin zutela 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetze eguna markatu zuen ekitaldia. «Geroztik, nahiz eta urrats handi eta eraginkorrak egin diren, presoen gaiari doakionez, bake prozesuaren blokatze fase batean gara», ohartarazi du Funosasek.

Bakegilearen hitzetan, azken urteetan Espainian bilakaera bat eman da presoen gaiaren inguruan, eta «perspektiba berriak» ireki dira. Baikorki aipatu ditu azken hilabeteetan izan diren hurbilketak eta gradu aldaketak. Baina, Frantzian kontrakoa gertatzen ari dela deitoratu du, Ion Parot eta Jakes Esnalen kasuak aipatuta: 70 urte baino gehiago dituzte eta 31 urte daramatzate preso; terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak behin eta berriz jarri izan ditu helegiteak haien baldintzapeko askatasun eskaerak oztopatzeko. «Ele argiz mintza gaitezen: bizi osorako kartzela zigorra inposatuz, heriotz zigorrera kondenatzen ditu fiskaltzak», salatu du Funosasek. «Jarrera mendekatzaile hori onartezina, umiliagarria eta hilgarria da. Injustua da!».

Blokeo egoera horri aurre egiteko abiatuko dute fase berria, Esnal eta Paroten askatasuna «lehen bai lehen» lortzeko. «Fase berri hau ekintza azkarrago, ausartago eta ikusgarriagoek markatuko dute», argitu du Funosasek. «Ekintza pertsonalak dira, kolektibo baten baitan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan». Hala, herritarrei dei egin die haiekin batera desmartxa horretan parte hartzeko: «Gaur taula gainean garenak fase berri honetan inplikatzeko engaiamendu publikoa hartzen dugu. Baina fase berri horrek ekintzaile nahianta guzien inplikazioa behar du. Bakoitza bere neurrian eta maila ezberdinetan. Baina eraginkorra izan dadin, ikusgarria eta anitza izan behar da, bateratua eta determinatua. Engaiamanedu maila guztiak beharrezkoak izango dira».

Gaurko mobilizazioaren leloa eta irudia daraman tixerta urdina soinean zutela, Funosasen gibelean agertu dira ondoko hilabeteetan eginen dituzten ekintzetan parte hartzeko prest agertu diren ekintzaileak. 90 dira jadanik, horien artean Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagun: batzuk aipatzearren, Aurore Martin eta Christiane Etxaluz militante ezagunak, Jenofa Berhokoirigoin kazetaria, Luzien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakari ohia, Michel Veunac Miarritzeko auzapez ohia, Manex Fuchs antzerkilaria, Mikel Hiribarren Itsasuko (Lapurdi) auzapeza, Paio Ospital kantaria eta Xabier Manterola euskal preso ohia. Luhusoko operazioan atxilotu zituzten Beatrice Molle, Stéphane Etxegarai Etxe eta Jean Noel Etxeberri Txetx ere zerrendan ageri dira. Ekitaldia bukatzerako, herritar andana ekintzetan parte hartzeko izena ematen hasiak ziren eszenatoki inguruan jarritako mahaitxoetan.

Macroni zuzenean

Emmanuel Macron Frantziako presidenteari zuzendu zaio Anaiz Funosas, eta G7koen goi bileraren harira Miarritzera (Lapurdi) egin zuen bisitan izan zituen hitzak gogoan hartu ditu, beste behin. Historia ez-errepikatzeko beharra azpimarratu zuen orduan Frantziako agintariak. «Macron lehendakari jauna, elkar entzunez bakarrik elkar ulertu gaitezke: Miarritzeko adierazpenez geroztik atxiki duzun isiltasunak, bake prozesuak aitzina egin dezan keinu baikorrik ez izateak... erakusten digute gure ohiko manifestaldi eta elkarretaratzeak ez direla nahikoak dosierra zuregana dezazun konbentzitzeko», erran dio Funosasek. «Zure ardura da keinu bat egitea, eta hautetsi eta eragile ezberdinek osatzen duten euskal gizartearen dinamikan engaiatzea. Hori egin ezean, eztabaida demokratiko batean existitu beharko ez litzatekeen mesprextu baten aitzinean ginateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.