86 funtzionariok EAEko espetxeetan lan egiteari utziko diote gaur, lekualdaketa eskatu dutelako

Espainiako Gobernuaren menpeko espetxeetara lekualdatuko dira. Jaurlaritzak behin-behineko langileekin ordezkatuko ditu, lan eskaintza publikora deitu arte.

Arabako Zaballa espetxearen kanpoaldea. JUANAN RUIZ / FOKU
Arabako Zaballa espetxearen kanpoaldea. JUANAN RUIZ / FOKU
aitor biain
2025eko martxoaren 13a
11:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan lan egiten duten funtzionarioen %12 inguruk lanpostua utziko dute. Eusko Jaurlaritzaren menpeko espetxeetan lan egiten zuten lehen, eta aurrerantzean Espainiako Gobernuaren menpekoetan egingo dute lan, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak iragarri duenez.

Denera, berrehun funtzionariok eskatu dute lekualdaketa, eta 93ri onartu die Eusko Jaurlaritzak. Horietatik 86k gaur bertan utziko dute lanpostua. Gainerako zazpi funtzionarioek hiru hilabete barru utziko dute. Eusko Jaurlaritzak 2021ean hartu zuen espetxeen eskumena bere gain, eta egun 750 langilek dihardute Basauri, Martune eta Zaballako kartzeletan lanean. Hiru espetxe horietan 1.700 pertsona daude preso. Lan karga handiak eta langile falta salatu izan dute langileek urte hauetan.

Jaurlaritzak, ordea, «normaltasunaren barruan» kokatu ditu lekualdatzeak. Eusko Jaurlaritzak eskumena bere gain hartu zuenetik egin den lehen lekualdaketa lehiaketa da, eta sailburuak esan du zentzuzkoa dela langileek «beren jatorrizko bizilekuetara itzuli nahi izatea». San Josek azpimarratu du langileek «eskubidea» dutela lekualdaketa eskatzeko, eta esan du 700 pertsona inguruko lantaldetik «soilik» 90 batek utziko dutela lanpostua, eskaera gehiagok aurkeztu bazuten ere: «Ez dugu inor derrigortuko hemen geratzera geratu nahi ez badu».

Edonola ere, sailburuak nabarmendu du espetxeetako zaintza zerbitzua «bermatuta» dagoela, iragarri baitu «hamar eguneko formakuntza» jaso duten behin-behineko langileek ordezkatuko dituztela langile horiek. Horiekin ez da aski izango, halere, eta litekeena da gainerako langileek «ordu estrak» ere egin behar izatea. Sailburuak esan du behin-behineko neurria dela, lan eskaintza publiko batera deitu artekoa.

Martutene «aurten» itxiko dute

Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri du Martuteneko espetxea «aurten» itxiko dutela. Ez da berehalakoan izango, baina ez dute argitu noiz izango den. «Laster jakingo dugu», esan du Goiak. Eta hitzeman du urtea amaitu aurretik preso guztiak Zubietako espetxera lekualdatuko dituztela. Hasiera batean, urte hasieran egitea aurreikusten zuten. Babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dituzte kartzela dagoen eremuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.