84 urteko emakume bat hil dute Barakaldon, eta haren semea atxilotu

Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat udan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat udan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko urtarrilaren 3a
20:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 84 urteko emakume bat hil dute gaur Barakaldon (Bizkaia). Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta biktimaren semea atxilotu, hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan. 

16:30 aldera Ertzaintzari abisu bat igorri diote, Barakaldoko etxe batean emakume bat hilda egoten ahal zela erranez; gehitu dute etxe horretan bertan oihuak eta eztabaidak entzuten zirela. Poliziak, bertaratu denean, emakumea hilda zegoela ikusi du, eta haren semea atxilotu. 

Ertzaintzaren lehenbiziko hipotesia baieztatuko balitz, aurten Euskal Herrian gertatzen den lehenbiziko hilketa matxista litzateke. 2003tik 125 emakume hil dituzte gizonek.

Indarkeria matxistaren mapa

Euskal Herrian iaz sei emakume hil zituzten. Maiatzean, 33 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabortz egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Emakumea maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.

Irailaren 11ko goizaldean, berriz, gizon batek 31 urteko bikotekidea hil zuen, Yanely Gonzales, Bilboko Santutxu auzoan, arma zuri batekin. Gonzalesek amari deitu zion gau hartan bertan, eta erran gizona bere onetik aterata zegoela. Basurtuko ospitalera joan ziren, baina han, gizona artatu eta gero, etxera bidali zituzten. Gero, Gonzales hil zuen. 

Urriaren 8an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gizon batek Kayle Villar Pons hil zuen. Villar Ponsek 20 urte zituen, eta arma zuri batekin hil zuten, etxabe batean. Etxabean bizi ziren Villar Pons, erasoa egotzita atxilotu zuten gizonezkoa eta beste hainbat pertsona, maizter denak, hainbat bizilekutan banatuta.

Villar Ponsen aitarena zen etxabea. Aitak ahalegina egin zuen alaba hil zuen gizona kaleratzeko, maizterrek, baita alabak ere, liskar ugari izan zituztelako harekin. Erran zuen hiltzeko mehatxuak egin zizkiola alabari. Poliziarengana jo izan zuen, maizter horren kontrako hainbat salaketa jarri zituen, eta urruntze agindua ere eskatua zuen.

Eneritz Argintxona Fraile uztailean hil zuten, Panaman. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.

Laure Zacchello 43 urteko emakumea ekainean desagertu zen, Urruñan (Lapurdi): Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak. Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukera urriak direla. Joan den abenduaren 31n gizonak aske utz zezatela eskatu zuen, eta datorren asteartean ebatziko dute eskaera.

Pasaian (Gipuzkoa) izan zen iazko azken hilketa matxista: 53 urteko gizon batek bikotekide ohia hil zuen, suzko arma batekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.