Larrialdi zerbitzuek 82 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten atzo arratsaldean Lezeagabide inguruan, Laudioko udalerrian (Araba). Mendian zebilela istripu bat izan zuen; amildegi batetik erori ote zen ikertzen ari da Ertzaintza.
Familiak eman zuen gizonaren desagerpenaren berri, 15:30ak aldera. Goizean goiz atera zen gizona paseoa egitera, eta etxera bueltatzen ez zela ikusita eman zuten abisua senideek. Gizona bilatzeko lanak abiatu zituzten orduan ertzainek, suhiltzaileek eta udaltzainek, larrialdietako teknikari batek koordinatuta. 17:30ak aldera topatu zuten hilotza.
Bi mendizale hipotermiarekin
Ertzaintzak bi mendizale erreskatatu zituen atzo Palomares mendiaren gailurrean, Kantabria mendilerroan (Araba), hipotermia sintomak zituztela. Arratsaldeko zazpiak aldera, mendizaleek larrialdi zerbitzuei eman zieten abisua,1.200 metroko altueratik ezin zirelako jaitsi. Ertzaintzaren helikopteroa bertara joan zen, eta bi mendizaleak erreskatatu zituen.