Akizeko auzitegiak (Okzitania) 800 euroko isuna ezarri die, gibelapenarekin, iragan uztailaren 23an Akize eta Baiona arteko trenbidea moztu zuten bederatzi ekintzaileei. Abenduan epaitu zituzten, eta prokuradoareak 1.500 euroko isuna eskatu zuen ekintzaile bakoitzarentzat. Ez da horretara iritsiko ezarri dieten zigorra, Bake Bideak jakinarazi duenez.
Hala ere, SNCF tren konpainiak parte zibila galdegina du, eta uztailaren 3an aztertuko dute hori. Kalteengatik 160.000 euro baino gehiago eskatzen ditu konpainiak, Bake Bideak oroitarazi duenez.
Bestalde, otsailaren 2an epaituko dituzte Blokatze egunean A63 autobidea moztu zuten 11 ekintzaileak, Baionako auzitegian. «Aietetik izan dugun jarrerari segituz, lurralde honetako gizarteak eta aktore ezberdinek bat eginen dugu auzipetuak diren Bakegileekin, hobengabetuak izan daitezen galdetzen dugu. Izan ere, ekimen hauek zilegiak izan ziren egoera kontuan harturik», adierazi du Bake Bideak.