Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako COVID-19 kasuen %20 birusaren aldaera britainiarrak eragindakoak dira. Hala jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian. Halere, haren hitzetan, oraindik behintzat ez dute nabaritu kutsakortasuna areagotu duenik, eta, gainera, erantsi zuen txertoak baliagarriak direla aldaera horri aurre egiteko. Sailburuak esandakoaren arabera, oraindik ez dute atzeman Hegoafrikako aldaeraren kasurik. Txertaketa prozesua jakin-min handia sortzen ari da azkenaldian. Horri dagokionez, esan zuen espero dutela datorren astean hastea 80 urtetik gorako 150.000 herritarrak txertatzen, baina zehaztu zuen jasotzen dituzten dosien menpe egongo dela prozesua.
Azaldu zuenez, adineko horien osasun egoeraren arabera, osasun etxeetan edo etxean bertan emango diete txertoa. Txandaren berri Osakidetzatik emango diete. Gainera, jakinarazi zuen atzo hasi zirela osasun sistema pribatuan lehen lerroan diharduten profesionalak txertatzen, eta gaur ekingo diotela Ertzaintzaren txertaketari. Osakidetzan bigarren lerroan aritzen direnei dosiak jartzen segituko dute, eta lehen lerrokoekin aste honetan amaitzea espero dute. Sailburuak azpimarratu duenez, Osakidetzako langileen %45ek dagoeneko hartu dute lehen dosia behintzat. Zahar etxeei dagokienez, langileei eta egoiliarrei immunizazio osoa ematen jarraituko dute. Guztira 100.000 dosi baino gehiago eman dituztela nabarmendu zuen Sagarduik; horietako 57.970 lehen dosiak izan dira, eta 43.682, bigarrenak.
Azken egunetako datuei begira ere jarri zen Sagardui: «Puntu batera iritsi ondoren, intzidentzia kurbaren jaitsiera finkatu egiten da». Halere, azpimarratu zuen «adi» jarraitu beharra dagoela, datuak «arduratzeko modukoak» direlako. Izan ere, haren hitzetan, helburua hamalau eguneko intzidentzia 100.000 biztanleko 60 kasura jaistea da, eta hori «urrun» dago oraindik. Halere, Sagarduik nabarmendu zuen datuek erakusten dutela hartu dituzten neurriak «egokiak» izan direla.
Arrizabalaga oinordeko
Aurreko astean hautsak harrotu zituen Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari eta Labiko kidea zen Ibon Etxeberriak itxiera perimetrala hautsi izanak —Bilbotik Mungiara (Bizkaia) joan zen—, golfean jokatzera joateko. Hori argitara atera ondoren, Eusko Jaurlaritzak kargutik kentzea erabaki zuen, eta atzo jakinarazi zuten zein izango den Etxeberriaren oinordekoa: Iñaki Arrizabalaga. Arrizabalaga Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Zerbitzu Orokorretako zuzendaritzan aritu izan da lanean.
Harrabotsa eragin zuten beste kontu batzuk izan ziren orain aste batzuk Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularrak, eta buruek dimisioa aurkeztu zuten. Bizkaiko Fiskaltzak, ordea, itxi egin ditu «txertaketa irregular» horien harira hasitako ikerketak.
Euskal legea
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk jakinarazi du Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak pandemiaren aurkako lege bat prestatzen ari direla. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak zehaztu du EAEk dituen konpetentzietara zedarrituko duela edukia.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzailearen irudiko, «propaganda eta publizitate asko eta eztabaidarako ezer gutxi» daude iragarpen horren atzean, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak uste duela ez dela «guztiz osoa» izango ez dauzkalako konpetentzia guztiak. «Ezin dugu esan ezta jendea zer ordutan joan daitekeen etxera ere, hori da daukagun autonomia». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean solastatu zen: ziurtatu zuen «euskal lege subiranoa» babestuko lukeela.