80 milioi euro banatuko dituzte Poctefa diru laguntzen bigarren deialdian

Apirilaren 22ra arteko epea dago proiektuak aurkezteko. Lehen aldiz, gehienez ere 200.000 euroko aurrekontua duten «proiektu txikiak» ere lagunduko dituzte.

POCTEFA diru laguntzen aurkezpena, goiz honetan, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
POCTEFA diru laguntzen aurkezpena, goiz honetan, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko otsailaren 21a
09:33
Entzun

Europako Poctefa diru laguntzen bigarren deialdia aurkeztu dute Baionan Akitania Berria eskualdeak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Frantziako eta Espainiako estatuetako mugaldeko eremuetan mugaz gaindiko proiektuak laguntzeko helburuarekin, 80 milioi euro banatuko dituzte. Apirilaren 22ra arteko epea dago proiektuak aurkezteko. «Jadanik hasiak gara proiektu eramaileekin biltzen, dituzten egitasmoen berri izateko», jakinarazi du Mathieu Berge Akitania Berriko hautetsiak.

Hiru arlo nagusitako proiektuak lagunduko ditu Poctefak. Ezagutza eta berrikuntza arlokoentzat 22,5 milioi aurreikusi dituzte, eta ingurumen arlokoentzat, 23,5 milioi. «Lehen aldia da ekologiari ematen zaiola zama handiena», azpimarratu du Bergek. 

Europa sozialago bat eraikitzea du helburu azken eremuak; hiru arlo lagunduko dituzte: enplegurako irisgarritasuna (7 milioi), inklusio soziala (6,7 milioi), eta turismoa eta kultura (17 milioi).

Lau milioi txikientzat

Berritasun bat ere izanen du aurtengo proiektu deialdiak: 200.000 euro baino aurrekontu apalagoa duten «proiektu txikiak» ere babestuko dituzte lehen aldiz. Lau milioi euro gorde dituzte horretarako. Proiektu deialdi nagusiaren sail berak izanen ditu honek ere. 

Azken urteetan ohartu dira deialdi guzietara eragile berak aurkezten zirela, Bergek esplikatu duenez. «Badu alde baikor bat: proiektuak gero eta zehatzagoak dira, eta baita gero eta indartsuagoak ere». Suhiltzaileen adibidea eman du: lehen deialdian, elkarlanean aritzen ikasteko proiektua aurkeztu zuten; azken deialdian, haatik, mugaz gaindiko kaserna bat antolatzeko deialdia. 

Baina alde ezkorra ere bada: «ingeniaritza eta baliabide handiak» eskatzen ditu halako deialdi batean aurkezteak, proiektu eramaileek aurreratu behar dutelako aurrekontuaren zati handi bat. Horrek deialditik kanpo uzten ditu eragile txikiak. «Proiektu txikien deialdiarekin, elkarte munduko eragile andana hurbildu zaigu», poztu da Berge.

Euskal Herriko proiektuak

Iazko maiatzean 14,8 milioi euroko deialdia aurkeztu zuten Poctefaren bidez Euskal Herriko «proiektu egituratzaileak» sustatzeko. Heldu den martxoaren 20an aurkeztuko dituzte hautatutako proiektuak, Iruñean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.