8 eta 21 urte arteko zigor eskaerak presoen babes taldeetako 48entzat

Abokatuak eta Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkartekoak dira auzipetuak. ELA eta LABeko buruek eta beste eragile batzuek auzia salatzeko dinamiketara batzeko dei egin diete alderdi eta instituzioei

Auzipetuetako batzuk eta haiei babesa eman dieten eragileak, atzo, Donostiako Aieteko parkean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Beste makroepaiketa bat; orain, euskal presoen babes taldeen aurka. «ETAren espetxe frontea» osatzea leporatuta, 48 euskal herritar epaitzekoak dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalaren zigor eskaerak jaso berri dituzte: zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak; 590 urte, denera. Eta, bete ostean, beste lau eta zortzi urte artean zaintzapean. Horrekin batera, fiskalak 117.600 euro galdegin ditu isunetan. Epaiketarako datarik ez du jarri oraindik auzitegiak.

Auzipetuetako batzuek agerraldia egin zuten atzo, Donostian, Aieteko jauregiko parkean. Haiei babesa emanez, han izan ziren ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, LABeko Garbiñe Aranburu eta Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi Martin Garitano, besteak beste. Akusazio eta zigor eskaeren larritasuna dela-eta, kezka agertu dute, eta herritarrei eta eragile politiko, sindikal eta instituzionalei dei egin diete salaketa dinamiketara batzeko, eta «agenda partekatu baten baitan» lanean jarraitzeko, «ezberdintasun ideologikoen gainetik» eta «nork bere ahalegin esparrutik».

«Arduratu egiten gaitu gisa honetako makrosumarioek Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoan izan dezaketen eraginak», adierazi du Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak, auzipetuen babes taldearen izenean. Agiri batean azpimarratu dute epaituko dituzten 48 lagunek «bakearen alde» lan egin dutela, modu «publiko eta transbertsalean». Eta auzipetuek berretsi egin dute «giza eskubideen defentsan, demokraziaren alde eta etorkizun kolektibo hobe baten alde harturiko konpromisoa».

Terrorismo delituak leporatzen dizkiete auzipetuei, 2012, 2013 eta 2014. urteetan eginiko jarduerengatik —agerraldian gogoratu dute ETAk 2011ko urrian amaitu zuela bere jardun armatua—. Denbora horretan euskal presoen eskubideen aldeko lanean aritutakoak dira denak. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari gisa, presoei laguntza juridikoa ematen dieten abokatuak, osasun laguntza ematen dietenak —Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoak—, Etxerat-eko senideak, eta presoen giza eskubideak aldarrikatzen Herrira mugimenduan ibilitakoak. «Osasuna artatzea, defentsa juridiko egokia egitea, jardun politikorako aukera izatea eta harreman afektibo eta sozialak garatu ahal izatea ezinbesteko eskubideak dira, eta horrelako auzien bitartez larriki kolpatuak izan dira», salatu dute auzipetuak babestera joandakoek.

Poliziaren txostenak

2013ko irailean Herrira-ren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. Handik gutxira atera zuen EPPK-k agiria, lege baliabideak erabiltzearen aldekoa. Ondoren egin zituzten beste operazio batzuk, presoen bitartekariak atxilotuz, abokatuak, senideak... Eloy Velasco epaileak egin du instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin du haren tesiarekin. Horren arabera, «ETAren espetxe frontea» osatzen dute auzipetuek. «Erakunde terroristako kide» izatea leporatzen die ia denei. «Ondo zekiten ETArekiko egiturazko mendekotasuna zutela», dio epaileak, eta auzipetuak «KG Koordinazio Gunean» biltzen zirela, ETAren aginduak kudeatzeko.

Auzipetze autoan, ordea, epaileak berak aitortzen du aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko «inongo daturik». Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela «Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela», eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.

Tesi horretan oinarrituta, Zigor Salaren 2. Sekzioak baiezkoa eman dio 48ak epaitzeari, horretarako arrazoiak badaudelakoan. Epaiketa egingo den arren, horko epaile batek, Jose Ricardo de Pradak, boto partikularra kaleratu du. Harentzat ez dago deliturik auzipetuen jardunean. Poliziaren «interpretazio subjektiboak» daude akusazioen oinarrian. Testuingurua ere aztertu behar dela dio magistratuak; azpimarratu du «garapen adierazgarria» egon dela «ETAren metodo terroristetatik jarduera politikora», eta epaitzekoak diren ekintzak «jarduera politiko hutsa» direla.

Berdin pentsatzen dute auzipetuen babes taldeko kideek, eta Espainiako Estatuaren jarrera salatu dute: «Atsekabetu egiten gaitu arazo politikoen aurrean errepresioaren hautua egiteak soil-soilik, soluzio politikoak bazter utzita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.