76.363 herritar daude Osasunbideko itxaron zerrendetan

Ia hiru hilabete itxaron behar da lehen kontsulta izateko edo operatzeko. Fernando Dominguezek autokritika egin du, baina langileen eta herritarren bizkar ere jarri du egoeraren erantzukizuna.

Iruñeko ospitale gunea, artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko ospitale gunea, artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko apirilaren 9a
15:45
Entzun

Martxoaren 31n 67.605 nafar zeuden mediku espezialista batekin lehen kontsulta izateko zain, eta 8.758 operazio kirurgikoren baten zain. Herritarrek batez beste ia hiru hilabete itxaron behar dute baterako zein besterako: 84 egun lehen kontsulta izateko, eta 81 egun, berriz, operatzeko. «Datuak txarrak dira berriro ere», onartu du Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak. 

«Dakizkigun eta ez dakizkigun arrazoiengatik, ez dugu lortzen zuzendaritza batzordean eta koordinazio bileretan hartzen ditugun erabakiak itxaron beharreko denboran islatzea eta eraginkorrak izatea», sailburuaren esanetan. Dominguezek agerraldia egin du Osasun Batzordean. «Oso haserre» aurkeztu ditu datuak.

Autokritika egin du: «Nirea da erantzukizun nagusia». Kontseilariaren arabera, huts egiten ari dira zerbitzu askotako agendak eta hitzorduak kontrolatzeko eta ebaluatzeko lanean. Eta batzuetan ez dira «behar bezain gogorrak», ez zenbait ekintza egiteko argibideak ematean, ez kontrol lanetan, jaiegunetan zerbitzuak langilerik gabe ez geratzeko. Aste Santuan hala gertatu dela aitortu du Dominguezek. Beste hutsune bat aipatu du: funtsezko zerbitzu batzuetako kontsulten %70 bigarren azterketak edo hurrengoak egiteko dira, ez lehen kontsultak, «eta lehen kontsultak dira sistemaren helburu nagusia».  

Auzokritika ere egin du. «Baina», jarraitu du, «halako gai transbertsal bat ez dago departamentuaren mende bakarrik, parte hartzen duten guztien esku baizik». Langile guztien bizkar jarri du erantzukizuna. «Langileek ez badute itxaron zerrendena sistemaren lehentasun eta arazo gisa hartzen, nekez konponduko dugu, haiek baitaude lehen lerroan».

Herritarrek ere badute itxaron zerrenden ardura, Osasun kontseilariaren arabera. Hiru gauza aldatu nahi ditu herritarrengan, horiek eragina dutelako arreta denboran, atzerapenetan eta langileen motibazioan: «Alde batetik, gizartearen jarrera aldaketa pandemiaren ondoren; bestetik, ea bakoitzarentzat zer den arreta egokia; eta, azkenik, orokorrean, norberaren burua zaintzearen kontzientzia falta eta nork bere osasunean duen erantzukizuna». 

31.262 hitzordu bertan behera

Dominguezek bertan behera geratzen diren hitzorduei buruzko datuak eman ditu: urteko lehen hiru hilabeteetan, Osasunbideko erabiltzaileek 31.262 hitzordu utzi dituzte bertan behera ospitaleetako arretan; 12.615 kasutan, herritarrak ez dira hitzordura agertu, eta ez dute hitzordua aldez aurretik bertan behera utzi.

Horri aurre egiteko, indarrean jarri dute itxaron zerrendak kudeatzeko araudia: «Arau garbiak ezartzen ditu gaixo bakoitzaren egoera kudeatzeko, gaixoak hitzordu bat onartzen ez duenean, hitzordura agertzen ez denean edo bertan behera uzten duenean», azaldu du Dominguezek. «Gaixoak huts egitea zuritzen edo arrazoitzen ez duenean, aztertu egingo da ea erregistroan jarraituko duen edo ez».

«Langileek ez badute itxaron zerrendena sistemaren lehentasun eta arazo gisa hartzen, nekez konponduko dugu, haiek baitaude lehen lerroan».

FERNANDO DOMINGUEZ Nafarroako Osasun kontseilaria

Itxaron zerrendetan dauden pazienteen egoera banan-banan aztertzen ari dira, denbora gehien daramatenetatik eta paziente gehien duten espezialitateetatik hasita. Jakin nahi dute ea pazienteek, hainbeste egunen ondoren, arreta premiarekin jarraitzen duten, arazoa konpondu den...

Zenbakiak ikusita, oso zaila dirudi, baina Dominguezek azaldu du eutsi egiten diola bere konpromisoari: hilero itxaron zerrendetatik batez beste mila herritar ateratzea, «betiere baldintzak egokiak badira». Otsailetik martxora, mila herritar atera beharrean, ia mila sartu dira (993).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.