740 milioi euroko inbertsioa egingo dute Bilboko metroa eguneratzeko

Bizkaiko garraio publikoko zerbitzu hori indartzeko, 37 konboi berri martxan jarri, seinaleen sistema hobetu, eta aginte postua eguneratuko dute.

Bilboko metroa eraberritzeko inbertsioaren aurkezpena, Sopelan (Bizkaia), gaur. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
Bilboko metroa eraberritzeko inbertsioaren aurkezpena, Sopelan (Bizkaia), gaur. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
iraia vieira gil
2024ko uztailaren 8a
17:30
Entzun

Duela 28 urte ireki zituen ateak Bilboko metroak, eta, iaz, inoizko daturik onenak izan zituen: 92,3 milioi bidaia. Bizkaiko garraio publikoko zerbitzu hori indartzeko eta «etorkizuneko metroa» eraikitzeko asmoz, hain zuzen, 740 milioi euro inbertituko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, 2035era arte. Besteak beste, bost bagoiko 37 unitate berri martxan jarri, egungo seinaleen sistema hobetu, eta aginte postua eguneratuko dute. Unitate bakoitza 16,3 milioi euro kostatuko da, eta unitate bakoitzak leku gehiago izango du garraiorako, %12 gehiago —aurrerantzean, unitate bakoitzak bost bagoi izango ditu, ez lau—. Horrez gain, %35 murriztuko dute Bilboko metroaren kontsumo elektrikoa; beraz, 1,5 milioi euro aurreztuko dituzte urtean.

Gaur bertan aurkeztu dute proiektua Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bilboko metroaren Sopelako (Bizkaia) tailerretan. Puntako teknologiaren bitartez, trenen mantentzerako eta erabiltzaileei Bilboko metroaren zuzeneko informazioa helarazteko unitate digitalak garatuko dituzte.

Aste honetan bertan egingo dituzte lehenengo aldaketak, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak hartuko du tren berriak erosteko ardura. 600 milioi euro inguru inbertituko dituzte tren horiek fabrikatzeko, eta, aurreikuspenen arabera, 2027. urtearen amaieran izango dira erabilgarri lehenengo konboiak. Urtean hamabi unitate egingo dituzte gutxi gorabehera, eta espero dute 2033an guztiak egotea erabilgarri.

Gaur egun, 46 konboi ditu martxan Bilboko metroak. 1995ekoak dira 23, eta hiru milioi kilometro baino gehiago egin ditu bakoitzak; inbertsioarekin lortutako trenek, hain zuzen, 23 horiek ordezkatzeko balioko dute. Halere, 2001eko hamahiru trenek eta 2009ko bederatzik zerbitzua emango dute aurrerantzean ere.

Horrez gain, komunikazioan oinarritutako kontrol sistema ere jarriko dute martxan, zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko asmoz. Sistema horrek tren batetik besterako itxaronaldia laburtuko du, maiztasuna malgutu eta, beraz, trenak puntual ibiltzea bermatu. Gaur egungo sistemak gutxienez 150 segundoko tartea ematen du. Komunikazio sistema berria 130 milioi euro inguru kostatuko da.

«Ekonomia deskarbonizatuaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko trantsizioa egitea errazten du garraio publikoak»

IMANOL PRADALES
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Amaitzeko, aginte postu zentralizatua eguneratuko dute, «Bilboko metroaren bihotz operatiboa». Handik etengabe kontrolatzen da metroaren sare osoa. Sei milioi euro inguru gastatuko dituzte. Eguneratzearen bitartez, bidaiarien irisgarritasuna hobetu nahi dute, baita kanpoko sistemen integrazioa eta zerbitzu partzialen eskaintza ere.

Nazioa eta jasangarritasuna

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustetan, 1995ean Bilboko metroa zabaltzea «nazioaren aldeko apustu bat» izan zen: «Egun, inork ez du Bilbo metrorik gabe imajinatzen». 740 milioi euroko inbertsioa eginez, berriz, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin nahi du Eusko Jaurlaritzak. «Ekonomia deskarbonizatuaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko trantsizioa egitea errazten du garraio publikoak. Eta hori sustatzen jarraitu behar dugu», berretsi du Pradalesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.