Sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta integrala emateko lau zentro daude EAE Euskal Autonomia Erkidegoan: bat Araban, beste bat Gipuzkoan, eta bi Bizkaian. Horiek zabaldu zituztenetik, guztira 735 emakume artatu dituzte —gehienak, Bizkaian: 491—. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eman du datuen berri, Eusko Legebiltzarreko Berdintasunerako eta Garapen Lankidetzarako Batzordean. Hain zuzen, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko parlamentariak eskatuta egin dute gaurko saioa: haren irudiko, zentro horiek irekita badaude ere, ez dute protokolorik, eta ez dago argi baliabide horien kudeaketa gizarte zerbitzuei edo berdintasun arloari dagokion.
2023 eta 2024 bitartean ireki zituzten sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta integrala emateko zentroak. Istanbulgo Hitzarmenari jarraikiz eta soilik baietz da baietz legeak behartuta ari dira krisi zentro deiturikoak eratzen. Leku horietan, egunean 24 orduz artatzen dituzte andreak, eta urtean 365 egunez, presentzialki, telefonoz eta online. Are, zentroetako erabiltzaile izan daitezke sexu indarkeria jasan duten emakumeak eta haien senide zein lagunak, baita biktimekin lan egiten dutenak ere. Etxebarrietak nabarmendu du zentro horien artean «desorekak» daudela eta Emakunden horien gaineko «koordinazio falta» dagoela.
Elgarrestak, berriz, adierazi du sinetsita dagoela zentro horiek lagunduko dutela emakume gehiagok jasandako sexu erasoak salatzen. Hala, orain arteko datuen berri eman du.
Arabako zentroa 2024ko apirilean ireki zuten, eta ordutik aurtengo otsailaren 1a bitarte 165 espediente zabaldu dituzte: horietatik 151 kasutan, biktima artatu dute, eta gainerakoetan, haren ingurukoak. Zerbitzuan artatutakoen adinari dagokionez, gehienek —34 emakumek— 21 eta 20 urte zituzten.
Gipuzkoako zentroa Donostian dago: iazko ekainean hasi zen zerbitzua ematen, eta azaroan ireki zuten behin betiko egoitza. Arrasaten eta Goierrin ere zentroak irekitzea aurreikusten dute. Zentroa ireki zutenetik otsailaren 1a bitarte 269 kontsulta jaso dituzte, eta horietatik 79 kasutan espediente bat ireki dute —61 kasutan biktimak artatu dituzte, eta gainerakoetan, haren ingurukoak—.
Bizkaiko zentroetako bat 2023ko abenduan ireki zuten, eta bigarrena, iazko uztailean. Aurtengo urtarrilaren 31 bitarte 491 pertsona artatu dituzte.
Nafarroan, martxan
Nafarroan iaz zabaldu zuten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa, Iruñean. Ordutik urrira bitarte, 163 emakumeri ireki zieten espedientea epe ertain edo luzean jarraipena egiteko, eta 144 andreri eskaini zieten aldian aldiko laguntza.
Sexu-indarkeria motaren bat sufritu duten emakumeentzat pentsatua dago propio, baina arreta eskaintzen diete, behar izanez gero, senideei eta hurbilekoei ere. Han, hamazortzi profesionalek egiten dute lan: psikologoek, abokatuek eta gizarte langileek, besteak beste.
Egoera guztiz bertzelakoa da Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan, ez baitago indarkeria matxistako kasuak kudeatzen dituen erakunderik; dena justiziaren eta Poliziaren esku dago.