64 andrek Hondarribiko alardean parte hartzea eskatu dute ofizialki

Guztion Alardeak jakinarazi duenez, udalari eta Alarde fundazioari egin diete eskaera. Desfile baztertzailean atera nahi dute soldadu gisa

Hondarribiko alardeko konpainia baztertzaileetako bat, 2019an. J. HERRERO / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
«Herriko emakumeak gara, gatazkaren inguruan bizipen eta sentsibilitate ezberdinak ditugunak. Alardea maite dugu, eta gizonek duten eskubide berarekin parte hartu nahi dugu gure alardean». Hondarribiko (Gipuzkoa) 64 emakumek alardean parte hartu nahi dutela adierazi diete udalari eta Alarde fundazioari. Guztion Alardea taldeak eman du urrats horren berri: 2019an sortu zuten herriko gazte batzuek, 1990eko hamarkadan piztutako gatazka bideratzea eskatzeko; andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen ingurukoak dira —bertan parte hartzen duten gizonak, kantinera izandako emakumeak eta alardea espaloitik ikusten dutenak—, baina emakumeek berdintasunez parte hartzea aldarrikatu dute hasieratik. Zehaztu dutenez, astelehenean egin zuten eskaera ofizialki, izen-abizenez sinatuta.

Kopurua «sinbolikoa» dela adierazi du Guztion Alardeak: «Badakigu, noski, askoz gehiago garela alardean parte hartu nahi dugun emakumeak, eta are gehiago emakumearen parte hartzearen alde gaudenak». Hala, eskaerara batzera eta haiekin harremanetan jartzera deitu dituzte herriko andrazkoak. «Alardea bat eta bakarra da, hondarribiar guztion ondarea, eta edonork beharko luke bertan nahi duen moduan parte hartzeko aukera izan. Hori errealitate bat ez den bitartean, ez dago normaltasunik, ez bizikidetzarik, eta are gutxiago berdintasunik».

Pandemiaren ondorioz, azken bi urteetan ez da alarderik izan Hondarribian —Irunen joan den ostegunean egin zituzten bi desfileak—. Etenaren ondoren eman dute pausoa emakumeek, eta urrats garrantzitsua da: azken 25 urteetan, soldadu gisa desfilatu nahi izan duten andreak Jaizkibel konpainia parekidean baino ezin izan dira atera, baina 64 emakumeok adierazi dute gainerako konpainietan sartu nahi dutela, hau da, orain arte andrazkoen parte hartzea baztertu dutenetan.

Hori dela eta, bi eragileri egin diete eskaera: Alarde fundazioari, desfilearen antolatzailea den aldetik, eta Hondarribiko Udalari, «alardea aurrera eramateko baimena ematen» duen aldetik: «Hondarribiar guztion ordezkari den udalari gogorarazi nahi diogu herritar ororen eskubideak bermatzeko erantzukizuna eta konpromisoa duela». Hedabideei igorritako oharrean, emakumeen parte hartzearen aurka daudenei ere mintzatu zaizkie Guztion Alardeko kideak: «Bakoitzaren parte hartzeko eskubideak ez du zapaltzen parte hartu nahi ez duenaren eskubidea».

Mende laurdeneko gatazka

Euskal Herrian emakumeen eskubideekin eta berdintasunarekin lotutako gatazkarik esanguratsuenetako bat da Irungo eta Hondarribiko alardeen ingurukoa. 1996ko udan lehertu zen auzia, Irunen lehenik eta Hondarribian ondoren: ordura arte, emakumeek kantinera gisa baino ezin zuten desfileotan parte hartu, eta aurreko urteetan soldadu ere ateratzeko nahia adierazia zuten andre batzuek; antolatzaileen ukoaren aurrean, desfileen egunean bertan konpainietan sartzen saiatu ziren, baina kolpeka atera zituzten.

Mende laurdenean ez da gatazka bideratzerik lortu. Irunen bi alarde egiten dira ekainaren 30ean: bat, parekidea, eta bestea, baztertzailea. Hondarribian, berriz, alarde bakarra egiten da irailaren 8an, emakumezko soldadurik gabe, eta Jaizkibel konpainia parekideak —aurten 25 urte beteko ditu— bereiz desfilatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.