Datuek berresten dute pandemiaren bilakaerak beheranzko joera hartua duela Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman berri dituzten datuen arabera, 62 positibo atzeman ziren atzo egindako testetan. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 2.465 proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak igandean, eta %2,5 izan da positiboen ehunekoa.
Zehazki, herrialdez herrialde, Bizkaian detektatu dituzte positibo gehien: 21 positibo zenbatu dira. Nafarroan, hemezortzi kasu atzeman dituzte; Gipuzkoan, hamazazpi, eta Araban, berriz, lau.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguneratu ditu pandemiari eta txertaketari lotutako datu guztiak, eta, hemendik aurrera, astelehenetan baino ez du zabalduko informazio hori. Gaur emandako datuen arabera, atzo hamar lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren menpeko osasun zentroetan gaitzarekin, eta une honetan 29 eri daude larri ZIUetan. Nafarroan, berriz, pertsona bat ospitaleratu zuten, eta hura zuzenean ZIUetara eraman zuten. Hori horrela, bi gobernuetako osasun agintariek emandako datuak kontuan harturik, une honetan guztira 33 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri.
Azken egunetan birusarekin zendutakoen kopurua ere eman dute bi gobernuek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, joan den astelehenetik ostegunera bitarte zazpi pertsona hil ziren gaitzarekin. Nafarroan, berriz, pertsona bat hil da gaitzarekin epe horretan. Orotara, beraz, zortzi lagun hil ziren Hego Euskal Herrian joan den astelehenetik ostegunera gaitzak jota.