535 urteko espetxe zigorra Aretxabaletari eta Aramendiri

Guardia Zibilak atzo atxilotu zuen Aretxabaleta, Bilbon. Aramendi Frantzian dago, espetxe zigor bat betetzen

2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
BILBO. Guardia Zibilak Liher Aretxabaleta atxilotu zuen atzo, Bilbon, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Ekainaren 28an eta 29an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean. Orain, epaileak 535 urteko kartzela zigorra ezarri die Aretxabaleta eta Alaitz Aramendiri, 2005ean ETAk eginiko atentatu baten harira.

Aretxabaleta 2013an geratu zen aske, sei urteko espetxe zigorra bete ostean. Frantzian atxilotu zuten 2007an, eta Fresnes, Soto del Real eta Ocañako espetxeetan bete zuen zigorra. Aramendi, berriz, Frantziako espetxe batean 2011n ezarritako kondena bat betetzen ari da.

Oraingoan, ordea, beste auzi batengatik atxilotu dute Aretxabaleta. ETAk 2005eko maiatzean Madrilen eginiko atentatu baten harira epaitu dituzte biak. Bonba auto bat leherrarazteaz akusatuta zeuden.

Aretxabaletarentzat eta Aramendirentzat 718 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak. Epaileak, berriz,535 urteko kartzela zigorra ezarri dio bakoitzari. Horrez gain, milioi erdi inguruko kalte-ordainak ordaintzera kondenatuak izan dira, sortutako kalte material eta pertsonalengatik —batez ere, lesio akustikoak—.

Sortuk ohar baten bidez salatu du atxiloketa, «bakea eraiki nahi dutenen aurkako kolpe gogorra» dela azalduz. Alderdiak elkartasuna adierazi, eta atxiloketa gaitzesteko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.