Ohi baino giro alaiagoa suma zitekeen Iruñeko kartzelako patioan, 1936ko abuztuaren 23ko goiz eguzkitsu hartan. Bezperan, Benito Santesteban erreketeen buruak lasaitasun mezua eman zien preso errepublikazaleei: «Ez larritu; egun gutxi barru, gerra baretu ahala, nor bere etxera itzuliko da. Erregimenaren aurkako matxinada delituagatik espetxeratuek soilik segituko dute preso. Gainerako guztiak, etxera». Horregatik, espetxeko funtzionario batek, patioaren erdian jarrita, 53 izen-deiturako zerrenda luze bat ahots goran irakurri zuenean, askok pentsatu zuten amesgaiztoa amaitua zela. Euforia nabari zen, aspaldiko partez, kartzelako harresien artean.
Eskuak bizkarrean eskuburdinez lotu eta autobusetan sartu zituzten arte ez ziren konturatu dena gezur hutsa zela. Erreketez, falangistaz eta apaizez osatutako segizioa zegoen han. Presoen artean, berriz, sindikatuetako ordezkariak, anarkistak, sozialistak eta beste hainbat errepublikazale. Tartean, baita 1935era arte Osasuna futbol taldeko presidente izandako Natalio Cayuela ere.
Igandea zen, eta Andre Maria Erreginaren prozesioa egitekoak ziren hiriburuan. Erreketeek eta apaizek goiz bukatu nahi zuten lana, prozesiora garaiz itzuli ahal izateko —garai hartako Iruñean oso nabariak ziren mezara joan ez zirenen hutsuneak—, eta azkar ibiltzeko eskatu zieten presoei. Falangistek ez zuten presarik.
Cadreita, Valtierra eta Caparroso herrien artean dagoen orube batera eraman zituzten presoak bi autobusetan, Valcaldera izeneko ardi kortara. Han, hamarnako taldetan banatu zituzten, eta apaizen aurrean bekatuak aitortzera behartu. Une horretan, eztabaida piztu zen falangista eta karlisten artean: batzuek uste zuten presoak konfesatu gabe exekutatu beharko lituzketela; besteek ezin zuten halakorik onartu.
Haien artean tiroka hastear zirela, konfesiorik ez egitea erabaki zuten apaizek, ika-mikak eragozte aldera. Orduantxe hasi ziren exekuzioak, taldeka. Tiro bana hasieran, eta beste bat buruan, lurrean zeudenean. 53 presoen artean, bakar batek lortu zuen ihes egitea: Honorino Artetak.
Iruñean ezaguna zen Arteta, soinujolea eta La Veleta peñako sortzaileetako bat izateagatik. Hura fusilatzeko ardura zuen guardia zibilak ere berehala ezagutu zuen Arteta, eta buruan ez, hankan jo zion tiroa. Iruindar errepublikazaleak berak handik zenbait urtera kontatu zuenez, lurretik jaiki eta lasterka urrundu zen azkar batean. Hankako zauriak eragiten zion oinazeari nola edo hala eutsiz, zuhaitz batera igo zen, eta han eman zuen gaua. Hurrengo egunetan, hainbat herritarren laguntzarekin, muga zeharkatu eta Maulen bilatu zuen babeslekua. Katalunian eta Frantzian bizi izan zen, eta Franco diktadorea hil arte ez zen sorterrira itzuli.
Gainerako presoak hantxe hobiratu zituzten, 1959. urtean Madrilgo Erorien Haranera eraman zituzten arte. Elkarte memorialisten arabera, 1980an itzuli ziren gorpuzkiak Nafarroara, baina Espainiak ez du inoiz horren inguruko informaziorik eman. Desagerturik dira ordutik.
Omenaldi bikoitza
Urtero bezala, Valcalderan fusilatutako errepublikazaleei omenaldia egin zien atzo Nafse36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak. Osasunako Peñen Federazioak ere bat egin zuen ekitaldiarekin, eta 52 krabelin gorri jarri zituzten sarraskia gogoratzeko. Fusilatutako preso bakoitzeko bat. Iluntzean, berriz, Iruñeko kartzela zaharraren orubean egin zuten ekitaldia.
52 krabelin gorri Bardean
1936ko abuztuaren 23an, erreketeek eta falangistek 53 errepublikazale fusilatu zituzten Valcalderako kortan (Nafarroa). Hildakoei omenaldia egin die Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu