Amagoia Susperregi. Nafarroa Berriz Altxa taldeko eleduna

«500 urteren ondotik, katea ez da hautsi, ez gaituzte guztiz menderatu»

Amaiurko bataila «Nafarroako independentzia berreskuratzeko azken saiakera izan zen». Igandean, gudu hura gogoratu zuten Amaiurren, bost mende geroago, gaurdaino iristen baitira haren ondorioak, Susperregiren ustez.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
1522ko Amaiurko gudua Nafarroako konkistako azken bataila handia izan zen, eta, igandean, Nafarroa Berriz Altxa ekinaldiak gogora ekarri zuen Amaiurren bertan. Amagoia Susperregi eledunaren arabera (Lesaka, 1973), asteak eman dituzte Baztango eragileekin eta herritarrekin elkarlanean. «Erronka itzela jarri genion geure buruari. Antolaketa konplikatua zen, eta ongi atera zen», adierazi zuen atzo, pozarren. Oraindik ez dute izan analisia patxadaz egiteko betarik, baina lehen inpresioa «hagitz ona eta positiboa» da.

Amaiuraldiak zertarako balio izan du?

Burujabetzaren aldarrikapena eztabaidaren erdigunean jarri nahi izan dugu. Pentsatzen dugu burujabetza gure bizi baldintzak hobetzeko ezinbertzeko tresna dela, euskal estatu bat sortzeko bide bakarra. Burujabetza ez da bakarrik garenaren inguruko zerbait, baizik eta behar bat ere bai, herri gisa. Hori lortu nahi izan dugu ekinaldi honekin. Amaiurko bataila izan zen Nafarroaren independentzia berreskuratzeko azken saiakera, eta testuinguru hau aprobetxatu nahi izan dugu iragana eta etorkizuna lotzeko.

Zer esan nahi du gaurko ikuspegitik?

Bostehun urteren ondotik, katea ez da hautsi. Konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menderatu. Badago hor jarraitzen duen hari bat. Horregatik existitzen gara oraindik euskaldunak; Espainiako proiektua oraindik zalantzan jartzen da, ez da erabat onartzen. Bostehun urte geroago, herriaren sektore handi batek aldarrikatzen du herri gisa eskubidea duela burujabetzarako eta bere erabaki propioak hartzeko.

Konkistak zer ondorio izan zituen Euskal Herriarentzat?

Konkista hartatik, Espainiako eta Frantziako estatuei lotuak geratu ginen. Batzuek erran dezakete: «zergatik begiratu hainbertze gibelera?». Egungo egoera handik heldu delako. Horregatik pentsatzen dugu Euskal Herrian oraindik zalantzan jartzen dela Espainiako proiektua. Erran nahi du memoria historikoa bizirik dagoela oraindik bostehun urteren ondotik.

Zer-nolakoa da subiranismoaren egungo egoera?

Jendeari erakutsi behar diogu burujabetza behar bat dela. Burujabetza faltak gure egunerokoan eragiten digu: ezin ditugu gure lan harremanetako ereduak hemendik arautu, eta kondenatuak gaude Espainian onartutako lan erreforma betetzera; hezkuntzan, Madrilen onartzen dena bete behar dugu; gure aurrekontuetako gastu mugarekin ere antzera gertatzen da; lanpostu publikoak sortzeko eskubidea ere bahitua dugu neurri batean...

Historiaz harago, abertzaletasunaren eta nabarrismo espainolistaren arteko kontakizun gatazka dago atzean?

Espainolismoak beti saldu du konkistarik ez zela egon eta Nafarroako erresumak bere borondatez bat egin zuela, eta orduz geroztik Espainiako Estatuaren eta Nafarroaren artean borondatezko harreman bat dagoela. Ia-ia amodiozko istorio bat da. Gezur horren aitzinean diskurtso bat egin du, eta ezaugarri jakineko nafartasunaren bandera astindu: Espainiako proiektuari atxikia, antieuskalduna eta atzerakoia. Guk erraten dugu hemen mendekotasun eta inposizio egoera bat dagoela, ez dagoela berdintasunezko harremanik. Hori ikusita, bertzelako nafartasun bat ahalduntzen eta indartzen ari da, bestelako balio batzuekin: euskaltzalea eta aurrerakoia da. Erregimenarekin lehian sartu da. Nafarra izateko eta sentitzeko modua aldatzen ari da.

Konkista subiranistek gogoratzen dute soilik. Zergatik?

Espainolisten proiektua gezurrezko kontakizun baten gainean eraiki da, eta, hori jendaurrean gezurtatzen diozunean, argudiorik gabe gelditzen dira. Horregatik uzten dute pasatzen, ikusten dutelako ahulezietako bat dela.

Nafarroa Berriz Altxa duela urtebete sortu zen. Hemendik aurrera, zer egiteko asmoa duzue?

Zertan asmatu dugun eta zertan ez aztertzea dagokigu orain. Datozen hilabeteetako eta urteetarako bide orri bat marrazten saiatu behar genuke. Baina hausnarketa egiteko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.