Lan eremua euskalduntzeko beste urrats bat egiteko eskatuko diete ELAk eta LABek Hego Euskal Herriko patronal nagusiei. Gaur goizean Kontseiluarekin batera egindako agerraldian, neurri jakin bat jarri dute mahai gainean: 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko baldintza txertatu dadila EAEko eta Nafarroako lanbide arteko itunetan. Alegia, berdintasun planekin gertatzen den bezala, lantokietan euskara planak ere egin daitezela nahi dute. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera horren zergatia azaldu du: “Euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan munduarena. Gure egunerokoaren zati handi bat lanean igarotzen dugu, eta, ondorioz, gure hizkuntza praktikak eta eskubideak baldintzatzen dituen esparru bat da, langile zein kontsumitzaile gisa”.
Hori horrela izanik, sindikatuek euren eguneroko borroken agendan txertatu nahi dute hizkuntza eskubideen auzia. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, bederen, hala zehaztu du: “Langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen da hizkuntza eskubideena. Beraz, gure borroketako ildo bat izan behar du hizkuntzarenak, euskararenak”. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere ildo beretik jo du neurri hori proposatzeko arrazoiak ematerakoan: “Lan mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean erabaki ausartagoak hartu beharko dira. Alegia, neurri eraginkorragoak eta betearazleagoak, euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar baitu”.
Lanbide arteko itunetan baldintza hori txerta dadin, sindikatuek eta Kontseiluak dei egin diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari: 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko neurria babes dezaten eta plan horiek aurrera ateratzeko inbertsio ekonomikoa bidera dezaten.
Euskara planak enpresetan
Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzearen beharra zenbakitara ekarri dute goizeko agerraldian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %1ek besterik ez dute euskararen erabilera normalizatzeko planen bat. Edo, beste era batera esanda, eremu horretan 138.000 enpresa daude inolako planik gabe. Nafarroan are txikiagoa da zenbateko hori: %0,7k soilik daukate euskararen garapenerako prozesu bat martxan.
Sindikatuek eta Kontseiluak euskara planak negoziatzen hasteko beharra aldarrikatu dutenerako, beraz, ikusi dute nondik egin daitekeen aurrera. 50 beharginetik gorako lan eremuetan eskatu dute neurri hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.000 enpresa inguruk gainditzen dute 50 langileren langa hori, baina langileen erdiek egiten dute lan horietan. Nafarroan antzeko proportzioetan dabiltzala azaldu dute agerraldian. Zenbaki horiek guztiek agerian uzten dute, beraz, baldintza horiek betetzen dituzten lantokietan euskara planak egingo balira irismen handia izango luketela.
Neurri horiek hartzen hasteko garaia dela nabarmendu du Aranburuk, are gehiago kontuan hartuz gero datozen bi hamarkadetan lan eremura salto egingo duten beharginen gehiengoak euskarazko hezkuntza jasoko duela. “Belaunaldi aldaketa bat gertatzera doa, eta abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoaren euskalduntzea bultzatzeko”. Kontrakoa gerta litekeela ere ohartarazi du. Hau da, neurri egokirik hartu ezean, euskarazko hezkuntza jaso duen belaunaldia erdalduntzea eremu sozioekonomikoak. “Horregatik, lan arloa gakoa izango da belaunaldi berri horretan”.