45 minututik bost ordura

Olatz Mercaderrek berriki jaso du arta Onkologikoan; ama 2012an zendu zitzaion, han arta jasota. Alde argiak ikusi ditu, pazienteen arreta egokiaren kalterako.

arantxa iraola
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Tamalez, minbizia hitzak eragiten duen oihartzunak behin baino gehiagotan bete du Olatz Mercaderren etxea. Atzo hitza hartu zuten pazienteetako bat izan zen, eta alderaketa bat egin zuen: esperientziak eman ohi duen zolitasunaz. 2020an diagnostikatu zioten berari bularreko minbizia, eta Onkologikoan artatu dute; 2012an hil zitzaion ama, minbiziarekin, Onkologikoan arta jaso eta gero. Urteotan, zerbait galdu da zentroko lan egiteko eran.

Horra ama nola artatu zuten: «Haren kimioterapia eta kontsulta egun arketipiko bat izaten zen: goizean analitika egiten zioten, berehala igotzen zuten kontsultara, kontsulta izaten zuen, eta 45 bat minutuan kimioterapia jasotzen ari zen». Bestelakoa da orain ikusi duena. «Gaur egun, odola zure osasun zentroan ateratzen dizute». Aintzat hartzekoa da xehetasuna, zentzu askotan: «Gaixo onkologikoen kasuan, horrek dituen aldaketa fisikoekin-eta, oso gogorra da. Herri txiki, infernu handi; erakusleiho batean zaude». Analitika eginda, hurrengo egunera arte ez dira Onkologikora itzultzen. Eta arta motela da garai batetik hona. «Kontsultan, itxaronaldiak egiturazkoak dira: ordubete edo bi ordu itxarotea erabat arrunta da», azaldu du. «Eta, ondoren, kimioterapia ospitalean prestatzenbadute, hiru orduko itxaronaldia izan dezakegu; lehen, hemen Onkologikoan prestatzen zenean, azkarragoa izaten zen dena». 45 minututik bost ordura, horra aldea. «Eta bost orduko itxaronaldi bat, adineko jendearentzat, egoera zaurgarrian dagoen jendearentzat, norbaitekin etorri behar duen gaixo batentzat... horrek ikaragarrizko eragina du gaixoarengan, haren ingurukoengan». Hortik kezka: «Hamar urteotan, bilakaera nabarmen okertu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.