44 urte luze, 16.060 egun eta gau, bila eta zain, Joxe Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpuzkiak noiz agertuko. Denboraren itsaso zabal horretan, etenik gabeko bilaketa horretan mugarri diren lau egun laburtzen ditu 16.060 egun film laburrak, 23 minutuan. Aurretik, Iñaki Alforjak eta Iban Toledok Naparraren desagerpena eta horrek familian irekirik utzi duen zauria jaso zuten Bolante baten istorioa filmean. Haren jarraipena da film laburra, eta, izenburuaren bidez, denboraren joan-etorria eta errutina iraunkorra deskribatzen ditu, oraindik bizirik den ezinegon baten lekuko bihurtuz ikuslea.
Berriki estreinatu zuten filma, Bilboko Zinebi jaialdian, eta azaroaren 15ean, Iruñean, IPES elkarteak antolatutako giza eskubideen jaialdian. Datorren urtean Donostian egingo den Giza Eskubideen Jaialdian ikusgai egongo da, baina ahalik eta toki gehienetara iritsi nahi dutela azaldu dio BERRIAri Iban Toledok: «Asmoa da festibaletan proiektatzea, eta deitzen gaituzten toki guztietara joango gara».
Denborak pisu handia du film laburrean. Hasi eta buka, familiaren baserri aren aurrean intxaurrak zuritzen dihardute Eneko eta Oier Etxeberria aita-semeek —Naparra-ren anaia eta iloba—. Bi uneak grabatu zirenetik urteak iragan dira, eta Oier, haurra zena, nerabea da orain. «Metafora bat da, denbora iragaten da, baina denak berdin jarraitzen du familiarentzat: Naparraren bila jarraitzen dute». Filmeko kartelak itaun horiek zuzentzen dizkio ikusleari: «Badakizu noiz utziko zeniokeen zure anaiaren bila jarraitzeari? Badakizu noiz bukatuko litzaizukeen itxaropena?».
Ikusi gehiago
Bolante baten istorioa filmak jarritako puntu eta etenaren osteko jarraipena da film labur berria. Lehen proiektu hark lau urte eman zizkien, eta familiaren egunerokoan murgildu ziren Iñaki Alforja eta Iban Toledo. «Oso harreman estua sortzen da, eta ez da kanpotik lantzen duzun proiektu bat. Inplikatuta sentitzen zara. Haiek 44 urte daramatzate bila, eta, maila berean ez bada ere, haien mina zure egiten duzu».
Hala, aurten apirilean Eneko Etxeberriaren deia jaso zuten: gorpuzkiak egon zitezkeen bigarren tokian indusketa egiteko baimena eman zuen Ismael Moreno epaileak, eta Frantziako armadako adituek apirilaren 22ko astean bila aritzeko abisua jaso zuten. Kamerak hartu, eta hara joan ziren, Eneko Etxeberriarekin batera. «Ez genekien zer gertatuko zen. Guri gustatuko zitzaigun gorpua azaltzea, baina gertatzen zen hori jasotzera joan ginen», azaldu du Toledok.
«Ez da kanpotik lantzen duzun proiektu bat. Inplikatuta sentitzen zara. Haiek 44 urte daramatzate bila, eta, maila berean ez bada ere, haien mina zure egiten duzu».
IBAN TOLEDO'16.060 egun' film laburraren egilea
Egun haietako nondik norakoak kontatzen ditu filmak. «Transmititu nahi genuen errutina hori». Bilaketaren irudiekin batera, soinuak dira protagonista: hondeamakinen soinua, detektagailuen hotsa... «Soinuekin jokatu nahi izan dugu; behin eta berriro errepikatzen dira». Apirileko aste hartan, Portugalgo Krabelinen Iraultzaren urteurrena zen, eta itxaropen iraultzako ereserkia abesten hasten da Eneko Etxeberria. Hura baita protagonista nagusia. Hala islatzen du filmak: goizero gosaltzen eta handik induskatu zen eremura joaten. Tartean, bizitakoaren adierazpenak eta gogoetak ere jaso dizkiote.
Bilaketa bat-batean amaitu zen. Apirilaren 22tik 25era arteko bilaketa izan behar zuena hiru egunera murriztu zuten militarrek, eta biharamunean ez zen inor joan lekura. Hala jasotzen du film laburrak. «Ez zegoen inor. Hondeamakina izkina batean zegoen», gogoan du Toledok. Militarrek ez zieten bezperan abisurik eman lana amaitua zutela. «Hori izan zen familia honek jaso duen beste kolpe bat, enegarrena».
Nazio Batuen kontalariak esan zion Eneko Etxebarriari bortxaz desagertutakoen kasuetan delitua ez dela amaitzen, une horretan bertan egiten ari direla. «Gorpua desagerturik dago, eta familia horrek ezin du dolurik egin. Ezin da hasi ere egin, eta delitua mantendu egiten da», zehaztu du Toledok. Euren proiektuak min hori gizarteratu nahi du, eta euskal gatazkaren ondorioen parte egin: «Ez dugu kontakizunaren bataila gisa planteatzen. Osatzeke dagoen puzzle horren beste pieza bat da. Ezin dugu osatutzat eman pieza guztiak mahai gainean jarri gabe. Nola itxi dezakegu Euskal Herriak bizi izan duen historia hurbil hau oraindik ere desagertuak badaude, aitortu gabeko biktimak badaude?», galdetu du.
Etxeberriaren haserrea
Apirileko bilaketak ez zuen emaitzarik eman, eta epaileak eta familiak auzia behin-behinean ixteko eskatuko du. Espainiako legediak behartzen du instrukzioko auzi bat gehienez hemezortzi hilabetez irekirik izatea, eta, froga berririk ezean, nahiago dute epe hori ez agortu. Iruñeko Golem zinema aretoetan egindako aurkezpenean, Iñaki Alforjak onartu zuen euren helburua litzatekeela bi pelikulek balio izatea zerbait dakien norbaiti kontzientzia pizteko, ikerketarako beste hari bat ireki dezan. «Memoria historikoa berreskuratzeko nire esperientziak esaten dit norbait egon ohi dela zerbait dakiena...».
Agerraldi hartan, Eneko Etxeberriak publikoki onartu zuen haserre dagoela Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. EAEn, 2021ean eskatu zuen biktima gisa aitortzeko, eta Nafarroan, iaz. Alta, EAEko erreparazio batzordean ikerketa etenda dago auzitegi medikuen egoeragatik, eta Nafarroan jakinarazi zioten EAEkoa argitu arte itxarotea nahiago zutela. «Eskaera egin izana damutu zait. Niretzat askoz ere balio handiagoa izan du 2014an Nazio Batuen bortxazko desagerpenen taldeak egindako aitortza», onartu zuen jendaurrean, atsekabetuta.