430 milioiko inbertsioa adostu dute ‘euskal Y’-a bultzatzeko

Adifek eta Europako Inbertsio Bankuak mailegua sinatu dute abiadura handiko trena eraikitzeko. Burgos-Gasteiz linea, Gasteiz eta Bilboko sarbide berriak eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako geltokiak finantzatuko dituzte.

Ezkio-Itsasoko AHTaren geltokia, iaz. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ezkio-Itsasoko AHT geltokia, iaz. GOTZON ARANBURU / FOKU
edurne begiristain
2024ko uztailaren 26a
09:44
Entzun

Adifek eta EIB Europako Inbertsio Bankuak 430 milioi euroko inbertsioa hitzartu dute euskal Y-a trenbide sarearen lanak finantzatzeko. Bi erakundeek ohar bidez jakinarazi dutenez, EIBren maileguak diruz lagunduko ditu Burgos-Gasteiz abiadura handiko linea, Gasteizerako eta Bilborako sarbide berriak eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako geltoki berrien loturak, besteak beste.

EIBren finantzaketa 2017an onartu zuten; hasieran, 1.030 milioi euroko mailegua adostu zuten trenbide sarea finantzatzeko, baina 2021ean 1.430 milioiraino handitu zuten diru saila. Euskal Y-ak Europako finantzaketa izan du hasiera-hasieratik: orain arte, 2.830 milioi euroko mailegua eman du bankuak, trenbide sarearen lanak egiteko.

Espainiako Garraio Ministerioaren trenbide azpiegituretako kudeatzaileak (Adif) eta EIBk nabarmendu dute abiadura handiko trenbide loturen «kalitatea hobetzeko» egindako inbertsio «garrantzitsuenetako» bat dela gaur hitzartutako diru sail berria.

AHTa abiadura handiko trenaren lanak 2006an hasi ziren, eta, hemezortzi urte geroago, ez dira amaitu. Nahiz eta Donostia, Bilbo eta Gasteiz trenez lotzeko obren zati gehienak bukatuta egon, hainbat zati bukatzea edota obra batzuk tramitatzea falta da. Orotara, 182 kilometro luzeko trenbide sarea da. Adifek Gasteiz eta Bilbo arteko azpiegitura eraikitzeko ardura dauka. Gaur arte, hamahiru zatiko plataforma eraiki dute, eta beste sei eraikitzen ari dira.

Lotunea, desadostasun iturri

Oraindik ez dute erabaki AHTak nola lotuko dituen Hego Euskal Herriko hiriburuak. Jakinekoa da Espainiako Gobernuak nahiago duela Iruñea eta Gasteiz Sakanatik barrena lotuko lituzkeen aukera, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) irtengo litzatekeena baino. 

Arrazoi ekonomikoak daude atzean, ia hiru aldiz merkeagoa baita aukera hori. 2.000 milioi euroko aurrekontua du Ezkio-Itsasokoak, eta 700 milioi inguru Gasteizkoak. Gainera, Gipuzkoako loturak inpaktu handia edukiko luke ingurumenean, 22 kilometroko tunela egin beharko luketelako Aralarren.

Joan den astean, Oscar Puentek, Espainiako Garraio ministroak, esan zuen Gasteizko lotura Ezkio-Itsasokoa (Gipuzkoa) baino «onargarriagoa» dela, euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko. Gipuzkoakoak zailtasun teknikoak eta denbora arazoak izango lituzkeela azpimarratu zuen: «Ezin dugu zundaketa hidrogeologikorik egin, ez baitugu udalen eta partikularren baimenik».

Bestalde, lotuneari buruzko iritzi ezberdinak defendatu izan dituzte Arabako aldundiak eta Gipuzkoakoak. Gipuzkoako Aldundiak Ezkio-Itsasoko lotunearen alde egin du maiz, nabarmenduta Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko lotura «herri apustua» dela. Halaber, gogorarazi du Ezkio-Itsasoko geltokia eraikita dagoela ja. Arabako Foru Aldundiak, ostera, Gasteizko lotura hobetsi du.

UPNk ere hitz egin du abiadura handiko trenen loturaz. Gaur, ohar batean, adierazi du Ezkio-Itsasoren aldeko apustua egiten duela. Eskuineko alderdi horrek uste du aukera hori «azkarragoa» dela Gasteizkoa baino, Europarako irteera «zuzenagoa» delako, eta trenbidearen obrek ingurumenean inpaktu apalagoa dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.