400.000 maskara iraungi dira Iruñeko Udalaren biltegi batean

Espainiako Gobernuak eman zizkion Iruñeko Udalari, UPNko Enrique Maia alkate zela.

ENRIQUE MAIA
Enrique Maia Iruñeko alkate zen garaiko argazkia, 2020an. IÑAKI PORTO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko martxoaren 7a
16:30
Entzun

Berez COVID-19ari aurre egiteko izan behar zuten 400.000 maskara iraungi dira Iruñeko Udalaren biltegi batean, Arrotxapean. Maskarak 2022ko maiatzean iritsi ziren Iruñeko Udalera, UPNko Enrique Maia alkate zela, eta 2023ko ekainean iraungi ziren, UPNko Cristina Ibarrola alkatetzara iritsi zen hilabetean. UPNk PPrekin eta Ciudadanosekin batera gobernatu zuen Iruñeko Udala urte horietan, Navarra Suma koalizioaren izenean. Iruñeko Udala bilduta daukan osasun materialaren inbentario bat egiten ari da, eta orduan agertu dira iraungitako 400.000 maskarak, ireki gabeko kaxetan, paletetan pilatuta, Noticias de Navarra egunkariak gaur argitaratu duenez.

Maskarak Espainiako Osasun Institutuak (Ingesa) eman zizkion Iruñeko Udalari, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren bitartez. Espainiako Gobernuak osasun materiala bidaltzen zien autonomia erkidegoei eta udalei, COVID-19ari aurre egiteko oinarrizko materiala izan zezaten. Garai horretan maskara derrigorrezkoa zen osasun zentroetan eta garraiobideetan; ez, ordea, kalean edo leku itxietan, pertsona zaurgarriren bat baldin bazegoen salbu. Iraungi diren maskarak erabilgarriak ziren, beraz, leku batzuetan. 

«Ez dakigu zer gertatu den», azaldu du gaur Joseba Asiron alkateak. «Ezohiko egoera da, logika gutxikoa, eta ikusi beharko dugu zer egin daitekeen orain maskara horiekin». Gauza gutxi egin daiteke, Asironek onartu duenez: «Oraintxe bertan ezertarako balio ez duten maskarak dira». Suntsitu edo birziklatu egin beharko dituzte.

Ramon Alzorriz PSNko Antolaketa idazkariak uste du UPNk «zinismoz eta lotsa gutxirekin» jokatu duela, urteak baitaramatza Nafarroako Gobernuak COVID-19aren pandemian egin zuen kudeaketa kritikatzen. Pandemiaren urteetan Cristina Ibarrola zen UPNren bozeramailea osasun gaietan, eta harenak ziren kritikarik gogorrenak. PSNk maskaren espedientea eskatuko du. «Baita UPNk agindu duen urteetan egon diren beste kontu ilun batzuenak ere».

UPNk kontraerasora jo du: Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat sor dadila eskatuko du, pandemia garaiko materialaren erosketak eta kudeaketa argitzeko, bai Nafarroako Gobernuak eskuratutakoarena, bai Espainiako Gobernuaren bitartez iritsi zen materialarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.