40.000 euskaldun gehiago beharko lirateke Ipar Euskal Herrian 2050erako

Hiztun kopurua %30era iristeko prospekzio soziolinguistikoa aurkeztu du EEPk. Helburu horren araberako planifikazio zehatza eskatu du euskalgintzak, eta baliabideak ere bai.

EEPko arduradunak, Baionan, datu soziolinguistikoak aurkezten. GUILLAUME FAUVEAU
EEPko arduradunak, Baionan, datu soziolinguistikoak aurkezten. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko ekainaren 10a
15:29
Entzun

2050erako Ipar Euskal Herriko herritarren %30 euskaldunak izateko, 40.000 hiztun gehiago beharko lirateke. Hala adierazi du EEP Euskararen Erakunde Publikoak, euskalgintzako eragileen eta kazetarien aitzinean egin duen agerraldian. Euskara 2050eko epemugan txostena landu dute, Audap hirigintza agentziarekin elkarlanean eta Euskal Hirigune Elkargoaren partaidetzarekin. Hiztun proportzio horretara iristeko helburu kuantitatiboak ere zehaztu ditu EEPk, bai hezkuntza arloan eta baita helduen euskalduntzean ere. Maider Behotegi EEPko lehendakariak erran du datuak lantzen eta zehazten segituko dutela.

Euskalgintzak agerraldia egin zuen urrian, EEPri eskatzeko lan egin dezala 2050erako euskal hiztunak %30era heltzeko modua emanen duen hizkuntza politika publiko bat diseinatzeko. Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak abenduan adierazi zuen borondatea bazutela lan hori gauzatzeko. Euskalgintzako eragileetako ordezkariek azpimarratu dute orain arte nehoiz ez dutela dokumentu hain zehatzik izan, baina EEPri eskatu diote datu horien araberako planifikazio zehatza egiteko eta behar diren baliabideak jartzeko.

Ipar Euskal Herriko bilakaera demografikoan eta Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzetan oinarritu dira prospekzio lana egiteko. Insee estatistika institutuaren arabera, 2021ean 321.963 biztanle bizi ziren Ipar Euskal Herrian, horietarik %73,7 Lapurdi mendebaldeko itsasertzean. Adinean aitzina egina du biztanleriak, herritarren laurdenek 65 urte baino gehiago baitituzte; biztanleria zahartze prozesu batean dagoela aipatu dute. Horrek eragin handia du egungo eta etorkizuneko euskaldunen ehunekoetan. 

Lapurdin, adindun eta gazte euskaldunen proportzioak antzekoak dira —%19 inguru—; hala, adin tarteen araberako datuei erreparatuz, EEPk uste du posible dela gazteek adinekoen desagertzea orekatzea.

Datu horien arabera, Lapurdin 38.594 euskaldun ziren 2022an, herritarren %16,2 —16 urtetik gorakoak bakarrik hartu dituzte kontuan—. Adinekoen eta gazteen proportzioak antzekoak dira —%19 inguru—; hala, adin tarteen araberako datuei erreparatuz, EEPk uste du posible dela gazte euskaldunek adinekoen desagertzea orekatzea. Garai berean, 15.667 euskaldun ziren Nafarroa Beherean eta Zuberoan, %47,8. Hor haatik, adinekoak dira gehiengo zabala. Ondorioz, euskaldunen arraberritze prozesua ez da iraganen Lapurdin bezala.

2050erako aurreikusia den bilakaera demografikoari 2021eko inkesta soziolinguistikoaren datuak aplikatuta, datu hauek lortu dituzte: 51.421 euskaldun lirateke Lapurdin —egungoak baino 12.826 gehiago—, eta 14.492 Nafarroa Beherean eta Zuberoan —1175 gutxiago—. Euskaldun kopurua progresiboki emendatuta ere, proportzioa gaurko bera izanen litzateke, %21 inguru.  

Bi hipotesi

Bi garapen hipotesi landu dituzte 2050era begira: lehenengoa beteko balitz, hiztun kopurua %26ra iritsiko litzateke. 81.500 hiztun lirateke, egungoak baino 27.000 gehiago; 16-34 adin tartekoak lirateke euskaldunen %57. Bigarren hipotesian, %30en langa jarri dute helburu gisa. Hori betez gero 94.000 euskaldun izanen liratekeela uste dute, egun baino 40.000 gehiago: 16-34 adin tartekoak %61 lirateke kasu horretan. Beste bi adierazle landu dituzte datu horiek ateratzeko: helduen euskalduntzearen joerak eta euskarazko irakaskuntzarenak. 

Hiru aldagai hartu dituzte kontuan irakaskuntzaren arloan: ama eskola euskarazko irakaskuntzan hasten dutenen ehunekoa, kolegioko hirugarrenera arte jarraitzen dutenen tasa, eta B2 maila lortzen eta atxikitzen dutenen hirugarreneko ikasleen tasa. 2050erako hiztun kopurua %30era iristeko hipotesia betetzekotan, ama eskolan euskarazko irakaskuntza hasten dutenak %55 izan beharko lukete 2029an, eta %70 2037an. Jarraipen tasak %60koa izan beharko luke 2028an, hogei urte beranduago %80ra heltzeko. Azkenik, kolegioa bukatu eta bi urtera B2 mailara helduak diren ikasleek %22 izan beharko lukete 2030ean, eta %57 2050ean. 

(ID_17180366476745) Garapen perspektibak EEP
Hezkuntzako garapen perspektibak, hiru adierazleen arabera. EEP

Helduen irakaskuntzari dagokionez, 20 eta 49 urte bitarteko belaunaldietan ezarri dute arreta. Egun, adin tarte horretako 150 herritar euskalduntzen dira batez beste urtero. %30eko hipotesia gauzatzeko, lau urteroko emendatze progresibo bat aurreikusi dute: 2034-2038 epealdirako urtero euskalduntzen direnen batez besteko kopurua 705era igo beharko litzateke; 2046-2050 epealdirako urtero 1.352 euskaldun berri lortu beharko lirateke helduen euskalduntzearen bidez. 

Hizkuntza politika

Hipotesi horiek gauzatzeko, helburuen heineko anbizioa duen hizkuntza politika bat beharko da. Behotegik erran du landu dituzten datuak zehaztu nahi dituztela, araberan hizkuntza politikaren ekintza finkatzeko. Azken hogei urteetan EEPk egindakoa laudatu du, eta erran «beharrezkoa» izan dela, baina «ez nahikoa». «Orain artekoarekin jarraitu behar dugu, baina indar handiagoa eginez. Baliabiderik gabe ez gara urrunago joaten ahalko», deitoratu du. Izan ere, EEPren aurrekontua emendatzeko negoziatzen segitzen dute erakundea osatzen duten lau partaideek. Frantziako Estatuak erantzutea espero dute, baina baliteke Frantziako Asanblearako hauteskundeak aitzinatu izanak egoera zailtzea. Ekain bukaeran dute biltzar nagusia eragileen diru laguntzak onartzeko, eta udazkenean eginen dute hurrengoa. Espero dute partaide bakoitzak bere ekarpena emendatzeko ados jartzea ordurako. 

Hitza hartu duten euskalgintzako ordezkariek iritzi diote EEPren azterketa lan tresna egokia dela, baina kezkak ere adierazi dituzte. Izan ere, helburuak finkatzen ditu azterketak, baina ez ditu zehazten horiek lortzeko ezarri beharko liratekeen berehalako ekintzak, hala nola zenbat gela elebidun, zenbat murgiltze, zenbat euskaltegi beharko liratekeen. Plangintza hori egiteko eskatu diote EEPri. Landu dituzten hipotesiak hizkuntza politikak ustez izanen duen eraginean oinarritzen dira; ohartarazi dute egoerak okerrera egiteko arriskua badela neurriak berehala hartu ezean. 

Egun duten arazoa agerian ezarri du Behotegik: blokeo bat dago Frantziako Estatuarekin. «Badakigu irakaskuntzan zer egin behar den: eskaintza orokortu, murgiltzea garatu, jarraipena segitu; helburua da ikasleek B2 maila lortzea. Baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak dio egungoarekin aski dela. Akordio politiko bat behar dugu, eta oraingoz ez dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.