40.000 euroren kalte ordainak galdegin dizkiete Marieneko lau auzipetuei

Ostia kolektiboko lau militante dira auzipetuak, eta Bouygues agentziaren egoitzan Marieneko hirigintza xedearen maketaren gainera lurra botatzeagatik eraman dituzte auzitara. Promotoreak lehen instantzian baino 20.000 euro gehiago galdegin ditu honakoan.

Marieneko hirigintza proiektuaren maketa gainera lurra bota zutenekoa, 2022ko abenduan. GUILLAUME FAUVEAU
Marieneko hirigintza proiektuaren maketa gainera lurra bota zutenekoa, 2022ko abenduan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko martxoaren 14a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo aztertu zuten afera Paueko dei auzitegian (Okzitania): Bouygues promotoreak 44.000 euroren kalte ordainak galdegin dizkie Ostia kolektiboko lau militanteri, enpresak Angelun (Lapurdi) duen egoitzan lurra bota zutelako Marieneko (Kanbo, Lapurdi) hirigintza xedearen maketaren gainera. Lehen instantzian baino 20.000 euro gehiago galdegin dizkiete orain. Maiatzaren 15ean jakinaraziko dute azkeneko erabakia.

Ostia kolektiboko militanteak dira lau auzipetuak: Dominika Dagerre, Jeanine Beirie, Jakes Bortairu eta Filipe Lazkarai. 2022ko abenduaren 17an ekintza sinboliko hura egin zutenetakoak dira. Iazko maiatzean iragan zen auziaren harira, auzitegiak 500 euroko isuna ezarri zion militante bakoitzari, gibelapenarekin; horrekin batean, Bouygues agentziari 5.954 euroren kalte ordainak pagatzera kondenatu zituen. Haatik, 24.732 euro galdeginak baitzituen hatsarrean, ezarritako isuna ez zitzaion nahikoa iruditu promotoreari, eta dei egin zion auziaren deliberoari.

Kanboko oposizioko hautetsien Nahi Dugun Herria taldea ari da hamar urte hauetan hirigintza egitasmo horren kontra, Kanbo sartzean diren Marieneko laborantza lurrak salbatu nahiz. Geroztik, Lurzaindia, CADE ingurumen elkartea eta Ostia kolektiboa lotu zaizkio egitasmoari buru egiteko. Christian Deveze Kanboko auzapezaren gehiengoak bide eman die Bouyguesen eraikuntza galdeei.

Bigarren auzia

Iazko apirilean, beste ekintza bat egin zuten militanteek: Kanboko kontseiluan aurrekontua bozkatzekoa zutela, ehun bat laborari eta herritar kontseilu gelara sartu ziren, Marieneko laborantza lurren auzia salatzeko. Christian Deveze auzapezak kontseilu bilkura gelditu zuen, eta, kanpora ateratzean, jendarme, manifestari eta hautetsien arteko bultzada mugimenduan, lurrera erori zen.

Bost hilabete geroago, iazko urrian, hiru militante atxilotu zituzten zerikusia zutelakoan ekintza horretan gertatutakoekin. Aurtengo otsailean iragan behar zuen auziak, baina irailera gibelatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.