Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa da Higa, Gasteizko Udalaren eta Higa elkartearen arteko elkarlanaren emaitza, eta bosgarren aldiz egingo dute aurten: udaran izango da, uztailaren 14tik 18ra. Ohikoa den eran, Gasteizen izango da. Hil honen 10ean amaitu da Euskal Herritik kanpoko partaideentzat izena emateko epea, eta, orain antolatzaileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, parte hartzeko 400 eskaera baino gehiago jaso dituzte. Nabarmentzeko lorpena dela adierazi dute: «Historikoa izango da». 190 hizkuntza gutxitu baino gehiagotatik heldu zaizkie eskabideak.
«Hauek dira Higaren historiako zenbakirik handienak, eta hunkituta gaude hizkuntzen biziberritzerako bide hau hazarazteaz», nabarmendu dute. Hautaketa egin beharko dute orain eskari guztien artean. «Eta otsaileko lehen astean hautagai guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute hautaketaren emaitzen berri izanez», azaldu dute.
Higa! 2025 izena jarri diote aurtengo topaketari. Antolatzaileek ja aurreratua dute lurralde urrunetako eskariak jaso dituztela: Afrikatik, Indiatik, Pakistandik... Inoiz Higan izan gabeko hizkuntza komunitateak izango direla ere jakinarazi dute. Esan dutenez, friulera hiztunak, esate baterako, lehenengo aldiz etorriko dira, eta eskari ugari izan dituzte Balkanetatik ere. Antolatzaileek gogoratu dute Euskal Herriko gazteen parte hartzeak ere berebiziko garrantzia duela, eta izena emateko deia egin diete gazte euskaltzaleei.