2013ko maiatz eta ekainean Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo hiltzea leporatuta, 40 urteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak Juan Carlos Aguilarrentzat. Gaur hasiko da haren aurkako epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Bi emakumeak hil izana aitortu zuen akusatuak atxilotu zutenean, eta ez du bertsioa aldatu bi urteotan. Ondorioz, basakeriaz jardun zuen ala ez ebaztea giltzarri izango da zigorra zehazteko: Aguilarrek ukatu egin du hala jokatu zuela, baina frogek kontrako bidean joko dute.
Otuyari eraso zionean atzeman zuten Aguilar, 2013ko ekainaren 2an: Bilboko erdigunean, Zen4 gimnasioko jabe zen, eta hara sartu zuen indarrez emakumea. Akusazioaren arabera, goizaldean atxiki zuen andrea, eta hamabi orduz jipoitu; Otuya ihes egiten saiatu zenean entzun zituzten haren oihuak bizilagunek, eta Ertzaintzari deitu zioten. Poliziak gimnasiora sartu zirenean, konorterik gabe aurkitu zuten biktima, eskuak eta oinak lotuta zituela, eta lepo inguruan soka bat zuela; alboan zegoen Aguilar. «Eraso basatia» jasan zuela adierazi zuten ertzainek. Biktimak hiru egun egin zituen koman, oso larri, baina azkenean hil egin zen.
Atxilotuta zegoela, aurreko astean beste andre bat hil izana aitortu zuen Aguilarrek. Ertzainek gorpuzkiak topatu zituzten gimnasioan, baita haren etxean ere. Emakume batenak zirela egiaztatu zuten azterketek: Jenny Rebollorenak. Maiatzaren 25ean hil zuela uste du fiskalak, gimnasioan hura ere.
40 urte zituen Rebollok; Kolonbian jaioa zen, baina Bilbon bizi zen, eta bi ume zituen. Ada Otuyak, berriz, 29 urte zituen; jatorriz Nigeriakoa zen, baina Gasteizen bizi zen, eta tarteka Bilbora joaten zen. Ertzaintzak hasieratik heldu zion hipotesi bati: bi biktimak prostituzio lanetan ibili izan ziren, eta horregatik eraso zien Aguilarrek. Bat egin dute akusazioek: «Biktimak tentuz aukeratu zituen: emakume zaurgarriak bilatu zituen, bazterketa egoeran, sare sozial txikiekin...».
Ildo horretan, epaiketaren atarian ohar bat argitaratu du Askabidek, Bizkaian prostitutekin lan egiten duen elkarteak: «Hilketek agerian utzi zuten prostituzioan dihardutenen babesgabetasuna, indarkeriaren dimentsio guztien aurrean —eraso fisiko eta sexualak, irainak, mehatxuak...— bereziki zaurgarria baita kolektibo hori. Zoritxarrez, indarkeria egoera gehienek isilarazita segitzen dute egun».
Ezohiko krudelkeria
2013ko ekainetik kartzelan da Aguilar. 47 urte zituen atxilotu zutenean. Ertzaintzak jakinarazi zuen ez zeukala jarduera bortitzekin lotutako aurrekaririk. Gizon ezaguna zen Bilbon arte borrokak egiten zituztenen artean. Hortik etorri zaio ezizena ere: shaolin faltsua deitu diote, Txinako Shaolin monasterio budistan ustez lortua zuen maisu izendapena faltsua zela jakin zenetik.
Edonola ere, fiskalak eta akusazioek adierazi dute arte borroken ezagutzaz baliatu zela Aguilar emakumeak atxikitzeko, eta beren buruak defenda zitzaten saihesteko. Eta nabarmendu dute ezohiko indarkeria eta krudelkeria erabili zuela biktimekin. Otuyaren hilketaren inguruko informazioaren bidez argudiatu dute hori: «Min handia eraginez hiltzea zen haren asmoa». Krimenak «planeatu» egin zituela erantsi dute, eta emakumeak «mendean hartuz» gozatzen zuela. Hala ere, basakeriaren astungarria ukatu du akusatuak.
Epaiketaren luzera, dudan
Zinpeko epaimahaia aukeratzeko prozesuarekin abiatuko da gaur epaiketa, 09:30ean. Aguilarrek gaur bertan deklaratzea espero dute. Aitorpena berresten badu, hau da, bi emakumeak azpikeriaz hil zituela onartzen badu, laburragoa izango da epaiketa, soilik basakeriaz jardun al zen aztertzera bideratuko litzatekeelako: hiru asteren ordez, astebete soilik iraun dezake.
Astungarri horren araberakoa izango da, halaber, espetxean egingo dituen urte kopurua: legediaren arabera, gehienez 30 urte bete ditzake basakeria frogatzen badute, eta 25 urte halakorik izan ez zela ebazten badute. Edonola ere, zigor eskaera handiagoak egingo dituzte. Hilketa bakoitzagatik 20 urteko espetxealdia galdegingo du Fiskaltzak; 45 urtera arteko eskaerak egingo dituzte, berriz, akusazioek: Clara Campoamor elkarteak eta biktimen familiek. 286.000 eta 385.000 euro arteko kalte-ordainak ere galdegingo dituzte.
Azken urteetan indarkeria matxistarekin lotutako epaiketa mediatikoena izango da Aguilarren aurkakoa: ehun hedabidek baino gehiagok emango dute auziaren berri egunotan. Hilketak gertatu zirenean ere komunikabide ugariren arreta bereganatu zuen kasuak, mugimendu feministaren kritikak eragiteraino: Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak salatu zuen hedabide batzuek «horikeriaren eremura» eraman zutela auzia, «indarkeria matxistaren dimentsio osoa» azaldu ordez.
40 urteko zigor eskaera
Gaur hasiko dira Juan Carlos Aguilar epaitzen, 2013an Ada Otuya eta Jenny Rebollo hiltzea leporatuta.Basakeriaz jardun izana ukatu du akusatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu