Euskal Herriko natura eta bioaniztasun txoko garrantzitsuenetako bat da Urdaibai. Bizkaiko kostaldearen erdialdean dago, eta Oka ibaia itsasoratzen da estuario horretan. Ibai motza da Oka; gutxi gorabehera hamabi kilometro luze da, eta Gernikatik aurrera estuario forma du. Bihurgune handiek hondartza handiak sortzen dituzte, eta, marearen arabera, padurak sortzen dira. Urdaibairen muina da estuarioa, eta 220 kilometro koadro inguruko eremu bat hartzen du. Haren berezitasunek ingurune bikain bihurtzen dute landare eta animalia espezie askorentzat. Gaur 40 urte bete dira Urdaibaik Unescoren biosfera erreserba izendatzea lortu zuela.
Jakina da Urdaibaik duen garrantzia, Euskal Herrian txoko gutxi baitaude horrenbesteko biodibertsitaterekin. Inguru oparo horrek, baina, ez ditu erakartzen soilik hegazti migratzaileak: inbertitzaile askok ere begiz joa izan zuten, turistentzat oso erakargarria den inguru bat baita. Gaur egun, adibidez, Euskal Herriko inguru turistikoenetako bat da, eta bertako herri askotan izugarri handitzen da biztanleria udan, arazo handiak sortuz; esaterako, edateko uraren horniduran.
Egoera, hala ere, latzagoa izan zitekeen gaur egun, 1960ko hamarkadaren amaieran hainbat hirigintza proiektu handi baitzeuden Oka ibaia bideratu eta turismorako azpiegitura mordoa eraikitzeko. Marti Serra Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile mallorcarrak Urdaibairako diktadura frankistaren amaieran zeuden hiri garapen proiektuak ikertu ditu, baita horiei aurre egiteko sortutako mugimenduak eta haien bilakaera ere.
Haren ustez, 1960ko hamarkadan goia jo zuen eskualdeko industriak, eta nekazaritza gain behera zihoan. Egoera hartan, hainbat bizitoki eraikin handi egin zituzten, eta bazeuden ere hirigintza proiektu handi integral batzuk. Hala, oraindik diktadura frankistan, 1960ko hamarkadaren amaieran, Bizkaiko Foru Aldundiak Mundakako Ibaiaren Aprobetxamendu Plana onartu zuen, Oka ibaiaren ibilgua lehortu eta moldatzeko eta hondartza berriak sortzeko, ur kirolentzat espazio bat egiteko, etxebizitza dorre handiak eraikitzeko...
Finean, proiektu guztiz txikitzaile bat zen, zeinak asko aldatuko zuen Urdaibai, eta, beraz, ez zen izango gaur egun ezagutzen dugun modukoa. Haserrea sortu zuen horrek herritarrengan, eta proiektuen aurkako mugimendua piztu egin zen. Goiz hasi ziren horren aurka mugitzen, 1969an, eta, Serrak ondorioztatu duen moduan, hasieran gutxi antolatutako erantzun bat zen, eta atzean kontzientzia ekologista handirik ere ez zuen: «Lehen, oposizio mugimendu horiek kontserbazionismotik eta ekologismotik oso urrun zegoen diskurtso bat zuten».
Mugimenduaren garapena
Serraren ikerketaren arabera, arrisku sentsazioa faktore garrantzitsua izan zen Urdaibaiko garapen proiektuen aurkako mugimendu hori zabaltzeko, baina, haren ustez, beharren eta «marko kontzeptualen» definizioa ahalbidetu zuen gizartearen saretzea izan zen gakoa mugimendu ekologista eta gatazka ekosoziala sortzeko orduan. Hala, uste du oso ezberdinak zirela 1969an sortu ziren diskurtsoak eta 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrerakoak; ondorioztatu du bigarren etapa horretan sortu zela benetako kontzientzia ekologista bat. Hala, 1980ko hamarkadan iritsi zen puntu gorenera Busturialdeko kontzientzia ekologista.
Hasieran, 1969an, eskualdearen garapen proiektuei aurre egiteko motiboak, ingurumenari loturikoak baino gehiago, politikoak ziren: hala nola klase auziak eta diktadura frankistaren kontrako borroka. Urte batzuk geroago, garapen proiektuek ingurumenean eragingo zuten kaltea eta ingurunea degradatzeko arriskua lehen lerroan jarri zuten bi elkartek: Zain Dezagun Busturialdeak eta Gernikako Ekologi Lan Taldeak.
Garapen proiektu horien aurkakotasuna saretuz joan zen eskualdean, bi erakunde horien lanaren ondorioz batez ere, eta, azkenean, 1983an, eskualdeko plan orokorra aldatu zuten Mundaka Ibaiaren Babeserako Planera moldatzeko, eta, hala, hirigintza asmo handi horiek guztiz zapuztu ziren. Hala ere, hurrengo hilabeteetan beste proiektu batzuk ere aurkeztu zituzten, piraguismo pista olinpiko bat edo 1 Formulako pista bat, esaterako.
Gizartearen mugimendu horri EHUko hainbat irakasle eta ikertzaile ere batu zitzaien, eta biosfera erreserba izendatzea eskatu ahal izateko txostenak egin zituzten. Akademikoen lanaz gain, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Zerbitzuaren buruak ere bat egin zuen eskaerarekin. Ibone Ametzaga EHUren Unesco katedrako zuzendariak ere uste du garapen proiektu handien aurka egin zuten gizarte mugimenduei esker lortu zuela Urdaibaik Unescoren izendapena.
Orduan bertan, Serrak ikerketan azaldu moduan, ezberdintasunak izan ziren EAJren barruan: Lakuak Urdaibai biosfera erreserba izendatzea bultzatu zuelako, baina alderdiko tokiko agintariak —eskualdeko udal gehienetako alkateak eta Bizkaiko EAJ batez ere—, aldiz, eskualdearen garapen handiago baten aldekoagoak ziren, «kapital industrialaren interes batzuk ordezkatzen zituztelako». Azkenean, baina, aurrera egin zuen biosfera erreserbak, eta enpresarien eta promotoreen asmo handi gehienak bertan behera geratu ziren.
Izendapenaren inplikazioak
Unescok biosfera erreserba izendatzea urrats garrantzitsua bada ere bioaniztasuna babesteko garaian, izendapenak ez ditu babeserako neurriak biltzen. Berez aitortza bat da, eta inguruan lan egiteko bidea irekitzen du. Ametzagak azaldu du biosfera erreserben programaren helburua dela pertsonen eta naturaren arteko elkarlan iraunkor eta jasangarri bat bermatzea, «zientzian oinarrituta».
«Naturarekiko harreman on bat egon dela dio izendapenak, eta horrek biodibertsitatea mantentzea lagundu duela»
IBONE AMETZAGAEHUko Unesco katedrako ikertzailea eta koordinatzailea
Biosfera erreserba izendatzea, hain zuzen, aurrez naturaren eta giza jardueren arteko oreka bat egon dela esateko modu bat da: «Naturarekiko harreman on bat egon dela dio izendapenak, eta horrek biodibertsitatea mantentzea lagundu duela. Azkenean, Urdaibairen paisaiari deitu ohi zaio paisaia kulturala; gizakiaren eraginez sortutako paisaiak dira horiek, baina iraunkorrak eta biodibertsitatea sustatu dutenak, kudeaketa on bati esker».
Esan duenez, gainera, lagungarria da beste eskualde eta herrialde batzuetarako ereduak sortzeko, erreferentea baita, eta erreserban bertan ere babeserako eta ikerketarako neurriak onartzeko oinarriak jartzen ditu. Hala, gaur egun ezarriak ditu kontserbazio eremu berezi batzuk: esaterako, padurak eta artadiak. Eta badaude ere horrenbesteko babesik ez duten eremuak: basoak, adibidez. Ametzagak uste du hori aurrerapen bat dela, eta gehitu du horretan sakondu beharko litzatekeela: «Klima larrialdi betean gauden honetan, Urdaibaik arro osoko kudeaketa bat behar du. Badakigu, adibidez, ur hornidura arazoak dituztela bertan, eta basogintza eredua ere aldatu beharko litzateke, ur horniduraren arazoan duen eraginagatik».