Torturaren aurkako adierazpen bat onartu du Iruñeko Udalak, 40 urteko etenaren ostean

Mina erreparatzeko bidean haren dimentsio publikoa funtsezkoa dela aldarrikatu dute Metxe Gonzalez eta Mikel Soto Torturatuen Sareko kideek. UPN abstenitu egin da, eta udal gobernuak eta PSNk babestu dute sareak aurkeztutako mozioa.

Iruñeko udalbatzarra. Presidentetza Batzordeko hamabi zinegotziak eta haiei begira, jarlekuan, Mikel Soto eta Metxe Gonzalez.
Iruñeko udalbatzarra. Presidentetza Batzordeko hamabi zinegotziak eta haiei begira, jarlekuan, Mikel Soto eta Metxe Gonzalez. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko ekainaren 18a
14:10
Entzun

Metxe Gonzalez 1983an atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak Iruñean. Bizi izandako amesgaiztoa salatu zuen epaitegian, eta 1984an salaketa udalbatzarrera eraman zuen Herri Batasunak. Garai hartako udal taldeek aho batez onartu zuten tortura kasu haren aurkako adierazpena. 40 urte geroago, Gonzalez berriro udaletxe barruan izan da bere istorioa kontatzen, Mikel Soto Torturatuen Sareko kideak lagunduta. Elkarbizitzarako bidean «urrats handi bat» egin dela uste dute. Lau hamarkadaren ondoren, Iruñeko Udalak torturaren aurkako testu bat onartu du berriro: EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurkeztutako mozioa babestu du PSNk, eta UPN abstenitu egin da. PP bakarrik geratu da ezezkoan. 

Mozioaren eztabaida amaituta, batzordeak aurrera jarraitu du, baina Gonzalez eta Soto korridorera atera dira. Urduri zeuden biak, trago txarra izan ohi baita haientzat berriro bizitakoari buruz hitz egitea; baina aldi berean oso hunkituta zeuden. Malkoak atera zaizkio Gonzalezi eta elkar besarkatu dute, pozaren pozez, mozioa aurrera atera delako. Biak zoriontzera atera dira Zaloa Basabe eta Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotziak —Joseba Asiron alkateak ere agurtu ditu—. Orduan batzordeko atea ireki da, eta biei mintzatu zaie Maria Caballero UPNko zinegotzia eta ETAk hildako Tomas Caballeroren alaba: «Nik sinesten dizuet». 

Ez da arlo pribatuan geratu den keinu huts bat izan. Batzorde barruan, Caballerok onartu du «arrazoizko zalantzak» dituztela tortura kasu batzuekin; baina gaineratu du hori ez dela eztabaida nagusia eta UPNk «tinko» defenditzen dituela giza eskubide guztiak. Ondorioz, UPN abstenitu egin da. 

Nafarroan, tortura jasan duten pertsonak izan diren 99 udalerrietan mozio bera bultzatu du Torturatuen Sareak, eta oraingoz udalen %85etan aurrera atera du. Horietako bat da hiriburua. Iruñean daude kasu gehien, 264 erregistratu baititu Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketak. Horregatik, udaleko batzordera eraman dute gaia udal gobernuko hiru indarrek —EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—. 

MOZIOA

  1. Udalak elkartasuna eta aitortza agertzen die torturaren biktimei, bereziki udalerri horretako bizilagunei.

  2. Udalak konpromisoa agertzen du egiaren ezagutzan eta kasuen erreparazioan laguntzeko. Gainera, eskuin muturreko taldeen eta polizien indarkeriaren biktimen legeari balioa ematen zaio [azken esaldia PSNk aurkeztutako zuzenketa da]. 

  3. Espainiako eta Nafarroako gobernuei eskatzen die torturaren praktika saihesteko eta behar den guztia egin dezatela debekatzeko.

  4. Udalak mozioaren berri ematen die bi gobernuei. 

Eguneko bigarren puntua izan da eztabaidatutakoa. Zinegotziak alde batera utzita, udalbatzarreko aretoa hutsik zegoen. Egurrezko jarlekuan eseri dira Gonzalez eta Soto. Aurrez aurre zituzten Presidentetzako 11 zinegotziak, Endika Alonso buru zutela. «Epaitua sentitzen nintzen», aitortu du gerora, artega, Gonzalezek. Agertokiaren solemnitateak, hautetsien eta gonbidatuen arteko toki fisikoak eta eserlekuaren itxurak berak epaitegi baten tankera hartu du, baina irudipena besterik ez da izan. Errespetua izan da nagusi.

«Min itzela eragiten digu»

Torturatu zutenetik 41 urte pasatu badira ere, antzeman zaio Gonzalezi oso zail egin zaiola han egotea: «Gaiaz hitz egiten dugun bakoitzean min itzela eragiten digu, eta, horregatik, kosta egiten zaigu. Egun amaiezin haietan polizia etxeetan eta kuarteletan pasatu genuena berriro bizitzen dugu. Biluztu gintuzten, esku artean erabili gintuzten, eta bortxatu; psikologikoki eta fisikoki birrindu gintuzten».

Mikel Soto duela hogei urte torturatu zuten, eta bere kasuaren zertzelada soil bezain lazgarri batzuk baino ez ditu eman. «Atxilotu eta 72 ordura ospitaleratu ninduten. 11 egun eman nituen ospitalean, eta bederatzi egun inkomunikatuta. Amaituta, epailearen aurretik pasatu nintzen, herrenka, ezpaina ebakita, begian isuria nuela eta gorputza ubelduta. Zinegotzi bat hiltzea leporatu zidaten. Bi urte geroago errugabetu ninduten», gogorarazi du, eta errematea jo: «Inork ez du zalantzarik zerk eramaten duen inor egin ez duen hilketa baten egile dela aitortzera».

«Gaiaz hitz egiten dugun bakoitzean min itzela eragiten digu, eta horregatik kostatzen zaigu. Egun amaiezin haietan pasa genuena berriro bizitzen dugu».

METXE GONZALEZ Torturatuen Sareko kidea

Airean egon da, baina, euren mina publiko egiteak pizten duen susmo lausoa. «Espero dugu ez dela egongo tentaldirik gaia arinkeriaz jorratzeko edo ukatzeko», esan die Sotok hautetsiei, eta gaineratu: «Oso zaila da azaltzea torturatu batentzat zer den entzutea ez dela hainbesterako, ez dagoela salatutakoaren frogarik, zerbait egingo zuela...». Argi utzi du torturatu bakoitzak bizi izandakoa «konponezina» dela, baina erreparaziorako ezinbestekoa dela traumarik berriro ez errepikatzea eta torturaren aitortzari dimentsio publikoa ematea. 

Eskaera bakar bat egin die taldeei: tortura irmo gaitzestea. «Badakigu bestela bakoitzak bere ikuspegia duela».

Eztabaida taldeen artean

Geroa Baiko Koldo Martinezek gogora ekarri du Nafarroako senatari autonomiko zela, 2020ko martxoaren 3an, torturaren gaiaz galdetu ziola Fernando Grande Marlaska Barne ministroari, eta hark erantzun ziola gaia ezin zitekeela arinkeriaz jorratu. Segurtasun indarrek eta sistema judizialak torturaren aurkako konpromisoa zutela gaineratu zion. Martinezek bizpahiru aldiz itaundu zuen, Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak ere aterata. Haren ustez, Marlaskak «izkin» egin nahi izan dio torturaren auziari. Horren aldean, 2015etik Nafarroako Gobernuak hartutako bidea goraipatu du.

PSNko Eloy del Pozok ihardetsi dio Nafarroako Gobernua «Espainiakoarekin elkarlanean» aritzen dela. Mozioko bigarren puntuan, zuzenketa bat erantsi dio 2019ko motibazio politikoko biktimen legeari balioa emateko.

UPNk, berriz, giza eskubideen urraketa oro gaitzetsi du, eta, horregatik, beste zuzenketa bat proposatu du ETAk eragindako tortura ere deitoratzeko. EH Bilduko Garbiñe Buenok erantzun dio ez dela gai hori ukitzeko garaia. «Denok jabetzen gara torturatu egin dela hemen. Ez dugu errudunik bilatu nahi. Tortura aitortzea nahi genuke, besterik ez, aurrera egin ahal izateko eta, ahal den neurrian, pertsona horiei erreparazioa emateko». 

«Ukazioaren zirrikituak apurtuta daude. Gero eta zailagoa da esatea tortura ez zela existitu. Errealitate ukaezin bat da».

MIKEL SOTO Torturatuen Sareko kidea

«Noiz da garai ona EH Bildurentzat?», itaundu du Caballerok. Haren irudiko, torturari buruz soilik hitz egin nahi izan dute, baina ETAren jazarpena ere «sistematikoa» izan zen. «Torturatu edo ez, hura salatzeko agindua ere ematen zuen ETAk. Eta nik sinisten diet —Sotori eta Gonzalezi zuzenduz begirada—, eta uste dut erreparaziorako eskubidea dutela; baina zuek guri ez diguzue inoiz ezer eman. ETAren indarkeria jasan dugunoi ogi apurrak ematen dizkiguzue». 

PPko Carlos Garcia Adanerok esan du giza eskubideen urraketa ororen aurka dagoela, eta aipatu du poliziek egindako gehiegikeriak epaitegietan ebatzi behar direla.

Kanpoan, elkarretaratzea 

Udaletxe plazan, Torturatuen Sareak bozgorailu bat jarri du, eta eztabaidaren nondik norakoak entzun dituzte ehunka lagunek. Guztia amaituta, Soto eta Gonzalez kalera irten dira, eta Udaletxe plazan bildutakoek txaloka hartu dituzte. «Badauzkagu aukerak egoerari aurre egiteko. Ukazioaren zirrikituak apurtuta daude. Gero eta zailagoa da esatea tortura ez zela existitu. Errealitate ukaezin bat da, eta aukerak ematen dizkigu aurrera egiteko», esan du Sotok.

(ID_13991816) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-06-18, Gasteiz. Torturatuen Sarearen kontzentrazioa Udaletxe Plazan, Lehendakaritza Batzo...
Mikel Soto eta Metxe Gonzalez, eztabaidatik aterata. Txaloka hartu dituzte. IDOIA ZABALETA / FOKU.
    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.