38 eurodiputatuk espetxe politika aldatzeko eskatu diete Sanchezi eta Sassoliri

Esan diete eri dauden presoak askatzea oinarri humanitarioen arabera aztertzeko. Basque Frienship Group eraberritua aurkeztu dute

Basque Friendship Group taldeak emandako prentsaurrekoa, atzo, Bruselan. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Euskal Herriko egoeraz arduratuta gauden Europako Parlamentuko diputatu gisa, euskal presoek oraindik jasaten dutensalbuespenezko egoera nabarmendu nahi dugu». Horrela hasten da Europako Parlamentuko 38 diputatuk Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteari igorritako eskutitza. Azaldu dute gaur egun 205 euskal presok betetzen dutela zigorra Espainiako espetxeetan, eta horietako gehienak (184) etxetik 250 eta 1.100 kilometro arteko distantziara daudela. Horien familiei ere erreparatu diete: «Egoera horrek presoen senideak zigortzen ditu, eta behar bezalako gizarteratzea eragozten».

Gogorarazi dute Europako Parlamentuak 2017ko urriaren 5ean espetxeetako sistemaren eta baldintzen inguruan onartutako ebazpena; honela dio: «Estatu kide batzuek aplikatutako sakabanaketa politika gaitzesten da, presoen familientzako zigor gehigarria baita; etxetik urrun atxilotutako preso guztiak hurbiltzeko neurriak har daitezela eskatzen du».

Ildo horretatik, espetxe politika aldatzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela iruditzen zaie, Euskal Herrian «bidezko bake iraunkorra» lortzeko. Bide horretan, Europako Parlamentuak 2006ko urrian hartutako ebazpena azpimarratu dute. Bertan, Europako erakundeei «parte hartze aktiboa» eskatzen zaie «Euskal Autonomia Erkidegoko konponbide prozesua sustatzeko eta laguntzeko».

Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten hemeretzi presoengan ere jarri dute arreta: «Espainiako Gobernuak egungo legea betearazi behar du, eta beraien askatasuna oinarri humanitarioen arabera aztertu».

Eskaera horiek guztiek euskal gizartearen, alderdi politikoen, sindikatuen, gizarte zibilaren eta Eusko Jaurlaritzaren babes zabala daukatela ziurtatu dute eurodiputatuek, eta hori argi geratu zela urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan egindako manifestazioetan. «Milaka herritarrek euskal presoen aurkako sakabanaketa politika amaitzeko eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu zuten».

Eskutitza sinatu dutenen artean daude Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Korsikako, Irlandako, Esloveniako, Italiako, Alemaniako, Galesko, Portugalgo, Flandriako, Zipreko, Txekiar Errepublikako, Finlandiako, Greziako, Danimarkako eta Letoniako hainbat parlamentari. Tartean daude Carles Puigdemont eta Antoni Comin Kataluniako europarlamentariak ere.

Gatazka konpondu gabe

Basque Friendship Group (BFG) taldeari babesa eman diote eskutitza sinatu duten 38 eurodiputatuetatik 21ek. Esan dute taldea sortu zenetik Euskal Herriko egoera aldatu egin dela, eta gatazka konpontzeko garapena «oso positiboa» izan dela. «ETAren erabakia azpimarratu nahi dugu, 2018ko maiatzaren 3an Euskal Herrian bakea lortzeko funtsezko eta ezinbesteko urrats gisa», gaineratu dute. Aldi berean, ziurtatu dute euskal gatazka dela, mota bereko gatazkak kontuan hartuta, Europako Batasunean oraindik ere konpondu gabe dagoen bakarra. «Europako Batasuneko erakundeek prozesu hori babes dezakete, eta babestu behar dute», azpimarratu dute. Hala ere, salatu dute EBk oraindik ez duela konponbide prozesua «sustatu, lagundu edo erraztu».

Hori dela eta, nabarmendu dute BFGk lanean jarraituko duela: «Oraindik arrazoi eta motibazio berberak ditu bere lanarekin jarraitzeko. Euskal Herrian bidezko bake iraunkorra eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa dugu».

Atzo aurkeztu zuten 2019ko maiatzeko hauteskundeen ondoren berreraikitako BFG taldea. Europako Parlamentuko bost talde parlamentariotakoSD, Berdeak/EAL, GUE /NGL, ECR eta inskribatu gabeak 21 kidek osatzen dute, eta esan dute horrek «indarra eta aniztasuna» ematen diela lana «modu eraginkorrean» egiteko. «Legegintzaldi honetan ere euskal presoen egoera aztertuko dugu, gai hori oraindik konpondu gabe baitago», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.