Agirreren kargu hartzearen antzerkia

36ra itzultzeko bidean

74 urte atzera egiten saiatuko dira urriaren 7an Gernikako Juntetxean. Agirre lehendakariak karguaren zina egin eta lehen Eusko Jaurlaritza sortu zen ekitaldia errepikatzen. Azken entsegua egin dute

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Gernika
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ia 36a izan zen atzo Gernikan; Gernikako Juntetxean; Juntetxeko gune batzuetan, tarteka. 1936ra atzera egiteko entseguak egiten aritu ziren aktore, herritar, musikari, kantari, gidoilari eta beste. Datorren urriaren 7an 1936ko urrira itzultzeko entseguak egiten. Historia berpizten ikasten.

Egun berezia izan zen duela 74 urteko egun hura Gernikan, Euskal Herrian, historian. Orduan eratu zen lehen Eusko Jaurlaritza. Goizean Bilbon lehendakaria aukeratzeko hauteskundeak egin ondoren, arratsaldean, Gernikako Juntetxean karguaren zina egin zuen lehen lehendakariak, Jose Antonio Agirre lehendakariak, «arrapaladan», gerra garai erdian.

50 urte dira lehen lehendakaria zendu zela, eta urteurrena gogoratu eta Euskal Herriko pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoari gorazarre egiteko, Sabino Arana fundazioak beren beregi sortutako taldea, AL50, ekimen sorta oparoa egiten ari da urte osoan. Baina bereziena urriaren 7koa izango da. Lehen Jaurlaritza osatu eta lehen lehendakariak karguaren zina egin zuen ekitaldia errepikatuko dute, urteetan salto eginda. Ahalik eta berdinen berritu nahi dute gertaera, eta hilabeteak dira prestaketa lanak hasi zirela. Azken txanpan sartuta, atzo egin zuten proba saio orokorra.

«Ikuskizuna» izango dela seguru dago Gontzal Mendibil zuzendaria. «36an gertatu zen ekitaldi bera» errepikatu nahi duela dio, baina «zentzu estetikoa» ere eman nahi diola. Trazzoa, janzkera, bereziki zaindu ditu hargatik. Gertaera errepikatu nahi du, baina baita giroa ere.

Gainera, historiaren pasarte hori gordea gera dadin, ETBk ekitaldia grabatuko du, eta harekin dokumental bat egin nahi dute antolatzaileek. Xehetasun guztiak bereziki zaintzeko ahaleginetan dabiltza hargatik; agintarien, morroien, ertzainen, mikeleteen, gudarien zein argazkilarien jantzien xehetasunei erreparatzen.

Hiru agertoki

Antzezpena Juntetxeko hiru gunetan egingo da: Juntetxekobatzar gela nagusian, Gernikako Arbolaren aurrean eta lorategietan. 36ko gobernukideak sartuko dira lehenik batzar etxera, kontsulekin, orduko mahai presidentzialarekin, alkate eta herritarrekin. Pertsonaia bakoitza zein den eta zertan ari den behar bezala uler dadin, narratzaile bat arituko da gertatutakoa kontatzen. Hori izango da errepikapenetik kanpoko «fikzio» gutxietako bat. Bufoia izango da beste bat, eta trobadore lanetan arituko dena bestea, Niko Etxart. Hortik aurrera, seriotasuna eta kopia izango dira nagusi. Mahai presidentziala Juntetxera sartu, gobernadorearen idazkariak hauteskundeetako emaitzen aktak irakurri, eta ondoren joango da protokoloa Agirre lehendakariaren bila, lorategietara. Han, armen aurkezpena egingo diote gudariek, puntan labana eta guzti duten orduko benetako fusilekin. Gero egingo du karguaren zina Agirrek, arbola aurrean.

Protagonista nagusia Agirre izango da. Agirreri bizia emango dion Agirre. Hain zuzen, Ramon Agirre aktoreak beteko du lehendakariaren rola; lehendakariaren beraren ilobak.

Antzekotasunak gehiago fintzeko lanean aritu ziren beste batzuk atzoko proba saioan; gudari rolean arituko direnak, esaterako. «Bik bakarrik egin dute soldaduska!», azaldu zuten barrez antolatzaileek, antzezle arituko diren herritarrek armei heltzen edo beso eta hankak modu koordinatuan mugitzen asmatzen ez zutela ikustean. Paparra nola atera behar duten azaltzen aritu zen komandantea; agindu bakoitzak zer esan nahi duen eta begirada gorantz nola izan behar duten azaltzen. «Gogoratu lehendakaria aurretik pasatzean ez diozuela begiratu behar!».

Entsegua izan zen atzokoa. 2010eko urriaren 7an denboraren makinan sartu, eta 1936ko urriaren 7an esnatzea lortzeko ametsaren entsegua.



Noiz, non, nork

Urriaren 7an. 1936an Jose Antonio Agirre lehendakariak karguaren zina egin eta lehen Eusko Jaurlaritza osatu zuen egun, ordu eta leku berean izango da antzezpena: urriaren 7an, 16:30ean, Gernikako Juntetxean.

60 antzezle eta figurante. Ekitaldia garai hartan girotu eta errealismoz betetzeko, 60 antzezle eta figurante arituko dira.

Agirre, lehendakaria. Ramon Agirre aktoreak beteko du lehendakariaren rola; hain justu, lehendakariaren beraren ilobak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.